2014.09.10
Duela egun batzuk aurreratu genuen bezala, irailaren amaieran ikusiko du argia Andoni Tolosa Morau-k eta Beñardo Goietxek elkarrekin ondutako disko berriak.
Talde formatua alde batera utzita, Mugaldekoak taldeko gitarrista eta abeslariarekin atondu eta grabatu ditu Morauk Arrainentzako himnoak diskoko 16 kantuak, Saran, Iñigo Irazoki soinu teknikariarekin. Aurretik, Arrainentzako himnoak blogean jarraitu ahal izan zuten kantari gipuzkoarraren zaleek abestien sortze prozesua.
Soiltasun handiko lana gauzatu dute Morauk eta Beñardok, ahotsa eta gitarrak beste apaingarririk ez baitute kantuek. Baina Morauren kantagintzan ohikoak diren umoreak, kronika sozialak, ironiak, kritikak eta samurtasunak beren horretan diraute. Diskoari izenburua ematen dion kantua entzun dezakezu hemen.