Musika

Uxue Rey Gorraiz

2023.05.17

Uxue Rey Gorraiz

Merina Gris, Elena Setien eta Teresa Catalan, Musika Bulegoak sarituen artean

Euskal musika nekez sar liteke zaku bakarrean; ezin halakorik egin hainbeste genero, erritmo eta doinu direnean aukeran. Aukeran, eta boladan. Batik bat, horren erakusle izan da Euskal Herriko Musika Bulegoa sarien zazpigarren aldiaren banaketa ekitaldia. Errenteriako (Gipuzkoa) Lekuona Fabrikan egin dute, eta hamar garaikur eman dituzte guztira. «Areto honetan duguna euskal musikaren aniztasunaren isla da», adierazi du Musika Bulegoaren ordezkari Amaia Ispizuak, sarituez mintzo. Zehazki, lau musika taldek eta sei artistak jaso dute aitortza: Merina Gris, Su ta Gar, Neomak, Mice, Ines Osinaga, Teresa Catalan, Enrike Solinis, Elena Setien, Oreka TX eta Kepa Junkera saritu ditu elkarteak.

Musika Bulegoak sarien banatze ekitaldia, atzo, Errenteriako Lekuona Fabrikan. (Musika Bulegoa)

Musika Bulegoak sarien banatze ekitaldia, atzo, Errenteriako Lekuona Fabrikan. (Musika Bulegoa)

Musika Bulegoak zehaztu du aurten emandako hamar sarien artean ez dagoela inolako mailakatzerik. Edonola ere, denak ez dira modu berean esleitu: zortzi irabazle epaimahaiak izendatu ditu; bat, Etxepare Institutuak, eta beste bat —ohorezko saria— Musika Bulegoa elkarteko zuzendaritza batzordearen esku izan da.

Musikagintzan aditu diren zortzi lagunek osatu dute epaimahaia, eta 2022an sorturiko 120 musika proiektu izan dituzte aztergai. Iazko uztaren «emankortasuna» nabarmendu dute epaileek, iritzi baitiote kalitate handiko lanak atera zirela argitara 2022an; «askotariko estiloetakoak». Besteak beste, nabarmendu dituzte Elena Setienen Unfamiliar minds lanaren «nortasuna» eta «hipnotizatzeko gaitasuna», Merina Grisen Zerua orain diskoak bistaratzen duen «trebezia», eta Miceren Lautada lanaren «interpretazio ikaragarria». Neomak eta Su ta Gartaldeek, Ines Osinagak, Teresa Catalanek eta Enrike Solinisek ere epaimahaiak hala erabakita jaso dituzte sariak.

Etxepare Institutuak zehazturiko saria Oreka TX taldeak jaso du. «Euskal musika nazioartera zabaltzeko eginiko lanagatik», zehazki. Taldeak urteak daramatza txalaparta askotariko musika generoekin uztartzen, eta bestelako arte diziplina batzuekin eraikitako ikuskizunak egiten. Etxepare Institutuaren iritziz, «Euskal Herriaren erakusleiho» da, eta horregatik merezi du jasotako garaikurra.

Ohorezkoa, Kepa Junkerari

Ohorezko saria Kepa Junkera trikitilariari eman diote, «euskal kultura eta euskara nazioartera modu berritzailean eramateagatik, trikitia erritmo, instrumentu eta estilo berrietara egokituz». Ekitaldian, haren ibilbidea ekarri dute gogora, eta nabarmendu dute, hain zuzen ere, Kepa Junkera dela, Musika Bulegoaren ustez, «Euskal Herriko musika eszenak izan duen pertsonaiarik garrantzitsuenetako bat».

Musika Bulegoaren VI. Sarietan aitortza jaso duten lanen %70 izan dira euskarazkoak. Generoari dagokionez, aurten saritu diren proiektuen %42 dira emakumeek gidatuak.

ETIKETAK:Ines OsinagaKepa JunkeraMerina GrisMiceMusika BulegoaMusika Bulegoa SariakNeomakOreka TXSu Ta Gar