2015.02.01
Eta ez da izan obra testuinguruan kokatu duen bakarra; Gipuzkoako Kultura diputatu Ikerne Badiolak ere euskararen osasunerako daukan sinbolismoa azpimarratu du. «Zaharrak eta berriak, hemengoak eta kanpokoak… elkarri begira daude. Pauso bat gehiago da hizkuntzaren normalizazioaren alde».
20 urte «Williami» emanak
Argitaratuta zeuzkan aurretik Garziak soneto horietako batzuen itzulpenak. Arantza geratu zitzaion, haatik. Denak euskaratu behar zituela esan zion barne ahotsak. Eta kasu egin zion. Baina ez da izan bide laburra. Egitasmo diziplinartekoa azken bi urteotan garatu badute ere, hark hogei bat urte eman ditu, orotara, hamalaudunekin bueltaka, ahalik eta fideltasun handienarekin itzultzeko xedez. «Behin eta berriro» ibili da lantzen,orrazten eta argibideak gehitzen, Igerabidek azaldu duenez.
Nolanahi ere, gozamena izan da lana harentzat. «Oso gustura egon naiz Williamekin», esan du txantxetan. Aitortu du, bide beretik, ez dela izan dirubidea, bai, ordea, «bizioa». Gogorra izan arren, egunerokotasunaren aurreko «bakarleku» bilakatu izan zaio, «denboratik kanpoko unea», eta, hortaz, plazera ere izan da. Helburu jakin batekin egin du lana: «Pieza horiek beren bizitza izateko». Hastapenean, liburu bat egitea baino ez zuen buruan. Azken bi urteotan, berriz, asmoa aldatu zitzaion. Horrela, pixkanaka-pixkanaka korapilatzen hasi zen ideia, eta musikaltasuna egotea ezinbestekoa egin zitzaion. «Gehienok kanten bitartez hurbildu ginen poesiara, eta hor beste zirkulu bat ixten da». Joxan Goikoetxea musikariarekin hartu-emanetan hasi zen horrela, bai eta Koldobika Jauregi sortzaile plastikoarekin ere.
Kaleratutako proiektuan, Jauregiren ardura izan dira irudiztapena eta diseinua. Entzuteko materialari dagokionez, bi partetan banatu dute. Batetik, Sonetoak. Zeru horren infernuak. Ahotsak dago; hor entzun daitezke olerki guztiak, pertsona ezagunek irakurrita. Bestetik, Sonetoak. Zeru horren infernuak. Musikak dago; disko horretan 23 pieza sartu dituzte. Batzuk musikak lagundutako irakurraldiak dira, eta beste batzuk, berriz, abestiak, Goikoetxeak propio sorturiko doinuekin. Dioenez, kantari bakoitzaren izaerara egokitu ditu doinuak. «Soinekoa bakoitzaren neurrira egin dut. Bakoitzari bere ahotsaren ezaugarrietara ekarri diet kantua».
Teknika aldetik, euskal poesian sonetoek ez dute izan forma finkorik aldez aurretik; ez dute baliokide argirik. Zorrotz behatu ditu Garziak, bai eta molde bat ezarri ere. Hamaika silabako esaldiak egin ditu, nolabait ere neurria mugatuz. Hain zuzen ere horregatik, Igerabideren irudiko, errezitaldiek «leku garrantzitsua» dute egitasmoan, eta «bolumen handiko corpusa» eskaintzen diote, «euskal belarriari forma horretara ohitu dadin».
Lanak euskal kultura eta kultura unibertsala gerturatzeko ahalegina egin du. Honela azaldu du Igerabidek: «Shakespeare euskaraz biziberritzea Oihenart biziberritzea ere bada, edo Etxeberri biak edo Lauaxeta, Lizardi zein Lazarraga, eta are Leizarraga, Aresti nahiz Axular».
(Berria egunkarian, 2015eko urtarrilaren 31n argitaratutako artikulua)