2014.12.25
Jerry Corral Izar & Starren antolatzaileetako bat orain urtebete pasatxo jarri zen harremanetan Txuma Murugarrenekin (Errenteria, Gipuzkoa, 1964), hari enkargu bat egiteko. Eskatu zion aukeratu zezala musikariren bat, edo diskoren bat, musikan ikur bihurtu diren taldeak edota lanak omentzea eta horiek publikoari hurbiltzea helburu duen kontzertu zikloan interpretatzeko. Izan zuen zalantzaren bat Murugarrenek. Izan zitekeen Tom Waits, agian Neil Young… Azkenean Nick Cave musikari australiarraren (1957) Nocturama 2003ko lana hautatu zuen. Hartako hamar abestiak euskarara itzulita emango ditu ostiralean, abenduak 26, Bilboko Campos antzokiko Cupula aretoan, Izar & Starren bosgarren denboraldiko azken-aurreko saioan (21:00). Murugarrenek gitarra akustikoa zein elektrikoa joko ditu, eta Rafa Aceves bere ohiko kolaboratzaileak lagunduko dio pianoarekin eta teklatuarekin.
Nocturama ez da Caveren ibilbide luze eta oparoko lan ez ezagunena eta ez laudatuenetakoa, baina badauka, Murugarrenen iritziz, alderdi bat australiarraren gainontzeko diskoetan tartean-tartean baino ez dena agertzen. «Hori da lirikotasuna. Hitzetan agertzen da haren mundu bihurgunetsu hori, baina jantzi guztiz lirikoa du, ia naifa ere izateraino». Lan horretako abesti gehienak, gainera, pianoan oinarrituta daude, eta, «praktikotasunagatik», oso argi ikusi zuen Acevesekin batera aurrera eramateko modukoak zirela.
Murugarren ez da mitomanoa, baina bai, gustatzen zaio Cavek Bad Seeds-ekoekin batera egiten duena. Haien Your Funeral… My Trial diskoa (1986) 1990eko hamarkadan deskubritu zuen. Gertatzen zaio, ordea, talde batzuk agertu bezala desagertu egiten direla bere bizitzan. Eta halako batean, kotxean entzuteko diskoen mix bat egiten ari zela, Nocturama-rekin egin zuen topo. «Bolada batean sarri entzun nuen, eta kateatu egin ninduen».
Caveren hitzak «oso paisajistikoak» iruditzen zaizkio Murugarreni. «Eta horiek dira ilunak, oso intrigazkoak, estatikoak, urdurigarriak, tentsioa, etsipen pixka bat sortzen dutenak». Nocturama-koetan oso presente dago elurra. «Bai bere kolorearengatik eta bai sortzen duen isiltasunarengatik; eta pertsonaia elbarri eta ahul horiek, elurretan galduta daudenak…».
Horiek itzultzea ez zaio zaila egin; bai, ordea, itzulitakoa ahotsaren melodian sartzea, «daukan melodiaren eta metrikaren arabera kantagarri egitea». Leloak ere «konplikatuak» gertatu zaizkio Murugarrenei. «Fideltasun bat eskatzen dute; baita fonetikoki ere». Alde horretatik, abestirik korapilatsuena “Babe, I’m on Fire” dela pentsatzen du. «Oso-oso luzea da [ia hamabost minutu irauten du], eta errimak oso presente daude; esaldiak ere, gainera, oso motzak dira…». Errimak aipatuta, kantu horretako batzuk «eginak bezalakoak» dira, «oso herrikoiak», musikariaren esanetan. «Alegia, gure ‘agur ben hur‘-en tankerakoak».
Abesti hori eta “Dead Man on My Bed” dira «burrunbatsuenak» musikalki. «Oso eskeletikoak dira, gainera. Hau da, ez daukate harmonia berezirik, nota batean oinarrituta daude, eta, orduan, oso zaila da horiek zutik mantentzea, ez baldin badituzu instrumentu asko erabiltzen —hala daude diskoan—».
Lou Reed baino zailagoa
Jonan Ordorikak hauspotutako eta orain pare bat hilabete kaleratutako Lou Reed, mila esker bertsioen diskoko abesti guztiak itzuli ditu Murugarrenek. Bi musikarien testuak euskarara ekartzeko garaian bakoitzak berea duela dio Murugarrenek, baina Cavek «zailtasun pixka bat gehiago» duela nabarmenduko luke; «errima delako gaiztoena itzulpena egiterakoan». Reeden testuak oso luzeak direla azpimarratu du.
(Berria egunkarian, 2014ko abenduaren 24an argitaratutako artikulua)