2023.07.11
Gotzon Barandiaranek eman zion hasiera, atzo, Kanterri Euskaraz Kantatzen duen herria jardunaldiei. Bigarren aldiz ari dira egiten jardunaldiok Oiartzunen (Gipuzkoa), bertako Udalak, Ahotseneak eta Kantagiltza elkarteak martxan jarririko elkarlanari esker. Barandiaranek berak azaldu zuen moduan, Kanterriren helburua “euskarazko kantagintza bere ertz guztietatik edota ahalik eta ertz gehienetatik aztertzea da: sormenetik, musikologiatik, soziolinguistikatik…” eta guzti horrekin, besteak beste, “hezkuntza arautuan euskal kantagintza nola landu daitekeen eztabaida eta gogoeta bultzatzea”.
Jardunaldiotako lehen hizlaria, Jokin Azpiazu (Ermua, Bizkaia, 1981) EHU-ko irakasle eta ikertzaile, soziologo, kultura militante eta musikaria izan zen, eta Barandiaranek aipaturiko ertz horietatik, Euskal Herrian sorkuntza eta musika nola bizi ditugun aztertzen aritu zen Musika sorkuntza, normalizazioa eta merkatuaren esku ikusezina. Ezberdintasuna eta errepikapena deituriko saio interesgarrian. Hasieran azaldu zuen moduan, musika sormen prozesuen inguruan gordeta zituen hainbat oharretatik abiatu zen bere hitzaldia prestatzerakoan, atentzioa hiru arlo nagusitan jarriz: oinarri teorikoan, musika sortzeko baldintzetan eta musika entzuteko prozesuan.
Edukietan sartuta, bere lagun baten aipu batekin hasi zen: “Interesatzen zaiguna bazterrak nahastea da, eta ez musika”. Gaineratu zuenez, “ez dut musika produktu sakratu edo zerbait estetiko moduan aztertuko, bere beste bi dimentsio diren alderdi sozial eta politikotik baizik”. Musikaren munduan dabilenetik, musika ikuspegi horretatik begiratzen duela aitortu zuen, eta planteatu zituen hausnarketa eta bizipenetan ikusi da irakasle edo soziologoa izateaz gain, musikaria ere badela eta barrutik ezagutzen dituela musikagintza eta bere merkatua.
Gaian sakontzen hasita, hizketaldian presente egon zen honako ideia garrantzitsua azaldu zuen: “Kulturari edo kantagintzari, soilik kulturan gertatzen diren gauzek eragiten diotela pentsatzen dugu sarritan: zergatik kantatzen dugun era batera edo bestera, zergatik aldatzen diren modak musikan… Kulturaren inguruko analisiak gehiegi joan zaizkigu kulturaren baitara eta bertan saiatzen gara erantzunak bilatzen, baina askotan, kulturatik kanpo daude erantzunak; mundu material eta ekonomikoek asko eragiten dute”.
Jarraian, musikaren testuinguru eta baldintzak aztertzeari ekin zion “musika jarduerak eta musika sortzeko espazioak, eremu sozialak” direla baieztatuz. Gaineratu zuenez, “pertsonen artean sortzen diren harreman sareek asko eragiten dute, ez dago ulertzerik musikaren mundua bere baitan ematen diren harreman sozialak aztertzen ez baditugu”. Hau azaltzeko, Manchesterren (Ingalaterra), 1975-1980 urteen bitartean bertako musika eszena osatzen zuten pertsonen harreman sarea erakutsi zuen eta kuriosoa izan zen; musikari batek, zein musikari, kontzertu programatzaile edo kazetarirekin zuen harremana, non mugitzen zen… ikus baitzitekeen. Aipatu zuenez, “harreman sare dentsoek ezaugarri konkretu gehiago izaten dituzte eta aldaketa gutxi eskaintzen dituen ekosistema sarea sortzen dute (musika estilo eta gauzak egiteko modu berdintsuak…) eta aldaketak ematea zaila izaten da, aldiz, sare ez sare ez-dentsoek aniztasun gehiago izaten dute (musika estilo desberdinak…) eta errazago garatzen dituzte aldaketak”.
