2022.09.01
Atharratzeko (Zuberoa) bestek luzaroan gogoratuko den kartel bikoitza aurkeztu zuten udako larunbata gau bero honetan. Telonero ilustreak izan dituzten kontzertu mordoa ezagutu dugu gure herriko hainbat areto eta festatan, baina Su Ta Gar eta Niko Etxart (Hapa-Hapa bandarekin gainera) batera ikustea luxuzkoa izan zela esan beharrik ez dago. Adinean aldea dago noski, baina bai batzuk zein besteak, bakoitza bere esparruan, punta-puntako estatusa lortu zuten duela hamarkada asko, eta biek ere onenak izaten jarraitzen dute: rock and roll, blues-rock eta hard-rockean altzürukutarrak, eta heavy metal/thrash metalean eibartarrek. Bien elkartzea, kolaboraziorik egin ez bazuten ere, guztiz lehergarria suertatu zen, eta hala bizitu zuen bertaratutako jende andanak.
Niko Etxart eta Hapa-Hapa zuzenean ikustea esperientzia gozagarria da. Ohiko janzkerarekin (botak, galtza gorriak, txalekoa…) eta soinean Eskean Kristö-ren kamiseta zeramala, Nikok bakarrik hasi zuen emanaldia, azkenaldian bere errepertorioan ikusgarri egin den “Arranoak bortüetan” zaharrarekin. Lehen kantutik animoak jaso zituen Nikok, eta laster igo ziren musikariak, Kiki Graciet eta bere harmonika buru zutela, “Itxaro/Joseba” jostagarriari ekiteko, baita akaso diskoan baino bultzada elektrikoagoarekin egin ere. Makineria guztiz martxan jarri zen ondorengo kantu mitikoarekin, Has’ dantzan diskoan lehen murgiltzea “Holzarte blues” hipnotikoarekin egin baitzuten. Musikarien kalitatea begi bistan gelditu zen kantu konplexu honen zirrikituak betetzerakoan. Blues psikodeliko bat dela esango genuke, eta akaso jazz-rock estiloari ere muzin egiten ez diona.
Olatu horretatik jaitsi gabe, berriz ere Gili-gilikatzen haüt diskoan barneratu ziren “Blues dei urdina” bortitzagoarekin. Blues-rockaz ari gara, noski, blues kementsu eta zitalaz. Ez dira falta hemen gitarra solo motzak, Kikiren ahoko soinuaren sorginkeriak, eta errepika ahaztezina: “mikrofono hau sutan nahi nuke ezarri”. Hurrengo piezarako Nikok esan zuen “ea kapable giren Xiberuan euskaraz ulertzeko”, eta “E.H. Euskaraz” basatiari ekin zioten. Rock bortitz eta ahaltsu honekin begi-bistako erreakzioa lortu zuen, eta aldaketak aldaketa, taldearen botereaz ohartu ginen.
Izan ere, beste kontzertu bat zuela eta, Dominic Earl gitarra joleak ezin izan baitzuen gau honetan etorri, eta haren partez Julien Labatek jo zuen. Nonbait lehenagotik ere Hapa-Haparekin kontzertu bat edo beste eginak zituen, horietatik azkena 2014ean. Trevor ez da jada baxu jolea, eta bere lekua Thomas Saezek hartu zuen duela denbora bat. Pierre Hartmannek taldea utzi zuenetik atabal jolea Cedric Ilhardoi dugu. Xabi Etxeberri biolin jolea aldiz, (Anarirekin ere ibiltzen dena) ez genuen oholtza gainean ikusi egun honetan, nahiz eta taldearen parte dela esan dezakegun.
Goraldia aprobetxatuz, “Baga, biga, klik!”-en dinamita lehertu zuten, nahiz eta ohi bezala hasiera leun batekin ekin, Mikel Laboaren bertsiotik gertuago alegia, ondoren bere karga guztiarekin ekiteko. Erritmoa jaisteko ordua iritsi zen jarraian, hiru kantuko set lasai eta limurtzailearekin. XVI. mendeko “Müsde urrutia” zoragarria kantatu zigun Nikok, bakarrik eta gitarrarekin lagunduz; ondoren, Kikirekin “So bat” balada sentibera eta “Jaun baruak” (Benito Lertxundik grabatu zuen bera baina ukitu ezberdin batekin).
Berriz rock and roll olatura igota, “Xahakoa” animalekoarekin borobildu zuten kontzertua. 2009an zendutako Mixu abeslariari eskaini zion kantua. Sustraia taldeko partaide karismatiko eta mitikoa, iparraldean biziki maitatua da eta hutsune handia utzi zuen zendu zenean. Gero, “Euskadi jator goxo eta puta hontan” boteretsuari ekin zioten. Ohi bezala, Nikok hitz batzuk esateko aprobetxatu zuen, eta batez ere Unai Parot eta Jakes Esnal presoak gogoratu zituen. Hitz hauen ondoren, lehen aipatu kantua sartu zen bere gordintasun guztiarekin, eta gaueko arrakastatsuenetakoa izan zen.
