2019.01.25
Euria goiti-beheiti, erreka bat dator asfaltoan behera; kontrako norabidean autoa, Usurbilgo (Gipuzkoa) San Esteban ermitarako bidean gora. Higain estudio barruko beroak gozo hartu du kanpotik hotz datorrena. Mahaian, gelditu gabe ari da lanean Haritz Harregi musika teknikaria. Bi aste egin dituzte grabatzen, hirugarren hau nahasketa lanetan eta zirt edo zart egin erabakitzen joango zaie. «Lan asko ematen ari natzaio Haritzi. Belarri zorrotz esaten dit beti». Maite Larburu (Hernani, Gipuzkoa, 1979), eskuetan daukan sirenari eragin bitartean. «Grabazioan ez dut erabili, baina zuzenekoetan erabiliko dut». Sruti kutxa hartu du gero: «Hau ere, azkenean, ez dut erabili».
Erabili dituenak: xilofonoa, sansula, Eguberri azoka batean Alemanian erositako gortina, gitarra klasikoa, gitarra elektrikoa, zintzarriak… lurrean denak, zapi baten gainean. Biolina falta. Eta biolinak garrantzi berezia hartu du disko honen sorreran. «Disko honetan, Neighbor-eko Maiteren eta biolina jotzen duen Maiteren arteko fusioa gertatu da. Aurrekoetan, ezin nuen halakorik egin». Bere bitasuna —biolinista klasikoa, antzinakoa; eta Neighborreko kantugile eta gidaria— osotasun bat bihurtzea. «Biolina bat-batean sartu da mundu honetan; edo ni sartu naiz bestean». Halaxe sortu omen zitzaion “Gona” kanta, «biolinetik». Asko kostatu «baina asko maite» duen kanta horixe. Eta gehiago etorri ziren. “Extrasistolea”, “Triangeluak”, “Hori”, “Kamareren egia”, “2daia1″, “Hezurren azpian”, “Berdin bihurtu ginen”, “Ibaiaz”, “Maletadun maitalea” eta “Katekorratzarena”. «”Maletadun maitalea” eta “Katekorratzarena” kanten hitzak Harkaitz Canok idatzi ditu; “Berdin bihurtu ginen” eta “Ibaiaz”-enak, bion artean idatzi ditugu; gainerakoak, neuk».
Maite Larburuk. Neighborren teilatuperik gabe, orain artean ez bezala. «Bakarkako» lehen diskoa izango baitu Hezurren azpian hau Josh Cheathamekin batera Ura patrikan (Gaztelupeko Hotsak, 2013) eta Hau (Gaztelupeko Hotsak, 2016) ondu zituenak. «Urtebete edo gehiago egon nintzen Neighbor atsedenean utzita. Halako batean, kanta bat sortu zen, bi ere bai akaso, eta, diskoa Maite Larbururena izango zela erabaki nuenean, sei sortu zitzaizkidan bat-batean, denak batera. Inoiz ez zitzaidan halakorik gertatu. Ikara ere eman zidan hori erabakitzeak, baina askatasuna ere bai». Ez zeukan inoren zain egon beharrik kanta bat ontzeko, adosteko, bukatzeko. Hala, urtebetean kantu asko sortu zaizkio.
Egoera aldaketa
«Ez dakit lan honekin beste ziklo bat hasiko den ala ez. Denborak esango du. Neighbor ez izateak ez du esan nahi Neighbor bukatu denik, baina bai egoera aldatu egin dela. Neighborren lehen diskoa Amsterdamen bizi nintzenean sortu zen, Josh eta ni neighborrak, bizilagunak, ginela». Orduan, kolaborazioa egunerokotasun handiagoarekin bizitakoa izan ei zen, ezinbestean. Bigarren diskorako, Larburu tarteka hemen zegoenez, diskoak bere alderako norabidea hartu ote zuen, Cheathamen kolaborazioarekin. «Hirugarren hau ere Neighborren hirugarrena izatea espero nuen, baina, bigarren diskotik hona, Euskal Herria nire bizileku bihurtu da, eta horrek Joshekin kolaborazioa zaildu du, neurri batean; baina, aldi berean, neure zerbait bakarka egiteko bidea ireki dit».
