Musika

Uxue Rey Gorraiz

2025.02.13

Uxue Rey Gorraiz

Merina Gris: zuloa atsekabe, etxe, arnasbide

Haiek ez zekiten, baina orain dela urtebete pasa kaleratutako Nadie cuando lloro kantuak spoiler bat zekarren. 2023ko iraila zen orduan, eta, zehazki, azken-aurreko esaldian aurki daiteke iragarpena. “Bakarrik, zuloan”, dio Sara abeslariaren ahots zoliak une horretantxe, abiada pausatuan eta arranguraz bezala, eta, ondotik, bizi-bizi egiten du errematea Igotz Mendez Hofe-k: “Muchos cuando río, nadie cuando lloro”. Euskaraz esana balitz, honela: “Irriz ari naizenean, asko; negarretan nagoenean, inor ez2. Baina “zuloa” zen kontua, hain justu ere. Edo, akaso, oraindik ez zen, baina orain bada guztiari eusten dion mantra. Oharkabean hasieran, eta barrenak seinalatzen zien noranzkoan segituaz gero, Merina Gris taldeak zuloaren kontzeptuaren bueltan eraiki du bere bigarren diskoa, eta, are, horrela deitu dio albumari. Hamar kantu jaso dituzte guztira.

Merina Gris taldeko hiru kideak 'Zuloa' diskoaren aurkezpen egunean, Donostian. JON URBE / FOKU

Merina Gris taldeko hiru kideak ‘Zuloa’ diskoaren aurkezpen egunean, Donostian. JON URBE / FOKU

Bost kantu labetik atera berriak dira, eta beste bostak bana eman dituzte joan den urte eta erdian zehar. Hau da, jada nahi gabeko spoiler gisara ere uler litekeen Nadie cuando lloro kantua eman zutenetik hona. Merina Grisek Hofe-rekin eginiko kolaborazioa da hori, eta, hain zuzen ere, hura da albumean jasotako elkarlan bakarrenetakoa. Horretaz gainera, Mejor* izeneko abestian Xabier Zeberio eta Markel Zeberio musikarien laguntza izan dute harizko instrumentuetan, baina, gainerakoan, Merina Griseko taldekide Julen, Paskal eta Sararen lanaren emaitza da Zuloa.

Taldea sortu zutenean eta oraindik ere, Julenek, Paskalek eta Sarak ez dute abizenik ematen Merina Grisen inguruko kontuetan, eta aurpegia ere gordea dutelarik ematen dituzte kontzertuak —gehienez ere, azkeneko kantuetan eranzten dituzte maskarak—.

Sei adiera

Musikariak bestela gabe ailegatu ziren zuloaren kontzeptura. “Hirugarren kanta egin ondoren konturatu ginen hitz horrek abestietan zeukan pisuaz”, esplikatu du Julenek diskoa plazaratu bezperan; hark idatzi ohi ditu kantu gehien-gehienen hitzak. “Konturatu ginen horretaz, eta ikusi genuen hor bazegoela kontakizun posible bat, nahiz eta badakigun hitza oso-oso-oso ibilia dagoela ja. Gainera, konnotazio negatiboa kendu nahi genion, ze konturatu ginen zuloa anbibalentzia handikoa dela berez. Hortik datoz sei ideiak, eta hortik kantak, oro har”.

Izan ere, zuloa ideiatik tiraka, beste sei adiera atera ditu Merina Grisek, ondotik haien gainean lan egiteko: hobia, butroia, arrakala, gotorlekua, lukana eta hutsa. Nabarmendu dutenez, denak dira zulo, baina denak diferente. Eta, are gehiago, sentipen bana ere esleitu diote horietako bakoitzari —loturak biniloan jasotako testuetan daude esplikatuta, besteak beste—. Adibidez, kideek uste dute hobi batek balio dezakeela etsipena irudikatzeko —”Hobia irensten zaituen zulo bat da [...] galduta egon denak ezagutzen du hobia”—; baina, diotenez, zulo bat izan daiteke gotorleku ere, eta, ondorioz, “salbu sentitzeko, ezkutatzeko, atseden hartzeko, itzultzeko leku bat”; eta, aldiz, itxaropen sentimenduarekin lotu dute lukana, 2izpi bat igarotzen uzten duen irekidura bat” den heinean, zulo izanik ere.