Duela zortzi urte zendutako Johnny Winter bluesmana gogorarazi zigun, eta “Rock & Roll Hoochie Koo” mitikoa eskaini zigun, hain maisuki… Hapa-Hapa horrelako kantuetan espezialista dela esan beharrik ez dago, eta sortzen duten giroa eta izpiritua aipagarriak badira ere, teknika aldetik bereziki abilak dira kantu honetan. The Whoren “Substitute” ere ez da falta azken aldian egiten dituzten kontzertuetan.
Ikusgarria izan zen emanaldi guztian jendearen parte-hartzea, 60 urtetik gorako rock and roll dantza zaleetatik hasi eta 12 urteko ume kantarietaraino, eta momentuoro Nikori maitasuna adierazten zion ikuslego zabaleraino. “Eperra” horren erakusgarri gorenetakoa izan zen, eta bere magia guztiarekin lortu zuen elkar hartze kolektiboa hunkigarria izan zen. “Xiberua mundu guztira hedatu” izan zen Nikoren azken mezua kantua amaitzerakoan. Segidan blues akorde batzuk jo zituen gitarrarekin, eta “rock and rolla beti, ahal bada euskaraz!” oihukatu ondoren “Euskal rock and roll” gartsu eta mitikoarekin liturgia rockzalean bildu zuten ikuslegoa. Bis bakarra jo zuen, Xabier Leteren “Xalbadorren heriotzean”, berak bakarrik, edo hobeki esanda, ehunka eztarrik lagunduta, eta azken agurra eman zigun Su Ta Garri lekua egiteko. Ordu eta erdiko emanaldi bizia, anitza eta hunkigarria, eta guztiaren gainetik rock and roll erakustaldi zitala.
Ia bi ordu eta hogeita lau kantuko emanaldiarekin, Su Ta Garrek errepaso zabala eman zion bere ibilbideari, nahiz eta Sentimenak jarraituz, Itsasoz beteriko mugetan eta Bizirik gaude diskoetatik ale bakar bat ere jo gabe jarraitzen duten, eta (hau bai sorpresa) gauza bera egin zuten oraingoan estudioko azken lanarekin (Maitasunari pasioa) ere. Dena den, eta hilabete lehenago Markina-Xemeinen (Bizkaia) eman zuten kontzertu arrakastatsuarekiko (bi mila ikusle?) aldaketa zenbait egin zituzten.
Pandemiaren erruz Su Ta Gar eta beste talde asko kontzerturik eman gabe egon direla jakina da, eta agian horregatik zenbait artista edukitzen ari den arrakasta azpimarragarria da benetan. Eibartarrak ikusteko gosea nabari dugu hegoaldean zein iparraldean, eta horren ondorioz kontzertu jendetsu ugari eskaintzen ari dira. A zer uda daramaten! Gogo hori oholtza gainean zein behean nabari da, eta taldekideen ilusioa eta grina berehala jasotzen ditu zaletuak. “Diruaren esklabu” abestiarekin hasi ziren, eta lehen abisua izan zen, Jaiotze basatia lehen diskotik ia denak joko baitzituzten (hamabitik hamar). Lehen kantu hau ezagunenen artean ez dagoen arren, irekiera txukuna eta ezberdina eman zion emanaldiari, eta segidan etorritako “Etsi gabe” eta “David eta Goliath” jarraitzaile zaharrenen antsien betegarri izan ziren. Uda honetako errepertorioa berezia da, eta segur aski 90eko hamarkadatik zaletu askok sekula zuzenean entzun gabeko hainbat pieza jo zituzten.
Laukotearen taularatzea ikusgarria da, eta indartsua, oso indartsua. Egia esan, botere handia erakutsi dute beti, eta kontzertu guztietan profesionaltasun apartekoa, baina orain dirdira berezi bat darie, poztasun eta gogo izugarriz nabaritzen baitira. Segidan jo zuten “Nazka” birrintzailea aski arrakastatsua izan zen, eta hainbeste jende Atharratzen euskaraz heavy metala kantatzen ikustea pozgarria izan zen. Eta gazte jendearen parte hartzea. Lehen esan bezala, adin guztietako jendea zebilen han kantuan eta dantzan, baina lehen lerroetan jende oso gaztea zen nagusi, eta erakutsi zuten pasioa eta emozioa hunkigarriak izan ziren. “Ezer pasiorik gabe”, Su Ta Garrek kantatzen duen bezala.
