Musika

badok

2016.03.29

badok

Norte Apacheri gutuna

norte apache agur

Norte Apache taldekoak eta lagunak, ostiralean azken kontzertua eman ostean.

Bilbo, 2016/03/28

DJ Kanaki, Donovan Sestao, Rayco (eta K-Jauna) agurgarriak,

Izugarri gozatu nuen pasa den ostiralean, zuen azkenengo kontzertuarekin. Gazte Danbadako karpa erraldoi horretako eszenatokian nengoela mikroa eskuan, kolaborazioan abesteko prest, pelikula batean bezala pasatu zitzaizkidan azkenengo 10 urteak segundo bakar batean.

Gogoratzen dituzue rapan hasi ginen garai horiek? 2005ean ikasleak ginen danok, praka zabalak janzten genituen, eta gurasoen etxea genuen (zabalik). Ordea, gaur egun, praka estuak janzten ditugu, langileak gara, eta etxe kutre baten alokairua hilero ordaindu behar dugu (estu). “Euskadin rapak ez du dirurik emango”. Hertzainak konfunditu omen ziren.

Rayco, zuzenekoan rapeatzen zenuen bitartean, zure ilean fijatu nintzen: lehenengo ile zuriak atera zaizkizu! Gogoratu nuen ere 121 Krew-ko Endika Lahaine anaia, beste kolaboratzaileetako bat, orain dela gutxi izan dela aita. Orduantxe, nire buruari galdetu nion: Gure gaztetasunak ihes egin ote du? Ez al gara konturatu? Eta, agerpen bat bezala, justu momentu horretan, Periko Solabarria ikusi nuen. Hain zuzen, bere aurpegia irudikatzen zuen pankarta erraldoi bat. Nerabezaroaren erdian, baina 85 urterekin, hil zen Periko, Norte Apacheren eta euskal raparen fan amorratua. Eta orduan, ulertu nuen esaldi hura: “gazteak garenean, ikasten dugu, eta helduak garenean, ulertzen dugu”.

Termodinamikaren lehenengo legeak esaten digunez, energia ezin da hil, ezin da sortu, bakarrik transformatu egiten da. Nahiz eta zuen mikrofonoa itzali, euskarazko raparen diskoak biraka eta biraka jarraituko du. Zelako poza ematen didan 16 urteko neska barakaldar hori, zuei esker, euskaraz rapeatzen entzuteak. Zelako poza emango didan zurekin batera, Rayco, EUSKARA RAP ikusentzunezko dokumentala kozuzentzeak. Ekipo: lehenengo pertsonan kontatu behar dugu hiria/euskara/hip hop-a batu ziren aro hau, norbaitek hirugarren pertsonan (eta copyright-arekin) kontatu baino lehen.

Eskerrik asko mundu justuago batengatik borrokatzeagatik. Eskerrik asko esaldiak eta scratchak arma bezala erabiltzeagatik. Eskerrik asko “Lortuko dugu” edo “Hazi berriak” bezalako temazoengatik. Eskerrik asko SGAEko mafiari euro bat ez emateagatik. Eskerrik asko eman duzuen kontzertu bakoitzagatik, kontzertuetara heltzeko egindako kilometro bakoitzagatik, eta kontzertu horietan euskaraz botatako hitz bakoitzagatik.

Zuen letra batekin agurtuko zaituztet, lagunak:

“Non? Esan: non galdu genituen? Oraindik ez dago dena eginda… Eskaera-eskaintza, eta amets egiteko gogoak, ez dira gauza berdina”.

Agur eta ohore Norte Apache,

Maisha MC

ETIKETAK:121 KrewGazte DanbadaMaisha MCNorte Apache