2019.10.07
Mugaldekoak jatorrizko izenari Band gehituta. Horrela azaldu da Berako (Nafarroa) taldea azken hilabeteetan, rock laukote formatuan, eta horrela grabatu du lan berria, bi kantuz osaturiko singlea. Horietako bat Velvet Underground taldearen “What goes on” abestiaren euskarazko bertsioa da, eta horren bideoklipa aurkezten dizuegu gaur. Raul Garcia Etxeberriak eta Mathilde Brugiere-Gardek egin dute bideoaren errealizazioa.
Edu Zelaieta idazleak eta Beñardo Goietxe eta Raul Garcia musikariek sortu zuen Mugaldekoak, Zelaietaren izenburu bereko poesia liburuko olerkiei musika jartzeko. Gerora beste poeta batzuen testuak ere musikatu eta kantu propioak sortu ditu hirukoteak, eta nolabaiteko trilogia bat osatu du Gaztelupe Hotsak zigiluarekin: Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan (2006), Begiak lekuko (2012) eta Galdemoduen trilogia (2017). Orain dela urtebete Mattin Arbelaitz bateria jotzailea batu zen taldera eta zuzenekoetan rock formatuaren aldeko apustua egin zuen.
Aurkezpen txartel gisa binilozko single bat argitaratuko du aurki laukoteak, Gaztelupeko Hotsak-en Lokatzetan Play bildumaren barruan. Velvet Underground en abestiaz gain, beste bertsio bat jaso du bertan: Noise Hole taldearen “Zure ondoan” abestiarena. Goietxek eta Garciak ondo ezagutzen duten kantua da, talde horretako kideak izan baitziren 90eko hamarkadan.