2018.04.24
Aretoko besaulkietan 2 urte ere ez dituen haur batekin jolasean ari da Monica de Nut, kantari eta arratz-txiki jotzaile galiziarra; agertokiaren ertz batean, txalapartaren soinua fintzen ari dira Mikel Ugarte eta Harkaitz Martinez De San Vicente, Oreka Tx-ko kideak; haien atzean da Mixel Ducau, alboka eta gitarra afinatzen (klarinetea eta saxoa ere ez ditu urrun); haren aldamenean, Rona Wilkie biolin jotzaile eskoziarra; oholtzaren beste aldean batu dira, berriz, Gwlym Bowen Rhys gitarra eta mandolina jotzaile galestarra, Bec Applebee perkusio jotzaile eta kantari kornuallestarra, Marit Talens kantari eta perkusio jotzaile frisiarra eta Iñigo Egia perkusio jotzailea. Guztia koordinatu nahian ari da Igor Otxoa lemazaina, orkestraren gidaria. Orkestra moduko bat baita Tosta Banda; Atlantikoak bustitzen dituen hizkuntza minorizatuetako Europako musikariz eta kantariz onduriko orkestra.
Orkestra edo «kolore askotako musiken ontzia», Ducauk adierazi eta kantatu modura. Kantuan hasi da halako batean, eta hala dio kopletako batek: «Aniztasunak loratu du hizkuntzen itsasontzia». Hark dauka musikari eta kantu guztien arteko uztarketa fintzeko ardura; langintza horretan ari dira Usurbilgo Sutegi aretoan (Gipuzkoa), lau kontzertuz osaturiko birari hasiera eman aurretik. Gasteizko Printzipal antzokian (etzi), Iruñeko Gaiarre antzokian (hilaren 27an), Donostiako Kursaalen (hilaren 28an) eta Bilboko Arriagan (hilaren 29an) aurkeztuko dituzte proiektua eta iazko urtearen hondar aldera plazaraturiko diskoa, taldearen izen bera duena. Diskoaren zati handi bat, lehen zortzi kantuak, Elkarren Donostiako estudioan grabatu zituzten, eta beste lau kantu Errenteriako Atlantikaldia jaialdian (Gipuzkoa), zuzenean. «Estudioan grabaturikoak ere taldeak zuzenean jo zituen, freskotasuna harrapatu nahi genuen eta», zehaztu du Otxoak.
Tosten proiektu komuna
Egitasmoak lehenago du ernamuina, ordea. Oreka Tx-koek aspalditxo zerabilten buruan «hizkuntza minorizatuetako musikariez osaturiko orkestra moduko bat» eratzeko ideia. Bultzada eman zien Donostia 2016ren testuinguruak eta hizkuntza minorizatuak sustatzeko asmoak. «Parte hartu nahi zuenari kantu bat eta bideo bat bidaltzeko eskatu genion, eta gero aukeraketa egin genuen, Mixelen [Ducau] laguntzarekin».
Gwilym Bowen Rhys Galesko musikaria (25 urte) izan zen hautatuetako bat. Tradizio galestarreko “Bugail hafod-y-cwm” kantua proposatu zuen hark. Esperientzia «aberasgarria» egin zaio guztiz. «Hizkuntzaren egoerak batzen gaitu guztiak; hasieratik izan zen konexio handia eta hurbilekoa gure artean». Bowen Rhysek gitarra jo eta kantatu egiten du, eta hainbat proiektutan parte hartzen du gainera. Rock talde batean aritzen da, baita «folk psikodelikoa» lantzen ere, bere bi ahizparekin batera. «Baina, oraintxe, bakarkako proiektuan nabil murgilduta, folk tradiziotik edanez eta galestarrez kantatuz». Hiru milioi biztanle ditu Galesek, eta milioi erdi dira galesera arrunt samar darabiltenak. «Euskaldunekin baditugu antzekotasunak, hortaz».
Antzeko zerbait bizi du Marit Talens Frisiako musikari gazteak ere (22 urte). 450.000 lagunek hitz egiten dute frisiera; Herbehereen iparraldean, Itsaso Atlantikoarekin muga egiten du Frisiak. Talensek ez zuen espero, hasiera batean, musikari guztiek hain ondo eta hain azkar elkar ulertuko zutenik. «Konturatu naiz badugula zerbait kultura eta hizkuntza hauek guztiok lotzen gaituena».
Proiektuan parte hartzen duten kultura guztiak «noizbait elkarrekin» egon zirela uste du Monica de Nut arratz-txiki jotzaile galiziarrak: «Melodia eta erritmoetan ere bada zerbait, nahiz bakoitzak bere erara ematen dituen gero; oso interesgarria da halako proiektu bat gauzatzea musikaren merkatuan hizkuntza hegemonikoak beste batzuk diren garaiotan». De Nutek dantza garaikidea eta antzerkia ere sartzen ditu zuzeneko emanaldietan: «Emanaldiak performance moduko bat bilakatzen dira, baina oinarrian Galiziako emakume kantari eta arratz txiki jotzaileen tradizioa dago gehienetan. Ohitura antzinakoa da hori, eta gustatzen zait hortik abiatuta arakatzea eta esperimentatzea».
Tosta hitzak itsasontzietako jarlekua esan nahi du, eta Atlantikoaren ingurumariko hizkuntza bat baino gehiagotan erabiltzen da. «Tosta horietako bakoitzak dakarrena ondo eta fin ematea dagokigu orain, instrumentu bakoitza ondo txertatzea eta ahots bakarlariak eta koruak ondo ezkontzea». Hizkuntza gutxiagotuen itsasontzia bela betean da; bidaia luzea izatea nahi lukete kide guztiek.