Musika

Antton Iturbe

2018.01.09

Antton Iturbe

Mikel Uraken, jauzirako prest

Mikel Uraken etengabe hazten ari den artista da eta ematen duen pauso bakoitzari adi egotea komeni da, interesgarriak eta zirraragarriak baitira beti. Oraingo honetan, ordea, urratsa baino jauzi egitera doa kantugile bizkaitarra. Andoaingo Garate estudioan eta hirukote formatuan disko berri bat grabatu du, Izaki bizidun berriak. Arratsalde batez prozesuaren testigu izan eta Mikelekin solasean aritzeko aukera izan dugu.

MikelUraken_Edurre (11) by Arriguri

Gorka Pardo, Mikel Uraken eta David Tobal. (Arriguri)

“Mikel Uraken pertsona bakar bat izateari utzi dio eta kolektibo bihurtu da, hiru buru dituen izaki berri bat sortu dugu. Hara nondik datorren diskoaren izenburua”, azaldu du Mikelek aurkezpen modura. “Orain arte nire abestiak nire espresio pertsonal soila izan dira, eta nireak izan dira hartutako erabaki guztiak. Baina orain hiru pertsonen arteko auzolan baten koordinatzaile bihurtu naiz. Abestiak neronek konposatuak izan arren, hiruron artean hartzen ditugu haien moldaketa eta grabaketarako erabaki guztiak, eta David zein Gorkaren ekarpenei esker nire jatorrizko abestiak ere izaki berri bilakatu dira”.

David Tobal bateria jotzailea Sisha Pagma taldean aritutakoa da eta Gorka Pardo baxu jotzailea, Killerkume taldeko Mikel Vegarekin batera, Hauts proiektuko partaide izan da. “Gauza guztien gainetik, lagunak dira biak eta nire antzeko pentsamoldea dute. Oso garrantzitsua da hori elkarlana aurrera atera ahal izateko”. Edozein erara, muskulu eta intentsitate izugarria gehitu diote biek Mikelen musikari. Lehenengo diskoarekin alderatuz, folk kantugilearen kutsua ia erabat desagertu da (maketa ixten duen “Bai, ikusi zintudan” harmonikaz jantzitako doinu delikatu ederra izan ezik) eta haren ordez, trantze moduko rock aske eta bortitzeko doinu luze hipnotikoak aurkitu ditzakegu orain.

Agian, funtsean ez dago horrenbeste alderik. Mikelek betidanik erakutsi baitu abesti formatu ireki, abstraktu eta luzeak arakatzeko grina. “Zalantzarik gabe Swans-en azken diskoak erabateko eredu izan dira niretzako. Azken aldian musika berria entzuteko astia aurkitu ezinik nabil ikasketak direla eta, baina Swans-en diskoak beti ondoan ditut, beti lagun eta beti inspiragarri”. Hala da bai, Swans-ekiko paralelismoa egitea ezinbestekoa da. Izaki trizefalo hau amerikarren “estremismora” iristen ez bada ere (ba al da inor gai hori egiteko, hala ere?), imitazio merke gutxitu bat baino askoz gehiago da. Mikelek (edo hobe esanda, Mikel Uraken izaki berriak) Swans-ek abestiak lantzeko duen moduan hartzen du inspirazioa, emaitzak modu naturalez ateratzen utziaz. Era horretan, diskurtso erabat pertsonala eraikitzen ari da pixkanaka, diskotik diskora eta kontzertutik kontzertura. Azken batean, Izaki bizidun berriak, funtsean, Mikel Uraken-en zuzeneko bat da. Diskoan entzungo duguna, inongo gehigarririk gabeko hirukotearen emanaldi soil bat da; saioaren unean jo zutenaren isla garbia.

“Zalantzarik gabe Swans-en azken diskoak erabateko eredu dira niretzako. Beti ondoan ditut, beti lagun eta inspiragarri”

