Musika

Musika Bulegoa sariak banatu dituzte Gasteizen

Martxoan atera behar zuten argazkia, baina konfinamendua hasi, pandemia gaur arte luzatu, eta atzo banatu zituen azkenean Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak (EHMBE) bere sariak. 11 denera, aski izen eta aski estilo argazki plural baterako: Dupla, Pascal Gaigne, Zea Mays, Eresbil, Baloreak, Euskal Barrokensemble, Maite Larburu, Zukan Hirukotea, Niña Coyote eta Chico Tornado, Bilboko Kafe Antzokia eta Xabi Aburruzaga. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egin zuten sari banaketaren emanaldia, eta bertan izan zen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua ere.

Musika Bulegoa sariak 2020

Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egin zuten sarien banaketa ekitaldia. (Jaizki Fontaneda)

Banatutako sarietatik sei azken uztako diskoetara joan dira. Dupla taldeak Folklore lanagatik jaso zuen —epaimahaiaren hitzetan, «euskarazko musika modernoari beste buelta bat emateagatik»—, Maite Larburuk Hezurren azpian-engatik —«diskoa musika arloko urregintza lana delako»—, Zukan Hirukoteak Soinuzko begiradak. Toma 1-engatik —«gazteek interpretatzeko orduan erakusten duten maila bikainagatik»—, Xabi Aburruzagak Bost-engatik —«lan guztiak soinu perfektua du»—, eta Zea Maysek Atera-gatik —«taldeak 20 urte daramatza agertokietan, eta ez du hasierako indarrik galdu»—. Seigarren disko saritua Niña Coyote eta Chico Tornadoren AitzStar-ek eraman zuen, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik azken hori.

Diskorik ez, baina proiektu jakin batekin eskuratu du saria Euskal Barrokensemble antzinako musikako taldeak ere: Juan Sebastian Elkano, the first voyage round the world ikuskizunerako egindako lanarengatik. Eta antzeratsu Pascal Gaigne konpositore ezagun eta saritua ere: Dantza (Telmo Esnal, 2019) filmerako egindako soinu bandarengatik eman diote aitortza berri hau. «Lan monumentala da», adierazi du epaimahaiak, «musika tradizionala estetika bisual garaikidearekin uztartzen jakin du, lengoaia eguneratuarekin jantziz».

Aurtengo argazkiko gazteenak izan dira Baloreak proiektuko kideak. 8-14 urte dituzte, eta musikaren bidez balioen inguruko lanketa egiteagatik jaso dute aitortza.

Bi aitortza berezi 
EHMBE Sari Berezia eta Ohorezko aipamena ere banatu zituzten atzo. Bilboko Kafe Antzokiarentzat izan zen lehena; 25. urtemuga du aurten, eta euskal kulturaren «erreferente» eta musikarientzako bilgune izatea aitortu diote.Ohorezko saria, berriz, Eresbilentzat izan da, 1974an sortutako Musikaren Euskal Artxiboarentzat. Musikaren ondarea ikertzen, gordetzen eta hedatzen egiten duten lana goraipatu dute.

ETIKETAK:BaloreakDuplaEresbilEuskal BarrokensembleJimmy JazzKafe AntzokiaMaite LarburuMusika BulegoaMusika Bulegoa SariakNiña Coyote eta Chico TornadoPascal GaigneSariakXabi AburruzagaZea MaysZukan Hirukotea