Jo zituzten kanta guztiak 1999. urtea baino lehenagokoak izan ziren, bi izan ezik, horietako bat “Jainko hilen uhartean”. Kantu hau taldearen edozein klasikoren parekoa dugu, eta atzerriko edozein thrash-metal talderi inolako inbidiarik ez diona. Aitor Gorosabel eta Xabi Bastidaren gitarra zitalek zerra mekanikoek bezala mozten dituzte riff amaiezinak. Riff orain bikiak, orain gurutzatuak eta orain bikoiztuak, teknika aparta eta gantxo handikoa darie bi musikariei. Jatorrizko bi kideen lidertza eta karisma ezinbestekoak diren arren, Igor Diez gaztearen baxuak argamasa hori sostengatzeko egiten duen koltxoi lana eta bere presentzia eszenikoa aipatu gabe ezingo genuke kronika justurik egin. Momentu oro gozatzeaz gain, posea, keinuak eta Xabirekin daukan konplizitateak gatz handia ematen baitiote zuzenekoari.
Eta horrek guztiak zentzu, azpimarratze, indar eta musikaltasun zehatza izan dezan, atabalak zigortzen dituen Galder Arrillaga dugu. Maila honetako talde batean aritzea erronka bikaina da. Estilo honek badauka bere konplexutasuna, eta zehaztasunaz gain bultzada eta botere izugarria exijitzen dizkio bateria joleari. Aitor Gorosabelek gitarrarekin egiten dituen hamaika goranzko zein beheranzko bidaiak, trikimailuak, orain kolpea eto gero musua (gehienetan kolpea eta hainbatetan nota ezti zein baladistikoak), pieza denak abestu eta solorik gehienak egiten ditu, kideekin eszenografia estimulagarria osatu eta lider lanean aritzeaz gain.
“Lanik zailena” bezalako kantek nolabaiteko aldaketa ekarri zuten Su Ta Garren, Munstro hilak hirugarren diskoarekin batera. Soinua gogortzeaz gain (posible ote?, esango du baten batek) Pantera bezalako taldeen egitura edo manera batzuk bereganatu zituzten, estilo propioa galdu gabe. Batzuei asko gustatu zitzaien, beste batzuei ez hainbeste, baina onarpen handia izan zuen lana izan zen, eta kantu horiek arazorik gabe sartu zituzten errepertorioan. Homo Sapiens? diskotik izen bereko pieza jo zuten gero, indar kutsakorrarekin egiteaz gain era aski zehatzean egin gainera.
Gau osoan jo zuten piezarik berriena “Piztia” izan zen, 2011ko Ametsak pilatzen laneko kanturik gogorrena ziur aski (“Etsaien hitzak” eta “Poza ta tristura”-ren baimenarekin). Kantu honen bultzadak pieza bera ezagutzen ez zuen publikoa kutsatu zuela esango genuke. “Denak itsuak ote?”, “Lanik zailena” kantuan aipatu dugun gisako zikintasunaren transmisore dugu, eta bai hemen bai beste batzuetan Igorren koruak azpimarratu beharrean gaude, oraingo honetan gainera garraztasun puntu estra batekin egin ere, beste hainbatetan nota agudoetan zentratzen bada ere.
Lehen diskoko lau kantuko saioa izan zen, seguru aski, jendea behin betiko sutu zuena. Izan ere, lau kantuen zerrenda irakurri hutsarekin (“Zure aurrean makurtzen naiz” epikoa, “Jo ta ke” eta “Mari” ereserkiak, eta “Jaiotze basatia” instrumental barroko eta metaleroa) han sortu zen giroa irudika dezake irakurleak. Zorionez, Agur jauna gizon txuriari diskoa ez zuten baztertu, eta “Gau iluna amaitu da” (bere hasiera goxo eta ondorengo crescendoarekin), “Rotaflexa garraxika” (tonu zinez altuak dauzkana) eta “Agur jauna” ebakitzailearekin errepasu polita eman zioten, tartean “Geroaren hazi heziak” aski polita eta dena hankaz gora jarri zuen “Haika mutil” lehergarria txertatu bazituzten ere.
“Basamortuetako zalduna”-k ez zuen giroa lasaitzeko askorik lagundu, eta benetan ikusgarriak izan ziren bai exekuzioa zein musikarien indarra. Esan gabe doa “Itxaropena” balada hunkigarriak klimaxa ekarri zuela, eta “Begira”, “Gudari” (sorpresa!) eta “Arbasoen mendekua” kantuetan segida interesgarria gauzatu zutela. Berriz ere esan beharrean gaude: han sortu zen giroa ikustekoa izan zen.
Azken agurra “Zure atzetik” mitikoarekin egin zuten, emanaldia goiaren goian utziz. Badakizue: sarrera instrumentala, erritmo trabatu eta bortitza, ereserki moduko errepika… egi bihurtutako ametsa kontzertuari amaiera emateko. Bukaeran, inork joan nahi ez bazuen ere, eta gehiago joko zituztenaren esperantza genuen arren, azken agurren ondoren ez ziren berriro atera. Dena den, zaila izango zuten emanaldia gorago uztea. Segidan, etxera ia hiru orduko bidaia egin behar, baina ez zen ez damurik ez nekerik.