2022.10.18
Jakinarazi dute zer musika taldek joko duten 27. Hatortxu Rock jaialdian. Hamazazpi izanen dira guztira, eta berritasun asko dira horien artean. Izan ere, horietako bederatzik estreinakoz hartuko dute parte euskal presoen aldeko festibalean; horien artean dira euskal talde hauek: Bulego, Merina Gris, Odolkiak Ordainetan, Brigade Loco eta Ødei.
Beste hiru euskal talde batzuk igoko dira oholtza gainera: Nøgen, Skakeitan eta Afu. Gainontzean, La Furia, Angelus Apatrida, Segismundo Toxicomano eta Raimundo el Canastero ariko dira lehen aldiz, eta Mafalda, El Trono de Judas, Soziedad Alkoholika, Tremenda Jauria, eta DJ Plan B taldeek errepikatuko dute jaialdian.
Lehendik ere iragarri zutenez, abenduaren 17an izanen da jaialdia, Atarrabian (Nafarroa). Orain dela 23 urte abiatu zuten elkartasun jaialdia. Datorren abenduko kartela zabaldu ez ezik, Hatortxu Rocken asmoak ere ekarri dituzte gogora antolatzaileek: «Euskal preso politiko eta haien senideek pairatzen zuten dispertsio salatzea eta horrek dakartzan gastu ekonomikoak arintzea dira helburuak». Nabarmendu dute, beste behin, dispertsioak «odolustea» dakarrela presoen hurbilekoentzat.