Proiektu honetan ez da bakarrik aritu, hala ere. Aipatutako Canoren kolaborazioaz gain, Carlos Taroncheren klarinete baxua eta Aida Torresek eta Beñat Iturriozek astindutako gaileta kaxa, anana-poto, goilara, ingude eta bestelako perkusio tresnak lagun izan ditu. «Carlos bazegoen aurreko diskoan; oraingoan ere bai. Eta, segur aski, jende askok esango du hau Neighbor dela, eta bai, hau Neighbor da, han ere ni nintzelako kantak sortzen zituena, eta, aldaketak aldaketa, ni Neighbor naizelako». Bat bitan. Beste fusio bat. Eta beste bertigo bat ere bai: «Erabakia hartu eta Joshekin hitz egin nuenean, banituen zalantzak gai izango ote nintzen, eta oraindik ere ez dakit. Haren falta nabaritu dut. Zenbaitetan, asko. Eta, aldi berean, nahiz eta bertan jo ez, Josh asko dago disko honetan».
“Disko hau Neighborren hirugarrena izatea espero nuen, baina Euskal Herria nire bizileku bihurtu da, eta horrek Joshekin kolaborazioa zaildu du; aldi berean, neure zerbait bakarka egiteko bidea ireki dit”
Grabaketa hasi aurretik, diskoa etxean ahalik eta gehien zehazteko ahalegina egin ei du. «Hilabete egin nuen dena prestatzen». Estudiora joaterako erabaki zuen zein kantu bai, zein igual ez, eta bakoitza «mundu batekoa» iruditzen omen zitzaion. «Mosaiko bat», haren hitzetan. Mosaiko eklektikoa. «Nik ez dakit nire estiloa definitzen, eta eklektikoa naizela esaten ikasi dut. Eta uste dut hala dela, beste taldeek erabiltzen dituzten formula agian finkatuagoarekin alderatuta. Estilo aldetik ere eklektikoak dira nire lanak, jende askori lapurtzen dizkiodalako gauzak». Eta musikari klasikoa ere badelako; eta kantaeran eta musika ulertzeko eta entzuteko moduan horrek baduelako eragina.
Itzulera diskoa
Oraingoz estudio honetako paretek bakarrik entzun duten Hezurren azpian diskoan zer aurki daitekeen esplikatzen hasi denean, itzulera hitza behin baino gehiagotan aipatu du Larburuk. «Hamabost urte egin ditut Euskal Herritik kanpo bizitzen, eta, orain, Hernanin ezarrita nago. Lan hau itzulera bat ere bada». Bere biolinista lana garatzeko —dirua irabazteko— , atzerrira joan beharrean segitzen duen arren. Bidaiari izaten jarraitzen duen arren, bueltatu egin da. Eta itzuleraren ideiarekin lotuta omen darabil diskoan ibaiaren irudia ere. «Horregatik da Maite Larburu proiektu hau, horregatik dira kanta guztiak euskaraz, aurreko lanetan ez bezala. Nire bizitza hizkuntza gehiagotan ere bizi dut, beti bezala, baina Euskal Herrira itzultzeak euskarara gehiago hurbildu nau, eta Harkaitz Canorekin eta Harkaitzek nirekin kolaboratu izanak, are gehiago».
Hezurren azpian gordetzen denaren bila, betiere. «Asko interesatzen zait hezurren azpian dagoena, azaleko guztia kentzen duzunean geratzen dena, muin-muinean garena. Zientzia kuantikoa ere horretan ari da nolabait, ezta? Kuantikoa ez den zientzia ere bai. Zer dago mendi horren atzean? Eta zeruaren atzean? Eta zulo beltzen barruan?». Amsterdamen zein Hernanin bizi, «beti-beti» bere hezurren azpian dagoela dio, «eta hortxe jarraitzen dut».
Estudioko lanaren azken kondarretan dago orain, «eta nekatuta». Ezagun du begizuloetan. «Aldez aurretik pentsatu bezala joan da, orokorrean, grabazioa». Eta pozik dago. Ezagun du barre txiki nekatuan.
Neighborren biak bezala, bakarkako hau ere Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen zigilupean argitaratuko du Larburuk. Martxo hasierarako kalean egotea nahi luke. Aurkezpen eguna ere finkatua du: martxoaren 28an, Bilboko Azkuna zentroan, Loraldia jaialdiaren egitarau barruan.