2018.06.01
EraBatera izena du Gatibu taldeko Gaizka Salazar bateria joleak sortu berri duen proiektuak. Bere inguruan musikari ezagunak bildu ditu Salazarrek: Jurgi Ekiza (Willis Drummond), Beñat Serna (Ken Zazpi) eta Mikel Caballero (Gatibu). Laukoteak bere lehen diskoa grabatu du dagoeneko, eta datorren astelehenean “Antipodetan” aurrerapen abestia zabalduko du plataforma digitaletan. Diskoa baina, irailean argitaratuko du.
Taldeak bere web orrian azaldu duenez, “ia nahi gabe” sortu da EraBatera. “Gatibun baketak astintzen aritzeaz gain, kantu zirriborroak pilatzen joan da Gaizka Salazar azken urteotan. Etxean eta berak bakarrik landu ditu ideiak mimo handiz, biribilduz, estudio batean grabatzeko unea iritsi zela sentitu arte”. Diskoa prestatzeko aipatu musikariengana jo zuen, eta proiektura batzea proposatu. Horrela, lau musikarien ekarpenekin osatu dituzte abestiak eta Lorentzo Records eta Muxikon estudioetan grabatu dute diskoa. Irailean argitaratuko dute eta azaroan eskainiko dituzte lehen hiru kontzertuak: 8an Bilboko Kafe Antzokian, 9an Donostiako Doka aretoan eta 16an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.