2017.12.13
Mikel Gorosabel EH Sukarra taldeko buruak abenduaren amaieran kaleratuko du bere bakarkako lehen diskoa. Barne basoan barna izenburua du lanak eta beldurraren inguruko disko kontzeptuala da. Horretarako, 11 idazleren laguntza jaso du Gorosabelek. “Zozketa bidez bidali diegu kanta bana eta bakoitzak bere ukitua eman die nik sortutako doinuei. Bakoitzak bere erara, gehienok bizi ditugun beldurrak azaleratu dituzte. Emozio handiko esperientzia izan da”, azaldu du musikariak.
Asier Serranok, Gorosabelen aspaldiko konplize eta EH Sukarraren hitzen egileak, koordinatu du proiektua eta lotu ditu 11 idazleak: Igor Estankona, Irati Jimenez, Mikel Soto, Beñat Sarasola, Oier Guillan, Leire Bilbao, Harkaitz Cano, Jasone Osoro, Asier Osinalde, Gotzon Barandiaran eta Lutxo Egia. Serranok eta Gorosabelek Lorelei taldea sortu zuten 90eko hamarkadan.
BilbaoRock estudioan grabatu du Mikel Gorosabelek lan berria, Sabin Kareaga soinu teknikariarekin, eta berak jo ditu instrumentu gehienak: baxua, gitarra eta sintetizadoreak. EH Sukarrako Loiola Maderak grabatu ditu bateriak. Diskoa aurkezteko bi kontzertu emango ditu Gorosabelek abenduaren 29an eta 30ean Eibarko Ez Dok tabernan.
Gorosabelek crowdfundig kanpaina bat zabaldu du diskoaren finantzazioan lagundu ahal izateko. Bere zigiluarekin, Barne Records, argitaratuko du musikari eibartarrak diskoa.