2019.01.09
Hitzak zizelkatzen trebea zen Joxan Artze. Badute indarra hark idatzitakoek, eta are indar handiagoa hartu izan dute musikaz lagundu direnean. Idatzitako hitzena baino gehiago, haiekin sortutako doinuarena da askorentzat Artzeren lanak ekartzen duen oihartzuna. Ereserkiak dira “Txoria txori”, “Gure bazterrak” eta “Ama hil zaigu”, baina, Mikel Laboak ez ezik, beste hainbat ahotsek ere kantatu zituzten hark idatzitakoak. Hitzez harago, txalaparta hotsa ere berekin darama idazlearen izenak. Lan handia egin zuen musika tresna hori birsortu eta modernitatearekin uztartzen. Larunbatean beteko da urtea Artze hil zela, eta, urtemugaren aitzakian, haren lana gogora ekartzeko emanaldi bereziak antolatu dituzte. Izar & Star egitasmoak ziklo berezi bat egingo du, eta zenbait musikarik hartuko dute parte datozen egunetako bi emanaldietan: bihar, Bilboko Kafe Antzokian ariko dira, eta hilaren 26an, berriz, Donostiako Dabadaba aretoan.
Lau talde eta musikari ageri dira kartelean: Akauzazte, Amorante, Bas(h)oan —Beñat Axiari eta Joseba Irazoki— eta Ibon RG. Nork beretik eta nork bere erara, Artze oroituko dute 20 minutu inguruko emanaldi banatan. Izenak irakurrita, agerikoa da esperimentaziorik ez dela faltako euskal kultura abangoardiarekin lotu zuen belaunaldiko izen handi hori omentzeko. Proposamen irekia jaso zuten guztiek, eta horrelakoa izango da emango duten erantzuna ere: poemetatik abiatuko dira batzuk, eta, harengan inspiratuta, bestelako ekarpena egingo dute besteek.
Ibon Rodriguezen bakarkako proiektuak, alegia, Ibon RGk irekiko ditu bi emanaldiak. Normalean ez bezala, ez da bakarrik egongo, ordea. Egitasmoa aurkeztu ziotenean, eta parte hartuko zuten gainontzeko musikariak aipatu, «abangoardiaren kontua» bota zuen: «Txalapartarik ez da egongo?». Hasi zen bere zatia irudikatzen, eta Enrique Hurtadorengana jotzea erabaki zuen. Hurtado arte eta teknologia irakaslea da EHUren Arte Ederretako Fakultatean, eta txalaparta jotzeko software bat diseinatu du doktore tesian. Pertsona bakar batek jo dezake txalaparta, ordenagailuak lagunduta. Rodriguezentzat, «txalapartaren ideia, batez ere, bi lagunen arteko harremana da», eta programa informatikora eraman du Hurtadok harreman hori.
Hurtadorekin eta haren softwarearekin txalaparta jotzeaz gain, pianoa eta ahotsa baliatuko ditu Rodriguezek, ohi duen moduan. Kanta batzuk a cappella egingo ditu, eta besteak, musika tresnak lagunduta. Artzek 60ko hamarkadan egin zuen ekarpena nabarmendu nahi du musikariak. Garai hartan idatzitako liburuak aztertzen aritu da, berera eramateko, lan horietako «poesia konkretuak» erakarrita. Zenbakiekin egindako olerkiek, silaba zatikatuek eta hitzak paperean jartzeko modu plastikoak garrantzi handia dute, Rodriguezen ustez, Artzeren poesia ulertzeko: «Bitxia da garai hartan hori horrela egin izana».
Iritzi berekoa da Iban Urizar ere, Amorante izenaren atzean dagoen musikaria. Azken poesia liburuetako «existentzialismoak» baino, nahiago du lehenengoetako hitzek ematen diotena. Fonetikari garrantzi handia ematen dio: «Hitzek, testuingururik gabe, soinuarekin duten indarrari». Hasierako lanei erreparatzean, «oso enblematikoak diren testuez gain», beste gauza batzuk ere topatu ditu Urizarrek: estetika, batez ere. Irudiaren garrantzia, testua paperean jartzeko modua. «Poesiak ematen dituen elementu eta helduleku guztiak baliatzen zituen».
