Musika

Iñigo Astiz

2022.05.17

Iñigo Astiz

Mikel Urdangarinek eta BOSek disko bat kaleratuko dute

«Esker on handia sentitzen dut. Ezohiko gauza da orkestra batekin kantatzea; igual normalizatu dugu gaur egun, baina sekulako aukera da, batez ere artistikoki, oso-oso salbuespenezkoa da». Mende laurdena bete du kantuan aurten Mikel Urdangarinek, eta mendeurrena ospatzen dabil Bilboko Orkestra Sinfonikoa ere (BOS), eta, nolabait ere, urtebetetzea elkarrekin ospatzea erabaki dute. Abeslariaren ibilbideko hamabost abesti bilduko dituen diskoa grabatuko dute elkarrekin udan, eta bi kontzertu ere iragarri dituzte: abuztuaren 20an izango da lehena, Bilboko Aste Nagusian, eta irailaren 4an eskainiko dute bigarrena, Getxoko Muxikebarri aretoan (Bizkaia).

_V3A8597

Mikel Urdangarin, erdian, Iker Sanchez eta Bingen Mendizabal alboan dituela.

Kasik ate joka heldu zitzaien proiektua, Urdangarinek dioenez: urteurrenaren bila jo beharrean, kasu honetan, urteurrenak jo baitu haien bila. «Duela urte eta erdi ez geneukan urteurrenik ospatzeko asmorik, gure betiko bizimoduan segituko genuen, jotzen, eta ahalik eta kontzertu gehien ematen, baina norbaitek, kanpotik, gogorarazi zigun 25 urte beteko genituela musikan guk, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoaren 100. urteurrenarekin kointziditzen zuela, eta ea zergatik ez genuen zer edo zer egiten elkarregaz». Agendak eta asmoak aldatzera eraman zituen proposamenak, musikariak dioenez, eta «zorionez», gehitu du gero.

Kanta berri bat

Bingen Mendizabal musikari eta konpositorea arduratu da abesti ia guztien orkestrazioaz, eta, urtebeteko lanaren ostean, ia bukatuta ditu moldaketa gehienak. Urdangarinek aspaldiko laguna du Mendizabal, eta behin baino gehiagotan aritu izan dira elkarrekin lanean ere. Hain zuzen ere, zenbait kanta «aspalditik» ezagutzen dituela zehaztu du Mendizabalek, eta konposizioak «erraz entzuteko» modukoak izan daitezen saiatu dela dio. Onartu duenez, gainera, «errespetua» izan du abestiak orkestratzeko gidalerro nagusietako bat.

Guztira, hamabost abesti izango ditu diskoak. Obertura bat, Urdangarinen ibilbide osoko hamalau abesti, eta baita oraindik bukatu gabe dagoen kanta berri bat ere. Kirmen Uribek idatziko ditu haren hitzak, eta musikagintzan emandako mende laurdena izango du ardatza, baina, Urdangarinek dioenez, oraindik jaso gabeak dituzte hitzak. Eta irribarrez gero oroitarazpena mikrofonoari. «Kirmenek hau entzuten badu, mesedez, bidali dezala letra lehenbailehen, gizonak epeak nahiko estutzen ditu eta».

Musikariak dioenez, «ikaragarri» kostatu zaio ehun kantutik gorako errepertoriotik zer hamalau abesti hautatu erabakitzea. «Batzuk oso argi neukan hor joan behar zirela, ia neuri gustatu ez arren, eta beste batzuk sartu ditut apeta hutsagatik, bakarrik parametro artistikotan pentsatuz, beti kontuan hartuz orkestra bat egongo dela hor alboan».

Sakralizazioa eta ospakizuna

Mendizabalen lana laudatu du musikariak. «Badira joera desberdinak, eta badira konpositore batzuk oso-oso espantsiboak direnak, eta nik Bingen ez dut hor ikusten. Beti barrura begiratzen du, oso fidela da horregaz, eta oso lengoaia propioa du. Entzuten dut egin duena, eta hori ni ere banaizela sentitzen dut, kantua ez dela perbertitu. Bingenek lan egiten du halako sakralizazio sentimendu bategaz, baina ahaztu gabe ospakizun batean gaudela eta jendea emozionatu behar dugula».

«Mugarri garrantzitsua» izango da proiektua orkestrarentzat ere, Ibon Aranberri Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendariak esan duenez. Azaldu du «musika klasikoko orkestra modernoa» izatea dela BOSen helburuetako bat, eta horren frogatzat aurkeztu du Urdangarinekin egingo duten kolaborazioa. «Lankidetzak arrakasta izango duela ziur naiz».

Kantuak iraun dezan

Aurrez ere arituak dira elkarrekin Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Mikel Urdangarin. Iaz izan zen, Ura bere bidean izeneko proiektuaren barruan, “Kideari” izeneko abestia orkestratu zuen Fernando Velazquez konpositoreak, eta abesti hori ere sartuko dute orain diskoan. Gainera, Koldo Uriartek moldatutako abesti bat izango da diskoan Mendizabalek orkestratu ez duen beste pieza bakarra.

Iker Sanchez Silva zuzendariak gidatuko du orkestra diskoko grabazioetan eta zuzeneko bi kontzertuetan. Gertukoa du Urdangarin hark ere, eta enkargua jasotzean sentitutako «zirrara» izan du gogoan: «Duela ehun edo berrehun urteko musika eskaintzea da gure lana normalean, eta kreazio berri bat beti da erronka itzela».

Transmisioaren ideiarekin lotu du emanaldia Urdangarinek: «Ametsa izaten da kantu batek iraun dezala, eta ederra da orkestra batek kanta bat hartzea eta laguntzea transmisio horretan; oxala kantuak irauten duen horri esker apur bat gehiago».

ETIKETAK:Bilboko Orkestra SinfonikoaBingen MendizabalFernando VelazquezIbon AranberriIker Sanchez SilvaKirmen UribeKoldo UriarteMikel Urdangarin