Musika

Ane Eslava

2019.07.06

Ane Eslava

Musikariak Ikastetxeetan programa antolatuko dute bigarren aldiz

Iaz jarri zuten martxan Musikariak Ikastetxeetan programa Nafarroan, hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa bultzatzeko helburuarekin. 23 musikarik 88 emanaldi egin zituzten Nafarroa osoko institutuetako 4.000 ikasle baino gehiagoren aurrean. Emanaldi horietan, kontzertu txiki bat emateaz gain, sortzaileak euskal kulturaren inguruan mintzatu zitzaizkien gazteei. Egitasmoa «luxu bat» izan zela argudiatuta, Nafarroako Gobernuak berriz jarriko du martxan aurten. 41 musikari eta 191 saio izango dira bigarren aldian. Nafarroako A eta D ereduko ikastetxe guztiek izango dute eskatzeko aukera, eta hiru ikasturtez luzatu ahalko dute.

Musikariak Ikastetxeetan programaren aurkezpena

Musikariak Ikastetxeetan egitasmoaren arduradunak eta parte hartzaileetako batzuk: Jon Gurrutxaga, Zuriñe Hidalgo, Amorante, Inun, Xabi San Sebastian, Pelax eta Rafa Rueda. (Nafarroako Gobernua)

Amaitu berri den ikasturtea proba bat izan da Musikariak Ikastetxean programarentzat, eta emaitza «oso positiboa» izan da, Alberto Barandiaran Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara Saileko kidearen hitzetan. «Irakasleek eta musikariek, denek azpimarratu dute programa berritzailea dela, eta oso aberasgarria gazteentzat». Musikariek 50 minutuko saioak egin dituzte, 14 eta 18 urte bitarteko gazteekin, bi ataletan banatuta. Lehenik, sortzailea euskal kulturaren eta euskal musikaren inguruan mintzatzen zitzaien gazteei, eta kantuak sortzeko prozesua azaltzen zien. Gero, kontzertu txiki bat ematen zuen, eta amaieran galderetarako tarte bat irekitzen zuten, ikasleekin hartu-eman zuzena sortzeko.

Programan parte hartu nahi duten zentroek irailetik aurrera egin beharko dute eskaera. DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleak dituzten A eta D ereduko ikastetxeek egin ahalko dute eskaera. Hezkuntza Departamentuko Euskara Atala arduratuko da egitasmoa antolatzeaz.

Barandiaranentzat, egitasmoaren arrakastaren erakusle da heldu den ikasturtean ia bikoiztu egingo dutela eskaintza: iaz 23 musikari izan ziren, eta datorren ikasturtean, berriz, 41 izango dira. Horien artean daude Gari, Joseba Tapia, Mursego, Alex Sardui, Gorka Urbizu, La Basu, Ines Osinaga, Izaro Andres, Maite Larburu, Eñaut Elorrieta eta Mikel Urdangarin. Antolatzaileek «garrantzizkotzat» jo dute artisten artean «pluraltasuna» egotea; izen handiez gain, musikari hasiberriak eta ezezagunagoak egotea, euskal musikaren aberastasuna islatzeko. «Iaz, sorpresak egon ziren musikari horiekin», kontatu du Barandiaranek: «Adibidez, La Basuk esplikatu zuenean A ereduko ikasleen aurrean zergatik hasieran egiten zuen rapa gazteleraz, eta nola hasi zen euskaraz egiten, haientzat sorpresa bat izan zen». Hala, programa baliagarria da ikasleek bestela ezagutuko ez zituzten pertsonak eta istorioak ezagutzeko.

Irailetik aurrera martxan jarriko den programak hainbat berritasun izango ditu. Horietako bat da ikastetxeetarako materialaren sorrera. Hamar unitate didaktiko sortuko dituzte, eta alderdi digitala ere indartuko dute, irakasleek baliabideak izan ditzaten ikasgeletan euskal kulturaren transmisioa lantzeko. Horrez gain, musikariak herri eta auzo askotara joango direnez, antolatzaileak toki horietako kultur eragileekin harremanetan jarriko dira, eta honako hau proposatuko diete: eskolara joaten diren egun berean, musikariek emanaldi ireki bat egitea herrian edo auzoan.

Musikariek ere ikasten dute
Ikasleek ez ezik, artistek ere ikasten dute Musikagileak Ikastetxean egitasmoan, Barandiaranek esan duenez: «Haientzat ere oso interesgarria izan da: egin behar izan dute gogoeta beren sortze prozesuaz, eta saiotik saiora ikusi dute gero eta hobeto asmatu dutela gauzak transmititzen formatu horretan, ikasleen aurrean». Ziurtatu duenez, musikariek ere argi ikusten dute halako proiektuak «interesgarriak eta beharrezkoak» direla.

Bat dator Zuriñe Hidalgo abeslaria. Iazko programan parte hartu zuen, eta hurrengoan ere izango da. Harentzat ere garrantzitsuak dira halako proiektuak: «Esperientzia oso polita eta gertukoa izan da, baina, horrez gain, beharrezkoa da: nik institutu garaian ez nuen jaso halako bisitarik, eta niretzat izugarria izango litzateke nire erreferente baten bisita izatea».

Gazteen eta musikarien artean sortzen den hartu-eman zuzenak «aberasgarri» egiten du saioa, musikariaren irudiko. Alde horretatik, harentzat ere «ikaspen handi bat» izan dela adierazi du: «Ikusten duzu gazteek zer irudi eta aurreiritzi dituzten musikariez, askotan pentsatzen dutela beste bizimodu bat daramagula… Eta asko eskertzen da gertutasun hori». Azkenik, Hidalgok esan du «inportantea» dela emakume musikariek ere halako egitasmoetan parte hartzea: «Bagara emakume musikari asko, baina agian erreferenteak falta dira».

ETIKETAK:Alex SarduiAmoranteEñaut ElorrietaGariGorka UrbizuHezkuntzaInes OsinagaInunIzaro AndresJon GurrutxagaJoseba TapiaLa BasuMaite LarburuMikel UrdangarinMursegoMusikariak IkastetxeetanNafarroako GobernuaPelaxRafa RuedaXabi San SebastianZuriñe Hidalgo