Zulo bana baino gehiago

Kideen arabera, kontzeptuak argi izateak nabarmen lagundu die kantuak sortzen. Edonola ere, ohartarazpena egin du Julenek: “Kanta bakoitza ez da egin identifikatu ditugun ideien arteko bakarrari lotuta; batzuetan, bat baino gehiago izan ditugu helduleku”. Batera edo bestera, baina sortu zuten hamarrekoa azkenerako. Eta hauek dira abestiok, albumean zehaztutako ordenan: Aurpegian, Nadie Cuando Lloro, lilili, Hiru Damatxo, Lotu Zure Txakurrak, Mejor* —gaztelania hutsezko bakarra da—, Origami, Triste Dabil Aita, Irteera eta Ao6po.

Aurrez plazaratutako lanen kontrastean, album berriko abestien egituretan eta oro har diskoarenean bistaratu den joera bat nabarmendu du Julenek. “Esan izan diot Paskali diskoa ez ote den lausotua gelditu kontzeptua buruan izateagatik. Ze, nahi gabe, diskoan badago intro baten aireko kanta bat, azkena ere ez da ohiko-ohikoa… eta, nahiz eta popa den, konturatu gara errepikarik ez dagoela ia”. Iradoki dutenez, oharkabean egin dituzte horrela, eta pozik dira orain.

Funtsean, askotariko minez, ezinegonez eta aitorpenez jositako hitzak daude kantuetan. Galdera mordoa ere bai: “Preso nengoen, ala ezkutatuta?”, egiten dute galde, esaterako, Irteera-n. Kritikak ere badu lekurik, eta, horri dagokionez, Hiru Damatxo da kanturik inplizituena; Donostiari eskainia dago —”Herri honek ez du hirian tokirik”. Eta, atzera ere, atentzioa ematen dute kantuetako askotan osatutako erreferentzia pilaketa biziek. “Collageak osatzea; igual hori da gure egiteko modua. Buruan zerbait sartu, eta pun», aitortu du Paskalek.

Eta horiek guztiak ohikoa daukan pop zakarraren bitartez kontatu eta kantatu ditu berriz Merina Grisek, batik bat. Gehienbat garratz, eta soinu aldetik zorrotz eta elektroniko. Tarteka zikin. Inoiz gutxitan modu biluzian. Garrasiak, burrunbak, distortsio muturrekoak; horiek eta beste izan dituzte mezuak helarazteko bide, baita goxotasuna aireratu nahi izan dutenean ere. Edo zaurgarri azaldu.

Zintzotasunez, ororen gainetik

Beraiek ekoiztu dituzte kanta gehienak, eta, azaldu dutenez, hain zuzen aurreko diskoan —Zerua orain (2022)— ekoizle izandako Ed is Dead artistari esker eman dute pausoa —Paskal: “Hark eman digu behar adinako konfiantza, eta harekin ikasi ditugu gauza asko eta asko”—. Izatez, disko honetan hark egin ditu nahasketa eta masterizazioa.

“Esango nuke erromantizatu ere egin dugula [produkzioa], benetan sinetsi dugulako zintzoena zela guk daukagun kapazitatearekin eta guk dauzkagun erremintekin egitea hau”
JULEN / Musikaria

Ekoizpenean “ahalik naturalen” izan direla nabarmendu du Julenek, eta, iradoki duenez, aurreko diskoa ekoiztu zutenean sentitutakoak bultzatu ditu horrela jokatzera. “Talkak sentitu genituen. Ze, adibidez, gertatzen zitzaigun demoak oso-oso barneratuak izaten genituela ordurako, gauza asko sentitzen genituen sakratutzat, ukiezintzat…”, oroitu du kideak. Eta, oraingoan, desberdin aritu dira. “Asko lehenengo tomak dira!”, aipatu du Julenek. “Esango nuke erromantizatu ere egin dugula, benetan sinetsi dugulako zintzoena zela guk daukagun kapazitatearekin eta guk dauzkagun erremintekin egitea hau”, erantsi du segidan. Baina zehaztapena egiteko premia sentitu du orduan Paskalek. “Halere, eta inork dudarik bazuen, bai, 50.000 milioi buelta eman dizkiogu guztiari!”, esan du, barrezka. “Hori beti”; konforme da Julen.

Berriz ere, musikari ez ezik ikus-entzunezko adierazpide artistikoei ematen dieten garrantzia ere utzi dute agerian Merina Grisekoek. Disko osoa eman aurretik argitaratuak zituzten kantu guztientzat egin zuten propio bideoklip bana, eta berriki ateratakoentzat ere ondu dituzte piezak —horien kasuan, lokal itxi batean grabatu dituzte guztiak, eta taldekideak dira protagonistak osoki—. Gainera, zuloaren kontzeptuaren bueltako adierak esplikatzeko teaser gisakoak ere ondu dituzte; Iker Gozategik zuzendu ditu.

ETIKETAK:2025eko diskoaMerina GrisUxue Rey GorraizZuloa