2018.03.19
Mila musikari bildu 2019rako, eta 11 euskal abesti jo, guztiek aldi berean. Erronka hori bota dute Euskal Irratiek Esker1000 egitasmoarekin. Hainbat belaunalditako musikariak elkartu nahi dituzte bertan, eta euskal rock abesti «mitikoen» bertsioak egingo dituzte. Musika estilo horri omenaldia egitea da helburu nagusietako bat, baina bada beste asmo garrantzitsu bat ere: sare indartsu bat osatzea euskal musikarien artean. Esker1000 proiektuak bi urterako prozesua du buruan, eta, bide batez, Ipar Euskal Herriko euskal irratien komunitatea indartzea ere izango dute xede.
Datorren urtean izango da ekitaldi nagusia, baina aurten ekingo diete prestaketa lanei. Besteak beste, Euskal Herria Zuzenean jaialdiarekin batera, ekainaren 30erako antolatu dute lehenengo hitzordua: ElgarRock jardunaldia. EHZ jaialdiko antolatzaileek duela hilabete azaldu zuten aurten ez zutela ohiko egitaraua prestatuko; izan ere, kideak hausnarketa prozesu batean murgilduta daude. Edonola, Euskal Irratiekin batera Esker1000 egitasmoko lehen ekitaldia prestatuko dute aurten.
Oraindik ez dute hitzordurik finkatu 2019rako ekitaldirako, baina antolatzaileak hasi dira dagoeneko musikarien bila. Baxu jotzaileak, bateria jotzaileak, gitarristak eta abeslariak biltzeko deia egin dute, eta sarean eskuragarri utzi dituzte izen emateko orriak. Antolatzaileek azaldu dutenez, musikari profesionalak eta amateurrak elkartzea da asmoa, eta hainbat belaunalditako kideak bildu nahi dituzte. Ez da erronka makala, eta, hori kudeatzeko, talde tekniko profesional bat osatu dute. Guru taldea arduratuko da kantuak hautatzeaz, moldaketak egiteaz eta partiturak egokitzeaz. Lau musikari dira kudeatzaileak: Iban Larreburu bateria jotzailea, Patrice Dumora abeslaria, Remy Gachis gitarrista eta Xabier Barrenetxea baxu jotzailea. Materiala eskuragarri utziko diete gainerako musikariei, abestiak behar bezala entseatu ahal izateko.
Euskal Herrian horrelako ekitaldi bat antolatzen den lehen aldia bada ere, Euskal Irratietako kideek Italiako Cesene hirian orain hiru urte egindako kontzertu batetik hartu dute ideia. Aldi hartan, mila musikari elkartu ziren Foo Fighters AEBetako taldearen kantu bat jotzeko. Hala ere, Esker1000 proiektuak baditu, ikusgarritasunaz harago, beste zenbait helburu ere.
Epe luzerako helburuak
Euskal Irratietako kideek azaldu dutenez, Esker1000 epe luzera begira dagoen proiektua da. Datozen bi urteetan, beraz, hainbat helburu erdiesteko antolatuko dituzte ekitaldiak. Proiektuaren xedea da euskal musikaren sorkuntza ezagutaraztea eta bultzatzea. Gainera, Euskal Herriko lurralde guztietako musikariak elkartzea da asmoa, baita etorkizunean sare bat osatzea ere. Hain justu, antolatzaileek behar hori sumatzen zuten. Bestalde, aitortza egin nahi diote euskaraz sortutako rockari, eta ikusgarritasuna eman euskal kulturari. Bide horretan, badute beste hitzordu bat buruan, 2020rako: egitasmoa diasporan hedatu nahi dute.
Bien bitartean, antolatzaileek proiektua ezagutarazten dihardute. Oraingoz, ehun lagunek baino gehiagok eman dute izena, eta kideek azpimarratu dute parte hartuko duten musikariak askotarikoak direla. Besteak beste, Jurgi Ekiza Willis Drummond taldeko abeslariak kanpainarekin bat egin du .