Musika

Iñaki Lasa Etura

2020.11.17

Iñaki Lasa Etura

Melenas eta Petti (Andoain, 2020.11.13)

Nolakoa den 2020a. Urteurren borobila ospatzeko ezinhobea zirudien urteak ospakizunetarako tarte gutxi utzi dio Bloody Maryri. 30 urte bete ditu aurten Juancar Albercaren Irungo (Gipuzkoa) disko dendak, baina kontzertu bakarra antolatu ahal izan du urte osoan: Melenasek eta Pettik Andoaingo Bastero Kulturgunean eskainitakoa, hain zuzen ere. Gipuzkoako herri honekin lotura estua du Bloody Maryk. Andoaingo Rock Jaialdia mimo handiz antolatzeaz gain, Basteron emanaldi andana prestatu ditu sustatzaileak azken urteotan. Ez da harritzekoa, beraz, Andoain aukeratu izana Bloody Mary festarako. Buruhausteak azken egunera arte izan zituen: Eusko Jaurlaritzak hartutako azken neurrien ondorioz, kontzertua 19:00etara aurreratu zuten, eta Andoaingo eta ondoko herrietako musika zaleek soilik goza zezaketen emanaldiarekin.

Petti talde osoa

Petti eta bere taldea: Joseba Baleztena (gitarra), Ander Zulaika (bateria), Iñigo Telletxea (baxua), Alejandro Saul (biolontxeloa) eta Juantxo Zeberio (teklatuak). Argazkia: J.A. Areta Goñi (Juxe)

Covid-19aren garaiotan, goiz eta puntual hasten dira kontzertuak. 19:00etan agertu zen oholtzan Juancar, esker onez beteriko hitzaldi laburra egiteko. Bi minutu geroago hasi zuen kontzertua Melenasek, despistatu bat baino gehiago bere eserlekua aurkitzeko lanetan zegoenean. Ordu erdiko kontzertu frenetikoa eskaini zuen Iruñeko rock laukoteak. Izen ezin aproposagoko Días raros (“Egun arraroak”) lana aurkeztu zuten Oihana Herrerak (ahotsa, gitarra eta teklatuak), Maria Zubiaurrek (teklatuak), Leire Zabalak (baxua) eta Laura Torrek (bateria). Aurreko diskoaren jarraipen gisa uler daiteke Días raros, orain arte jorratu dituzten estiloak biltzen dituzte: garagea, 1960 eta 1970 hamarkadetako rocka… Bloody Mary zigiludun doinuetan pentsatzerakoan burura datorren musika, alajaina.

Lan horretako abestietan oinarritu zuten kontzertua: “Los alemanes”, “3 segundos”… Gehiegizko reverb efektuak abeslariaren ahotsa ondo ulertzea galarazten bazuen ere —berdina gertatzen da diskoa entzutean—, emanaldi gozagarria izan zen. Agudo igaro ziren 30 minutuak, eta gehiagorako gogoz utzi zituzten zaleak. Osasun krisiaren ondoriozko neurriak betetzeko 21:00etan amaitu beharrak ordutegia estutu zuen. Gazteleraz kantatzen badute ere, euskaraz ondo moldatzen direla erakutsi zuten abestien arteko tartean. Ea ba euskaraz kantatzera animatzen diren etorkizunean…

Pettiren emanaldirako itxaronaldia laburra izan zen. Melenasek amaitu eta ordu laurdenera entzun ziren “Zaldi emozionalak” abestiaren lehen akordeak, oholtzako oihala irekitzearekin batera. Ordu eta laurdeneko kontzertua jo zuen seikoteak: Petti (ahotsa eta gitarrak), Joseba Baleztena (gitarra), Ander Zulaika (bateria), Iñigo Telletxea (baxua), Alejandro Saul (biolontxeloa) eta Juantxo Zeberio (teklatuak)Manipulazio estrategiak diskoko lehen kantua da “Zaldi emozionalak”, blues ukituko hasiera ederra.

Urte hasieran argitaratu beharreko lana zen Manipulazio estrategiak, baina pandemia bitarte, hilabete batzuk giltzapean gordeta eduki du, eta zuzenekoetan jotzeko hilabete batzuk itxaron behar izan ditu. Udan izan zuen estreinaldia, Lesakako (Nafarroa) plazan, eta pasa den hilabetean egin zuen aurkezpen ofiziala, Guggenheim museoaren aretoan. Hori dela eta, badaezpada ere atrila izan zuen alboan Pettik, eta noizbehinka so egin bazion ere, nabari da abestiak sobera entseatu dituela, ez zen huts larririk nabaritu.

Zati akustiko eta elektriko bana ditu diskoak, eta lehen parte lasaiago horri heldu zioten kontzertuaren hasieran. “Diotenez” izan zen bigarren abestia, Manipulazio estrategiak-en berezko ordena jarraituta. Zeberiok eta Pettik ekin zioten kantuari, Zulaikak shaker-a goxo mugitzen zuen bitartean. Pixkanaka sartu zituzten gainontzeko geruzak eta musika tresnak. Baleztenak eta Telletxeak “nik diot ezetz” koruetan errepikatuta jarri zioten kontrapuntua Pettiren ahots sakon eta urratuari.