Artzeren lan zabaletik abiatzean, «nahi duzun izkina har dezakezu», Urizarren ustean. Kontzertuetarako, bi testu hartu ditu: bata, oso ezaguna; bestea, ez horrenbeste. Gainera, «atrebentzia pixka batekin», idazlearen poemetako hitzak eta haren jarduna oinarri hartuta, bi testu sortu ditu musikariak berak: «Haren iruditeria aprobetxatu dut nirera ekartzeko».
Joseba Irazoki gitarristak badu eskarmentua poesia musikatzen, eta eroso aritzen da lanean Artzeren hitzekin: «Oso onomatopeikoa da; musika jartzeko nahiko erraz egin ahal dela uste dut». Poesia musikala iruditzen zaio, eta argi ikusten du hori Mikel Laboarekin egindako lanean. Are gehiago, Joseba Irazoki eta Lagunak taldearekin kaleratu berri duen Zu al zara? diskoko kanta instrumental bat Artzeren poema batekin kantatzen zuen hasieran. Hitzik gabeko bertsioa egokiagoa iruditu zitzaion diskorako, baina hitz eta guzti joko du lehenengoz Izar & Star-eko emanaldietan.
Iaz, Beñat eta Julen Axiari aita-semeekin grabatu zuen Irazokik Bas(h)oan diskoa, eta formatu horretan aritzea zen haien asmoa, baina duoan ariko da azkenean, Beñatekin batera. Hark disko batzuetan Artzeren poemekin egindako kantuak abestu izan ditu, eta horietako bi joko dituzte kontzertuetan. Ezin horretan bakarrik geratu, ordea: «Denbora baldin badaukagu, gustatuko litzaiguke inprobisazio bat egitea».
Akauzazte izango da talde formatuan ariko den bakarra, eta azkena joko du. Azken urteetan, talde handian eman dituzte zuzenekoak: bi bateria, bi gitarra, baxua eta teklatua. «Emanaldi berezirako, denbora tartea ere murriztua denez gero, zerbait txikiagoa egitea pentsatu genuen», Iker Arrazola bateria jotzailearen hitzetan. Gitarrarik gabe ariko dira: baxua, teklatua, loop-ak, eta, bi baterien ordez, pare bat tinbal eta txindata.
«Erraz» aukeratu dute errepertorioa. Izan ere, Akauzazte danok diskoan (2009) Artzeren hitzekin egindako abesti bat zuten, eta ordutik zuzenean ere jo izan dute: “Nere amari”. Osaera aldatuta, «kantaren beste bertsio bat» egingo du taldeak, zati bana gehituta hasieran eta bukaeran. Ur gardenak lanean ere (1998) bazuten poetaren hitzekin osatutako “Aintzina, basabereak” kanta, eta hori ere berreskuratu nahi dute amaiera aldera. Artze «oso figura esperimentala» izan da, Arrazolaren hitzetan: «Beti egon da hor».
Hitzezko eskulturak
Poesiarekin zein txalapartarekin egindako lanaren gainetik, Irazokirentzat Artze «artista bat zen zentzu orokorrean: testuari edo musikari garrantzia eman ordez, orokortasuna bilatzen zuen, sentsazioak, zerbait konkretua».
Haren kontrara, Rodriguezi ez zaio erraza egin poemak musikatzea, lehen begiratuan ez baita ageri errimarik: «Goitik beherako segidak dira, eta a prioriez dute musikaltasun handirik. Ez dira bertsoak: paperean ikusi, eta eskulturak dira ia-ia».
Artzeren lan asko musikatu izan dira, ordea, eta haiekin egindako musika iruditeria jakin bati lotua egon izan da beti, Ez Dok Amairu-ren bueltan, batez ere. Hortik urruntzea eta hitzak bere musikarekin uztartzea izan da Rodriguezen helburuetako bat: «Ez nuen Mikel Laboaren bertsiorik-edo egin nahi, ez nuen hortik jo nahi». Hori izan da Urizarren asmoa ere: «[Artze] Mediatiko egin zen Laboaren, Benito [Lertxundiren] eta haien bitartez, eta haren poeta lana fagozitatu zen, kantugilea balitz bezala».