2020.09.15
Mikel Urdangarin aste honetan hasi da disko berria grabatzen. Bi hilabete eman ditu diskoaren aurreprodukzioa lantzen Koldo Uriarte teklatu jolearekin. Uriarte bera arduratuko da diskoaren ekoizpenaz, eta hark esan duenez, “ausarta” izango da Urdangarinen lan berria. Izan ere, lehen aldiz pianoarekin konposatu ditu abesti berriak, eta ez gitarrarrekin, orain arte bezala. Zuzenean ere pianoarekin bakarka aritu da Urdangarin azken hilabeteetan —pandemiak hainbat kontzertu bertan behera utzi aurretik— eta halaxe arituko da urriaren 18an, Loraldia jaialdiaren barruan, Bilboko Euskalduna jauregian.