Musika

Ane Eslava

2020.08.25

Ane Eslava

Negu luzea uxatu zuen

Esperantzaz betetako hitzak, doinu bizia, ahots indartsu bat, eta bideoklip soil baina adierazgarri bat. Emaitza, arrakasta absolutua. Zea Mays Bilboko taldea gailurrera eraman zuen “Negua joan da” ta kantuak; mugarri bat izan zen haren ibilbidean, eta, hamar urte igarota ere, jarraitzen du zaleak hunkitzen eta kantuan jartzen.

2010ean kaleratu zuten kantua, Era diskoaren barruan, “Ihes”, “Era”, “Kukutza III”, “Gorputz pentsamendu huts” eta beste zazpi abestirekin batera, Bonberenea Ekintzak diskoetxearekin. Diskoa aurrekoak baino «alaiagoa eta positiboagoa» zen, Aiora Renteria taldeko abeslariaren hitzetan. Baikortasuna eskatzen zuen orduko testuinguruak, izan ere: ekonomia krisialdi sakona zegoen, eta musikari eta talde gehienentzat ere garai gogorrak ziren. Baina garairik zailenetan ere badira loratzen direnak, eta hori izan zen Errekaldeko laukotearen kasua.

Testuinguru gorabeheratsu batean agertu izanak bultzada eman zion kantuari, «esperantza» ekartzera heldu zelako: guztia bukatzen dela oroitaraztera, baita negurik luzeena ere. Hori uste du Renteriak: «Garai bizia izan zen, gauza asko gertatu ziren inguruan: ETAk geldiunea egin zuen, krisia hor zegoen… Eta esango nuke jendeak pertsonalki harrapatu zuela kantua, eta horregatik hartu zuela garrantzi hori». Halere, abestiaren hasierako esanahia «sinpleagoa» zela aitortu du: «Abestia jaio zen oso negu hotza izan zelako urte horretakoa, ez zelako bukatzen; gero beste zentzu bat hartu zuen metaforak».

2010eko urrian aurkeztu zuten abestia, eta oihartzun berezia izan zuen hasieratik: irratian entzuten zen, toki publikoetan, kontzertuetan… Baina 2011ko martxoan heldu zen mugarria, bideoklipa aurkeztu zutenean. Youtuben sareratzean oso azkar zabaldu zen, eta, egun, bost milioi ikustaldi ditu Alivemusikak igotako bideoak. Ainhoa Moiua ageri da bideoklip ezagunean, hitzak zeinu hizkuntzan interpretatzen, musikaren erritmora mugituz, abestia sentituz. Sinplea, baina zuzena.

Aiora Renteria: “Abestia jaio zen oso negu hotza izan zelako urte horretakoa, ez zelako bukatzen; gero beste zentzu bat hartu zuen metaforak”

Moiuak emozioz gogoratu du nola sortu zuten bideoklipa. Azaldu duenez, abestia entzun zuenean «liluratu» egin zuen, eta, garai hartan zeinu hizkuntza ikasten ari zenez, kantua interpretatu, DVDan grabatu eta Zea Maysen kontzertu baten ondoren taldekoei eman zien. «Ez nuen bestelakorik espero, baina egun gutxira nirekin jarri ziren kontaktuan, bideoklipa grabatzeko; izugarrizko sorpresa izan zen», adierazi du. Gerora izan duen arrakastak ezustean hartu zuela aitortu du, «emozioen urakana» izan zela, eta gaur egun ere hala dela. «Oholtzara igo eta jendearen beroa jasotzea ikaragarria da; ez dago hitzik hori azaltzeko». Renteriarentzat «pribilegio bat» da Moiua ondoan izatea: «Hasieratik izugarria iruditu zitzaigun zelan transmititzen duen; entzuten ez duen jendeak berarekin musika entzuten du, musika sentitzen eta transmititzen duelako».

Ibilbidea

Baina kantuaren boom-a iristerako, Zea Maysek bazuen ibilbide bat: hamahiru urte, bost disko eta hamaika jarraitzaile fidel. 1997an egin zituen lehen urratsak Iñaki Imaz Piti-k, Ruben Gonzalezek, Asier Basabek eta Renteriak berak osatutako taldeak. Zazpi kantu grabatu, eta Euskadi Gazteako maketa lehiaketa irabazi zuten. Sariak bultzada eman zien, eta hasi ziren kontzertuak ematen. Hurrengo urtean, lehen diskoa grabatu zuten, Gor diskoetxearekin, taldearen izena zeramana. 2000n eman zuten bigarrena, Elektrizitatea, Gorrekin hori ere, eta Mondo Sonoro aldizkariak urte hartako Euskal Herriko diskorik onentzat sailkatu zuen.

Ondoren heldu ziren Harrobian (Gaztelupeko Hotsak, 2002) eta Sortuz, grabitatearen aurka (Oihuka, 2005ean). Azken horrek arrakasta izan zuen, eta taldea hasi zen Euskal Herriko musikaren panoraman oihartzuna lortzen. Su Ta Gar, Anestesia, Split 77, Kashbad, Kokein eta gisako taldeekin partekatu zuen oholtza. 2007an, hamar urte bete zituen taldeak, eta, Morphina diskoarekin batera (Bonberenea Ekintzak), DVD bat ere osatu zuen.

Era diskoarekin ez zen amaitu taldearen ibilbidea: 2013an, Da kaleratu zuten, autoedizioz ekoitzita; eta 2016an, Harro, Garden Recordsekin. 2017an, hogeigarren urtemuga ospatzeko, ordura arteko abestirik esanguratsuenak bildu zituzten disko berezi batean, eta hiru kantu grabatu zituzten Euskadiko Orkestrarekin —tartean, “Negua joan da ta”—. Iaz kaleratu zuten azken lana, Atera, Garden Recordsekin hori ere. Aurreko diskoei baino soinu gogorragoa eman zioten azkenekoari, sintetizadorea eta sampling-a erabilita, baina taldearen estilo bereizgarria alboratu gabe.

Izan ere, Zea Maysek 23 urte daramatza agertokietatik jaitsi gabe, eta haren musikak bilakaera izan du, baina hasierako esentziari eusten dio, eta taldekideak ere hasi zireneko berdinak dira. Kantu asko sortu dituzte bidean, eta hainbatek esanahi garrantzitsua hartu dute taldekide zein zaleentzat, baina “Negua joan da ta”-k berezienetakoa izaten jarraitzen du. «Hamar urte pasatu dira, baina kantuak jarraitzen du bere bidea egiten», nabarmendu du Renteriak. Kontzertuetan ere, lehen akordeak jotzen dituztenean, jendearen emozioa sumatzen dutela ziurtatu du: «Zuzenekoetan igartzen da indar hori: batzuetan bada jendea ez dena kasurik egiten ari, baina abesti hori hasten denean gugana etortzen da».

Une konplexu batean eman zion bultzada taldeari, eta ordutik askoren poz eta tristurei lagundu die sarritan. Inoiz ez baitago lekuz kanpo gogoratzea ezein neguk ez duela betirako irauten.

ETIKETAK:Aiora RenteriaAnestesiaAsier BasabeIñaki Imaz 'Piti'KashbadKokeinRuben GonzalezSplit 77Su Ta GarZea Mays