Entsegu lokalak
Hausnarketa honen ostean, musikaren testuinguru/azpiegiturak aztertzen hasi zen. Horietan hainbat elementu bereizi zituen. Lehena, entsegu lokalak. Azpiazuren esanetan, “sorkuntza unitate gaitasuna galdu dute; musika trukatzeko espazio sozialak dira, baina ia desagertu egin dira eta iraun duten asko, borroka sozialari esker izan dira”. Hainbat herriren adibideak eman zituen, baina seguru ia guztiok ezagutu ditugula horrelako kasuak geure herri edo inguruan. “Apustu ekonomiko sendoa egin behar da entsegu lokal bat izateko eta horregatik, askok etxean entsaiatzen dute gaur egun”. Izendatu zituen hurrengo elementuak, “grabaketa estudioak”, “diskoetxeak” eta “zuzenean jotzeko toki eta baldintzak” izan ziren. Guztietan ere joera aldaketak somatu ditu azken urteetan: “Geroz eta jende gehiagok grabatzen du etxean, baina era berean, beste batzuentzat zeinekin edo non grabatzen da garrantzitsuena; ekimen interesgarriak sortzen dira eta autoedizioak asko hazi dira; zirkuitu alternatiboan (gaztetxe, jai batzorde, kultur elkarte…) inoiz baino baldintza hobeak daude taldeentzat…”. Halaber, esanguratsua da zuzenekoak antolatzen dituzten promotoren inguruan eman zuen datua: “Sortzen duten diru guztiaren %90, enpresen %20ak irabazten du”.
Jarraian ikusezinak edo ukiezinak diren baldintzak aztertu zituen, “Interneten funtzionamenduari, komunikabideei eta algoritmoei” eskainiz arreta. Aspektu horretan, “euskarazko komunikabideak oso inportanteak eta interesgarriak izan arren, gaur egun, industria musikalak erabiltzen dituen mekanismoetatik oso urrun” daudela azaldu zuen beste zenbait ideiekin batera.
Hitzaldiaren azken blokean, merkatuak musika entzuteko ohituretan duen eragina eta tresna desberdinek musika nola moldatzen duten erreparatu zuen Azpiazuk. Horretarako, musika entzuteko erabiltzen diren hainbat plataforma aipatu zituen, gaur egun musika ez dela sortzen disko bat hasi eta buka entzuteko gaineratuz: “Klik batekin alda dezakezu abestia eta sormenean eragina du horrek. Spotifyen, abesti bat bere lehen 30 segundotan aurreratzen baduzu, abesti hori automatikoki arrakastarik ez duen abesti bat kontsideratzen da. Lehen irratirako pentsatuz idazten zena, orain Spotifyrendako egiten da”. Musika kontsumitzeko modu honekin, “diskoaren portadek ere garrantzia galdu dute, lehen atentzioa deitzeko elementu ziren, orain ez. Gainera, jende gehienak musika aurikularretan entzuteak, autotunea eta ordenagailuak bezalako tresnak erabiltzeak… eragina dute musika sortze prozesuan hasiera-hasieratik”.
Hitzaldia amaitzeko, azken puntu batzuk gehitu zituen: “Ez gabiltza kontuan hartzen ze espazio/material musikal behar ditugun kulturarekin aurrera egiteko. Ze inbertsio behar ditugu? Eta zein tresna ditugu kapitalari eta kulturaren elitizazioari aurre egiteko? Musikari eta musikazale moduan nola ari gara defendatzen gure espazio kulturala?”. Honekin batera, azken hausnarketa bat ere luzatu zuen itxiera moduan: “Musikariak kexatzen garenean ´zein gogorra den musikari bizitza´, ´ez digute merezi dugun kasua egiten´… nori buruz ari gara kexatzen? Profesionalizazioaren bueltan dabiltzan taldeek sarri publikoa kritikatzen dute, industria musikala izan ezik, beste guztiak dira errudunak eta nekatuta nago horrekin, publikoa errazegi kritikatzen da. Nik uste dut oso ondo baloratzen dela kultura hemen, jendeak ongi erantzuten duela. Asko dago hobetzeko eta irabazteko, baina benetako arazoetara joan beharko ginateke”.
Horrela eman zion amaiera Azpiazuk bere hitzaldiari. Bi ordura gutxigatik ez zen iritsi, baina bi, lau, sei eta baita ordu gehiagorako zer hausnartua utzi zuen esandakoekin. Gero izango diren hitzaldien esperoan, Kanterri jardunaldiei hasiera bikaina emateko modua inondik-inora.