Musika

Iñigo Astiz

2018.03.22

Iñigo Astiz

Nork bere itzalari ihes egitea

Road movie batean murgilduta balego bezala, Imanol Ubeda musikariak iragana segika sentitzen du. Bide Ertzean taldekoek 2016. urtean erabaki zuten atseden mugagabea hartzea, eta kasik orduan bertan hasi zen Ubeda hurrengo proiektua izango zuenerako kantak sortzen. Bi urte eman ditu geroztik Karlos Aranzegi bateria jotzailearekin abestiak egiten, eta Don Inorrez ezizenarekin aurkeztu du orain bakarkako ibilbideko lehen diskoa: Mugiro bila. Lizarbakar zigilua sortu dute, disko beren kasa argitaratzeko, eta guztira hamar pop abesti bildu dituzte. Ubedak onartu duenez, beren itzalari ihes egin nahian dabiltza kantu horietan: «Saiatu ginen hasieratik Bide Ertzeanetik nola edo hala aldentzen, batez ere musikalki, eta gero konturatu ginen nik, bereziki, ahalmen handirik ez dudala egiten dudan musikaz apartekorik egiteko. Badago intentzio hori, beste zerbait egiteko asmoa, baina ez dakit iritsi garen; baina beste zerbait egin nahi genuen, estilistikoki eta estetikoki».

Imanol_Ubeda_musikaria,_Don_Inorrez_proiektuaren_lehen_diskoa_aurkezten_MUGIRO_BILA

Imanol Ubedak 2016ean jarri zuen martxan Don Inorrez proiektua. (Monika del Valle / Argazki Press)

Ubedak berak egin du proiektu berriaren erretratu musikala: «Abesti batzuk oso melodikoak izan daitezke, jarrera gogorxeago batekin eta soinu zikin batekin, eta, halere, disko argitsua dela iruditzen zait». Melodien zaletasunari eusten diote, kanta zuzenak sortzeari, eta, oraingo honetan ere, zainduak dira abestien hitzak. Hala eta guztiz ere, hitzak orain arte kaleratu izan dituztenak baino zirikatzaileagoak dira, eta soinua ere zikinagoa da ; horregatik, abestiek dirty pop kutsu bat ere har dezakete zenbait pasartetan, musikarien arabera.

Paco Loco musika ekoizlea izan da aldaketa horren giltzarrietako bat. Besteak beste, Nacho Vegas, Enrique Bunbury, Bombones, Australian Blonde eta Mikel Erentxun musikarientzako aritu izan da lanean, eta, horregatik, haren izena ezaguna da indie eszenan. Ubeda eta Aranzegi estilo aldaketa gose zirenez, hasieratik izan zuten argi harengana joko zutela: «Intuizioz».

Ekoizleak Cadizko El Puerto De Santa Maria herrian (Espainia) du estudioa, eta Don Inorrezek hantxe grabatu eta nahasi du diskoa. Horregatik, Ubedak Locoren lana nabarmendu du: «Gu ideia batzuekin joan ginen, baina soinuari buruzko erabaki argiegirik gabe; beraz, guk eman diogu neurria, baina berak egin du jantzia».

Ekoizlea taldekide
Grabazio egunetan, ekoizlea taldearen parte ere bihurtu zen. Ubedak eta Aranzegik beren ibilbidean aurrenekoz egin dute lan estudioko musikariekin, eta, horregatik, Paco Loco bera eta Jacob Reguillon baxu jotzailea ere taldekide modura agertzen dira diskoaren liburuxkan. «Lauron artean ondu ditugu abestiak», azaldu du Ubedak. «Aurretik, ez genuen egin inolako entsegurik. Estudioan elkarrekin jotzen hasi ginen, oso modu atseginean, oso modu onean, eta konturatzerako diskoa grabatuta genuen». Hiru txandatan egin dituzte grabazioak eta nahasketak, eta Muni Camon eta Pablo Errea ere izan dituzte lagun, koruekin. Zuzenekoetan berriz, Ruben Caballerok (gitarra) eta Lutxo Neirak (baxua) osatuko dute taldea Ubeda eta Aranzegirekin batera.

Hitzetan ere bada aldaketarik. Bide Ertzeanekin landutako ildoa baino ironikoagoa da Don Inorrez taldearen lehen diskokoa, eta, Ubedak zehaztu duenez, oraingo honetan Jone Gorostarzu idazlearen poema bat izan da horretarako gakoa.

2012an argitaratu zuen Gorostarzuk Des-egiten liburua; handik hartu zuen Ubedak Bere txisteak olerkia, eta testu horrekin sortu zuten proiektu berriaren lehen kanta: abesti horrek ezarriko zien tonua ondorengoei. «Badu kutsu ironiko bat, eta, abesti hori egindakoan ikusi nuen giroa hori izan zitekeela, akaso letrei dagokienez: zirikatzailea, bihurria edo gaiztakeria ukitu bat duena».

Ubedak berak idatzi ditu diskoko sei abestiren hitzak, baina besteetan idazleen testuak ere erabili ditu. Esate baterako, Xabi Bordak idatziak dira Gaur euripean” abestiaren hitzak, Kristoren gonbidapena” Angel Gonzalez espainiarrak idatzi eta Gerardo Markuletak euskaratua da, eta Pello Lizarraldek propio idatzia da E Jauna” kantuko letra.

Ironiaz gainera, kritika puntu bat ere badute Ubedak idatzitako Nekropolian” eta Garai postmodernoan” abestiek. Halere, zehaztu duenez, letra horiek ere «zirikatzeko gogoz» idatzita daude.

2010ean kaleratu zuen Bide Ertzean taldeak Don Inorrez izeneko diskoa, eta hortik hartu du Ubedak talde berriaren izena. Literaturari hartutakoa da diskoaren titulua, ordea. Ubedak Patxi Larrion idazlearen Feriatzaileak liburuan irakurri zuen «mugiro» hitza lehenengoz, eta, zehaztu duenez, oraingoz ez da inongo hiztegitan ageri. «Kalean dagoen giroa islatzen du hitzak. Gaztelerazko movida hitzaren zentzua izan dezake». Eta, hain justu ere, talde berria mugiro gose sentitzen delako eraman dute ideia titulura. «Disko honek asko du bilaketatatik ere. Hori izan da gure buruhausterik handiena: nola berrasmatu, aurrekoen oso-oso antzekoa izan ez dadin».

Diskoa taldearen webgunean salgai jarri dute jadanik, musikaze.net/doninorrez orrialdean, hain zuzen ere. Diskoarekin batera, erosleek Iban Zalduak taldearentzako idatzitako ipuin bat ere jasoko dute.

DATOZEN KONTZERTUAK

  • apirilak 12: Bilboko Kafe Antzokia (Kutxa Beltza)
  • apirilak 14: Donostiako Dabadaba aretoa
ETIKETAK:Angel GonzalezBide ErtzeanDon InorrezGerardo MarkuletaIban ZalduaImanol UbedaJacob ReguillonJone GorostarzuKarlos AranzegiMuni CamonPablo ErreaPaco LocoPatxi LarrionPello Lizarralde