Petti andoain 2

Kontzertuaren lehen zatian doinu akustikoak nagusitu ziren. Argazkia: J.A. Areta Goñi (Juxe)

Gitarra akustikoarekin jarraitu zuen Berako musikariak “Inozoak ispilu bila”-n, baina kantu honetan hasieratik aritu ziren taldeko sei kideak. Disko berezia da Manipulazio estrategiak, Pettiren hamahirugarren lana. Kontzeptuala eta politikoa. Noam Chomsky pentsalari estatubatuarraren gogoetatik abiatuta, Sylvain Timsistek osatutako dekalogoan oinarrituta daude hitzak, eta Harkaitz Canok itzuli eta moldatu ditu. 2020a testuinguru egokia da halako gaietarako, baina proiektua orain dela bi urte abiatu zuen Pettik, pandemia arrastorik ez zegoenean.

Canoren eta Pettiren arteko elkarlana hobekien islatzen duen abestietako bat da “Errurik gabeko habia”. Erru hitzarekin eta r hizkiarekin osatutako kakofoniek indar berezia hartzen dute Pettiren eztarrian, eta ahotsarekin hainbat baliabide erabiltzen ditu kantuak aurrera egin ahala. Azpimarratzekoa da estrofa batzuk errezitatuta sortutako atmosferaren ostean egin zuen oihu katarkikoa. Instrumentalki ere oso ondo jantzitako kantua da, eta zuzenekoan nabaritu zen tresna bakoitzaren lekua eta zergatia.

Abesti horrekin eman zion amaiera Pettik kontzertuaren “tarte akustikoari”, eta gitarra elektrikoa eskuan, Astirtitan diskoko “Erramurik gabeko gauak” jo zuen taldeak. Rock formatu klasikoan jo ere: bi gitarra elektriko, baxua eta bateria. Melodia ederrez jositako abestia da; leun hasi, baina berehala indarra hartzen duen klasikoa.

“Ni naiz” kantuarekin (Hotzikarak diskokoa) oholtzara itzuli ziren Zeberio eta Saul, eta nabaritu zen Pettik kontzertu hasieran agindutako “kaña”. Abeslariak jada zutik abestu zuen, eta libre mugitu zen taulagainean. Abesti amaieran eskainitako tartea bikain baliatu zuen Baleztenak solo ederra egiteko.

Aurkezten zuen diskora itzuli ziren hurrengo bi abestiekin. “Helduentzako sehaska kanta” estudioan bezain jostaria eta dibertigarria da zuzenean. Maite Larbururen ahotsaren falta ondo estaltzen du Pettik. Balirudike manipulazio estrategiak indarrean jartzen ari zela taldea; hasierako hipnosi kulunkaritik, amaierako estasira. Bildutako energia horri jarraipena eman zioten “Zure begia, haien zizare” abestiaren hasieratik. Segurtasun neurriak bete beharrak zutik jartzea galarazten duenez, buruarekin dantza egitea beste aukerarik ez zuten zaleek. Etorkizunean gorputza ondo astintzeko kantu itzela da.

Abiadura geldiezina hartua zuen jada kontzertuak. Gaualdiko gonbidatu berezia aurkeztu zuen Pettik: Zara, Balerdi Balerdi taldeko bateria jolea. “Xoria kantari” abestian, baina, koruak egiteko igo zen taulagainera, eta hurrengo kantuan gitarra hartu zuen eskuetan. “Running down a dream” abestiaren bertsioa emanaldia amaitzeko modu bikaina izan zen. Pettitik, Pettyra; Beratik, AEBetara. Tom Pettyren abesti ezaguna bere egin zuen zazpikoteak, eta oholtza gainean zeudenek disfrutatu zuten bezain beste gozatu zuten besaulkietan ziren entzuleek. Ederra izan zen Pettiren eta Baleztenaren arteko gitarra duelua.

009

Balerdi Balerdi taldeko Zarak gitarrarekin lagundu zien ‘Running down a dream’ abestiarekin bertsioan. Argazkia: J.A. Areta Goñi (Juxe)

“Amaiera” kantua utzi zuten biserako. Eta, berriro, nolakoa den 2020a; Manipulazio estrategiak diskoko letrak egungo egoera deskribatzeko aproposak direla adierazi ostean, duela lau urte argitaratutako abestiak deskribatzen du guztia hobekien: “Nola azaldu ulertezina? Nola azaldu ahantzitakoa? Saiatzeari uzteko momentu ailegatu ote da? Amaiera agertu dela pentsatu ahal duzu inoiz? Zerbaiten hasiera izan leike hori”.

21:00ak puntuan bukatu zen emanaldia. Entzuleak modu ordenatuan atera ziren Kulturgunetik, eta etxeratze agindua tarteko, festondo gutxi izan zuen Bloody Maryren 30. urteurrenak. Norberak egin zuen bere festondoa, hurrengo egunera arte Pettiren doinuak burutik kendu ezinik. Irribarrea belarriraino iristen denean, maskarek ere ezin dute estali.

ETIKETAK:Alejandro SaulAnder ZulaikaBalerdi BalerdiBloody MaryIñigo TelletxeaJoeba BaleztenaJuantxo ZeberioKontzertuakKronikaMelenasPettiZuzenekoak