Hori izan da asmoa eta horretarako aukeratu dute, lehenengo diskoan bezala, Garate estudioko goxotasuna eta Ander Barriuso teknikariaren jakituria. Baldintza eroso eta ezagun horietan, entsegu lokala bailitzan, taldea bere espresio teknikoki zorrotzena eta aldi berean askeena bilatzen saiatu da. Oreka horretan datza grabaketa prozesu osoaren mamia eta auzirik handiena, arratsalde horretan testigu izan nintzen bezala. Hanka-sartzeak galantak direnean garbi dute denek grabaketa errepikatu beharra dagoela, baina txikiak direnean, eta gehienetan antzemanezinak “kanpoko” entzule batentzat, zer egin? Grabaketaren izaera espontaneoa indartzera eta naturaltasunaren izenean dagoen moduan utzi edo oraindik are fidelagoa, benetakoagoa eta “hobea” den grabaketa bat egiten saiatu? Mikelek berak du azken hitza trizefalo horren ahotsak gurutzatzen direnean, baina ez du inposaketarik nahi. “Entsegu batean bezala jotzen saiatzen gara baina teknikariari “grabatzen” esaten entzuten diozun unean ardurak eragindako zurruntasun puntu bat sentitzen duzu. Ez da batere erraza bilatzen ari garen naturaltasun hori eta aldi berean maila tekniko ahalik eta zorrotzena lortzea. Konpromiso batera iritsi behar dugu beti eta horrelakoetan neu izaten naiz azken erabakia hartzen duena. Zentzu horretan, izaki trizefalo horren buru nagusia neu izaten jarraitzen dut”. Hala ere, arretaz entzuten ditu Gorka, David eta Anderren iritziak. Hiru saiakeraren ondoren “Egun argitan”-en azken bertsioa prest zelakoan utzi nuen Garate estudioa gau partean, baina auskalo diskoan zer aurkituko dugun…

Eremu erosotik at
Konposaketa eta sormen aldetik diskoak ere baditu bere berezitasunak lehenarekin alderatuz. Abestien hitzak Gorka Erostarbe, Aiert Goenaga eta Gotzon Barandiaran-ek espresuki diskorako idatzi dituzten 7 testu dira. Horrela azaldu zidan Mikelek bilakaera: “Hasiera batean ingelesez idazten nituen nire abestien hitzak, mimetismoz, edo agian, nire ahoskera eta maila sintaktiko eskasaren ondorioz, ni eta entzulearen arteko babes geruza baten bila. Baina aspaldi nire obra eta nire espresio pertsonal eta artistikoa euskaraz izateko hautua egin nuen eta horri eutsi nahi diot. Zoritxarrez, euskaldunberria izanik, ez naiz oraindik euskarazko hitzak neronek idazteko edo eroso sentitzeko gai, eta nahiago dut beste batzuen testuak erabili. Hala izan zen lehen diskoan eta hala egin dut oraingoan ere. Gauza da kontrako ordenean lan egin dudala oraingoan. Hots, nik konposatutako doinuei hitz batzuk egokitzeko eskatzearen ordez, aurretik idatzitako testuetara egokitu ditut doinuak. Baldintza horietan nire eremu erosotik atera behar izan dut eta konposatzaile bezala gauza berriak probatzera behartu dut nire burua. Egia esan, parte hartzaile guztiok gure eremu eroso horietatik atera behar izan dugu eta hori izan da diskoaren gako nagusietako bat”

Emaitzan nabaritzen dela eta onerako izan dela esango nuke nik. Maketa moduan entzun ditudan abestien doinuak kanpoko beste edozein erreferentziatik urrunagokoak, eta beraz, pertsonalagoak eta erakargarriagoak iruditu baitzaizkit. Urakeniar doinuak beste ezer baino gehiago. Gure arteko inor aipatzekotan, Joseba Irazoki, Anari edota Ainara Legardon moduko artistak ditu eredu, bai sonoritatean baita lan egiteko moduan ere. Ildo horretatik, pixkanaka, su baxuan eta maitasun handiz obra bikaina eraikitzen ari da Mikel eta Izaki bizidun berriak orain arteko adierazlerik ederrena izango delakoan nago. 500 ale jarriko ditu salmentan. “CDak egingo ditut, oraingoz behintzat. Biniloak egitea garestia da eta ale gutxi batzuk saltzeko ez du merezi”. 2018ko martxoaren inguruan espero du argitaratzea bere kasa, Mise-En-Scène Productions-ek lagunduta. Bere bandcamp-ean eta “konfiantzazko” hainbat dendatan egongo da salgai (Power, Anti, Katakrak…)

Entzuteko irrikan gara dagoeneko.

ETIKETAK:Aiert GoenagaAinara LeGardonAnariAnder BarriusoDavid TobalGarate estudioaGorka ErostarbeGorka PardoGotzon BarandiaranJoseba IrazokiKillerkumeMikel UrakenMikel Vega