2014.05.13
Marisol Bastida kantariaren alargunaren memoriak kaleratuko ditu Elkarrek, euskaraz eta gaztelaniaz, ekainean
Euskal Herriko Unibertsitateko EHUko Mikel Laboa katedrak euskal kantagintzaren ehun diskoren azterketa egingo du datozen hiru urteetan, Badok.info atariarekin elkarlanean. Hori da katedrak 2014rako aurkeztutako egitasmoen zutabeetako bat, sorkuntza jarduerei dagokienez. Gainera, laster, ekainean, Marisol Bastida Laboaren alargunaren memoriak kaleratuko ditu Elkar argitaletxeak, euskaraz eta gaztelaniaz, bi liburutan. Ikerketa jardueren alorrean, bestetik, doktore tesiak egiteko hiru kontratu, lan monografikoak egiteko lau diru laguntza eta arte sormena bultzatzeko beste bi diru laguntza deialdi hauspotuko ditu katedrak aurten.
Juan Kruz Igerabide katedraren zuzendariari iruditzen zaio apustu indartsua dela Badok.info euskal kantagintzaren atariarekin batera egindakoa. «Aditu dezentek parte hartuko dute». Jon Eskisabel kazetaria arduratuko da koordinatzeaz.
Epe luzerako proiektua da hori, ordea. Lehenago, udazkenean, Shakespeare-Infernu horiek disko-liburua aurkeztuko du katedrak. Idazle ingelesaren soneto guztiak itzuli ditu Juan Garziak, eta euskalgintzako 150 lagunek errezitatu dituzte —Harkaitz Canok, Andoni Egañak, Eider Rodriguezek, Uxue Alberdik, Juan Luis Padronek…—; Joxan Goikoetxeak, gainera, horietako batzuei musika jarri die. «Horri azken errematea ematea besterik ez da falta», azaldu du Igerabidek. Urtarrilean, gainera, emanaldi bat egin nahi dute, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian edo Antzoki Zaharrean. «Joan den abenduan proba bat egin genuen, eta oso txukuna geratu zen. Aukera asko ematen ditu».
Bastidaren memoriek Laboa «gertu-gertutik» ezagutzea ahalbidetuko dute. «Marisolen [Bastida] bizipenetatik abiatzen da, baina Laboak enbortzen ditu memoriak». Igerabideren iritziz, hurbilketa interesgarria da 60ko hamarkada ulertu ahal izateko. «Aproposa da jende guztiarentzat».
Laboari berari buruzko webgunea ere estreinatu dute, Bastidak garai batean prestatutako biografian oinarrituz, baina hori are gehiago zehaztuz. «Atalka banatuta dago, orduko argazkiekin eta. Laboaren disko oinarrizko batzuk entzuteko aukera ere ematen du». Igerabiderentzat, sekulako altxorra da ikertzaileentzat.
Ikerketa jarduerei buruzko eskakizunak eta epeak kontsultatu ahal izateko, jo helbide honetara: www.ehu.es/eu/web/laboakatedra.