2019.03.17
«Garazairkoa naizela akordatzen naiz. Baina nor ez da ba Garazairkoa?». Joseba Sarrionandia idazlearen ahotsak eman dio hasiera ikuskizunari. Akordatzen (2004) liburuan idatzitako oroitzapenetako batzuk jaurti ditu idazleak, bata bestearen atzetik. «Idazten hasi nintzela akordatzen naiz, baina ja ez dakit noiz, non, zer, ez zertarako». 1983a izango zen Ruper Ordorika-k Sarrionandiaren Galtzetan gordetzeko koblak poemari doinua jarri zionean; eta, orduz geroztik, 146 kanta egin dituzte euskal musikariek idazlearen olerkiekin. Oinarri hori du Elkar argitaletxeak iaz kaleratutako Gure oroitzapenak disko-liburuak; eta, egitasmoa oholtzara eraman dute orain, Kalaportu ikuskizunarekin. Ostiralean egin zuten lehen emanaldia, Bilboko Arriaga antzokian, Loraldia jaialdiaren barruan. 11 sortzaile agertokian, eta bafleetatik ari da Sarrionandia. «Akorduak akorduen akorduak dira».
Maletaz beteriko oholtza bat, eta mundu bolak maleta guztietan irudikatuta. Erdian, Audience musika banda gernikarra, instrumentuak astintzeko prest. Sarrionandiaren ahotsa isildu, eta Uxue Alberdi eta Harkaitz Cano azaldu dira agertokira. Akordatzen liburuaren formulari tiraka, Sarrionandiarekiko dituzten akorduak aletzen hasi dira biak ala biak. «1985eko uztailaren 8ko El País egunkariko azala hemerotekan fotokopiatu izanaz akordatu naiz». Hasi da Cano oroitzapenekin jolasean. «Sarriren ondoan Boris Becker 17 urteko tenislari gaztea Wimbledoneko kopa altxatzen ari zela akordatzen naiz. Tenis partida bat ikusten dudan bakoitzean, Sarrirekin akordatzen naiz». Pausa eta segida. «Euskal poeta bat Espainiako egunkari bateko azalean agertzeko modu bakarra hark kartzelatik ihes egitea dela pentsatu izanaz gogoratu naiz, eta poeta batek kartzelatik ihes egiteko modu bakarra poeta hori kartzelan sartzea dela akordatzen naiz».
Jolas berari heldu dio Alberdik. «Joseba Sarrionandia nire amaren adinekoa zela ohartu nintzen egunaz akordatzen naiz. Gogoan dut Joseba Sarrionandia eta Ruper Ordorika ikusi nituela pasieran Baracoako hondartzan, eta ni biluzik nengoela gerritik gora. Besamotz bat ikusten dudan bakoitzean Josebarekin akordatzen naiz, Sarrionandiarekin eta [Joseba] Tapiarekin, aldi berean. Sarrionandiak semea liburutegian ahaztu zuela kontatu zidatela akordatzen naiz, eta nik pentsatu nuela: ‘Bai idazle ona’».
Olerkietatik kantura
Akorde bat jo du Gaizka Insunza gitarra jotzaileak, eta azaldu da Ines Osinaga musikaria agertokiaren erdigunera. Gose taldearen Gosariak (2014) diskoan jasotako “Errua” abestu, eta Bi D-ak taldeko Dana abeslaria gehitu zaio jarraian. “Katuen kantua” abestu dute elkarrekin. «Halaxe da katua/ nazkatu, konplikatu/ eta madarikatua bilakatu». Kubako erritmoa hartu du Arriagak Danarekin. Rafa Rueda gehitu zaio, gerora. Beren-beregi Gure oroitzapenak egitasmorako sortutako “Hokusairen olatua” abestia ekarri du Ruedak; eta Audience taldeak proiektu bererako ondu zuen “Lili bat” kantuaren bertsioa jo du gero.
Hala jarraitu du ikuskizunak, Cano eta Alberdiren hitzen eta musikarien doinuen artean. “Náo és tu faculdade de sentir” poemaren doinuak oholtzaratu dituzte Joseba Irazoki eta Beñat Axiari-k. Miren Narbaiza-k “Ez diren gauzak” abestu ondorenean, “Oroimeneko portua” kantua pianoarekin lagundu du Mikel Urdangarin abeslariak. Eñaut Elorrieta-rekin batera Ken 7 musika taldeak ezagun egindako “Hemen gaude” abestu du Urdangarinek, eta “Geografia” abestiari heldu dio gerora Elorrietak, bakarkakoan.
Hitzen ondoezak
Hitzen ondoeza liburuan Sarrionandiak pasaportea hitzari ezarritako definizioa irakurri du Canok: «Pasaporteak, lehen, merkantzientzat ziren. Gero, pertsonentzat egin ziren, gizajendea merkantzia bihurtu zenean». Gogoeta gehitu dio Alberdik: «Mikroipuinen zalea bazara, irakur zenezakeen ipuinik laburrena da pasaportea: el estado español se reserva la propiedad de este pasaporte sin perjuicio de los derechos de su titular». Umorez erantzun dio Canok: «Alegia, pasaportea ez dela gurea». Gauza bera egin dute supermerkatuahitzarekin. Sarrionandiak hitzari erantsitakoa irakurri du Alberdik lehenik: «Ni telebistak ikusten nau. Zu autoak eramaten zaitu. Hura supermerkatuak erosten du». Eta ondorengo hitzak gehitu dizkio Canok. «Gu BBK-k aurrezten gaitu, zuek lanak egiten zaituztete, gu Durangok idazten gaitu».
Ariketa bera egin dute liburuan azaltzen diren espazioa, hamburgesatu, labur, artea… hitzekin. Bidaiariak izan da azkena. «Motxila edo zakua badaramagu, txangoa deitzen diogu, eta maleta badaramagu, bidaia. Eta ihesa? Ihesa da arropa garbia arrapataka sartzea maletan, arropa zikina zakuan sartzen ari bagina bezala», errezitatu du Canok. Eta, gogoeta egin du Alberdik ere: «Hitzen ondoeza liburuan Sarrik ez zuen ihesa hitza jaso: ihes egin zion ihes hitzari». Bukatzear dago ikuskizuna. Sintoma: musikari guztiak azaldu dira oholtzan. “Ene begiek” abestu dute elkarrekin.
«Kalaportura iristen dira gauzak: mezuak eta gutunak», azaldu du Canok. «Badago Twitter, badago Facebook, eta gero badago Sarriren sare soziala, berea bakarrik dena: inoiz ez dakizu nondik iritsiko zaizun bere mezua. Ez genekien iritsiko ote zen, baina, propio, gaur abesteko “Guantanamera”-ren bertsio bat iritsi da». Horra azkena.
Ostiralekoa zuten lehen emanaldia, baina, estreinaldiaren ondoren, gainerako euskal hiriburuetara egingo du salto ikuskizunak: martxoaren 21ean Gasteizen, 23an Baionan, 24an Donostian eta 28an Iruñean egongo da ikusgai Kalaportu.