Printzipioz, batak eta besteak ez dute ikustekorik, eta batak ez zuen ekarri bestea, baina, gaur egun, ezin uka daiteke badela elkarren arteko loturarik: Naxker musika taldearen lehenbiziko singlearen izenburuak guztiz egiten du bat taldekideek oraintxe sentitzen dutenarekin. Kantuak Ezin dut sinetsi baitauka izena, eta halakoxea baita daukaten sentipena. “Benetan, halako harrerarik ez nuen espero”, argudiatu du Ainhoa Garcia gitarrista eta abeslariak (Atarrabia, Nafarroa, 1998), ezin kabitu eta ezin sinetsita. Orain dela hilabete kaleratu dute euren lehenbiziko diskoa, Matxenia II, eta, kideen esanetan, bereziki gozagarria izaten ari zaie hura oholtzaratzea. Bihar dute hurrengo kontzertua: Ez Dago Hilda kolektiboaren jaialdian joko dute, Berriozarren (Nafarroa).
Sei kantuko EPa eman du Naxkerrek, zehazki; lau euskarazkoak dira, eta ingelesezkoak beste biak. Eta bai Garcia bai eta Aritz Martin baxu jotzailea ere (Iruñea, 1997) sinetsita daude lanak ederki balio duela taldearen “esentzia” erakusteko. Dena dela, aurkezpen karta hori eman aurretik ere taldea ezagun zen zenbait zirkuitutan: aurrez, hainbat kontzertu baitituzte emanak Euskal Herrian barna, batik bat bertsioz osatutako errepertorioak eskainiz. Orain kaleratu dute, baina, beren-berena duten aurreneko lana. Garciak eta Martinek ez ezik, beste kide hauek osatzen dute Naxker: Karmele Gurbindok (ahotsa), Nerea Arrasatek (bateria) eta Jaione Baraibarrek (teklatua).
EPa sortzeko prozesua “naturala” izan dela azaldu du Garciak, eta iradoki akaso horregatik direla kantuak aski diferenteak beren artean, “okurritu ahala” egin dituztelako. Halere, onartu du badela gailentzen den estilo bat: “Naxker alaia da bere horretan”. “Dantzagarria ere bada”, erantsi du Martinek. “Baina haserrea ere badu”, zehaztu du atzera Garciak, eta ebatzi: “Igual, hori da Naxker: haserrea goxo eta alai ere kantatu daitekeelako froga bat, orrorik gabeko halako amorru bat”.
“Irudipena dut lehenago pentsatzen zela: ‘Edo punka egiten duzu, edo ez zara politikoa’; ‘edo punka zara, edo musika mainstream-a egiten duzu’. Orain, desegin dira ideia horiek. Eta eskerrak”
AINHOA GARCIA / Naxker taldeko kidea
Halakoxea da, hain zuzen ere, Ezin dut sinetsi kantuak transmititzen duen airea. Hitzek amorrazio kutsua dute beren horretan —”Ezin dut sinetsi,/ bidean aurrera noa./ Noiz arte eramango dut arrastaka zure itzala?/ Bueltatu zara, berandu da/ hau ez da patua/ zure errua da./ Amaitu da/ atzean gelditu zara”—, baina musika poperoak, Gurbindoren kantaera alai antzak eta haren tonu ironikoak bestelako emozioak ere helarazten dizkio entzuleari. Abesti hori ekainaren hondarrean eman zuten.
Gero, bigarren single bat kaleratu zuen Naxkerrek, abuztu erdialdean, eta, azkenerako, irailean eman zituzten beste laurak. Kideen esanetan, kantak ontzeko ez dute segitu bide bat eta bakarra, ez da izan metodologia zehatzik. “Adibidez, ailega zitekeen Aritz baxu linea batekin, eta handik hilabetera Karmele hitz batzuekin. Eta probatzen genuen ea zer moduz geldituko ziren elkarrekin, eta berriz ekin, eta kendu, eta jarri; baina ez da beti izan horrela”, esplikatu du Garciak. Argitu duenez, hain zuzen ere horrelaxe sortu zuten, esaterako, Alde bi kanta, guztietan ilunena eta “arraroena”.
Interpretazio totala
Oro har, melodikotasun handiko abestiak sortu dituzte —Bidelagun eta Abbarena kantuetan oso nabarmena da hori—, eta, Martinen esanetan, batik bat teklatua da “melodia popero horien” gidari. “Betiere, ahotsez gain”, zehaztu du. Hain zuzen, Gurbindoren ahotsak Naxkerren estiloan daukan garrantzian egin du azpimarra Garciak. “Erregistro zabalekoa da, eta asko interpretatzen du”. Abesti askotan sumatzen da hori, baina, akaso, Bigoted da adibiderik garbiena. Bertan, besteak beste, Gurbindok aise erakusten du ahotsa batera eta bestera mugitzeko gaitasuna: aritzen da ahots lodiz, boz finez gero, eta kantatzen du bortitz, baina baita ezti ere. Martin: “Karmelek jolas egiten du, adarra jo ere bai”.
Josu Erbitiren estudioan (Berriobeiti, Nafarroa) grabatu zuten diskoa Naxkerrekoek, maiatzaren hasieran. Eta, hain zuzen ere, Garciak Erbitiren hitz batzuk ekarri ditu gogora taldearen izaeraren deskribapenean are gehiago sakondu nahian. “Erbitik esan zigun Naxker direla melodia alai eta itsaskorrak, eta punka. Eta, egia esan, nahiko ados nago”, kontatu du.
Halere, era berean, aitortu du pozik direla Euskal Herrian popa izaten ari den “goraldiaren” parte izateagatik, eta musika genero horren aldeko aldarria egin du segidan. Baita Martinek ere: “Esango nuke orain dela bost urte inguru jendea hasi zela popari ateak irekitzen”. Garciak errematatu egin du azalpena: “Irudipena dut lehenago pentsatzen zela: ‘Edo punka egiten duzu, edo ez zara politikoa’; ‘edo punka zara, edo musika mainstream-a egiten duzu’. Orain, desegin dira ideia horiek. Eta eskerrak”.