2023.03.31
2015etik Donostiako Guardetxean egin izan duten Nokodek jaialdiak Hendaiako Borderline Fabrika izango du aterpe larunbat honetan. Musikaren eta irudiaren festibala da, esperimentazioa ardatz duen mostra bat izateko asmoa duena. Aurten inteligentzia artifizialari erreparatuko diote, Lander Garro Borderlineko kideak azaldu duenez: «Denon ahotan dago, eta luze gabe iraultza eragingo duen gaia da; horregatik jarri nahi izan dio Nokodekek bista honi».
Arratsaldeko bostetan ekingo diote, Oier Guillan idazleak emango duen idazketa tailerrarekin. Garrok azaldu ditu nondik norakoak: «Inteligentzia artifizialak testuen bidez argazkiak egiten ditu, eta aplikazio horietan emaitza zorrotzagoak izateko gakoak emango ditu Guillanek. Hitz gakoez eta bidezidor konkretuez mintzatuko da, zer aukera dagoen azaltzeko».
Horrek bide emango dio Myriam RZMri, tailerrean landutako irudiak mugimenduan jartzeko. Performancea egingo baitu 20:30ean. Bere gorputzean detektoreen erakoak jarrita lan egiten duela aipatu du Garrok, abangoardiako musika sortuz.
Kontzertu eta musika jartzaileek itxiko dute gaua. 21:30etatik hasita, Lumi taldeko kide Nahia Zubeldia eta Manu Matthysek Nokodekerako sortu duten ikuskizuna egingo dute, Nagore Legarreta argazkilariaren kolaborazioarekin.
Irudien ilusionismoa, baina, ez da atzoko kontua, eta Borderline Fabrikan ikusi ahalko da «nondik datorren, prekarioa izanagatik», Garrok azaldu duenez. Itziar Garaluze eta Lander Varonaren Motoscopio instalazioa egongo baita ikusgai. Mugimenduaren ilusioa sortzen duen aparatua dela esan du Garrok: «Zinema iritsi zen gero, ordea, eta honen eboluzioak zaharkitua utzi zuen. Eszena oso txikiak ikusteko balio du, zaldi baten jauzia, pertsona baten erorketa edo musu bat». Bueltak eman behar zaizkio martxa har dezan.