2019.09.17
Pasai Donibaneko Matxet izeneko txiringitoak 25 urte bete dituela eta, ezizen bera daukan Iñaki Altolagirrek eta haren arreba Margak antolatutako Matxet Fest! jaialdia izan dugu asteburuan. Jaialdiko nobedaderik handiena Jousilouli taldearen itzulera izan da, baina hainbat bitxikeria, ezusteko eta momentu gogoangarri ere bizi dira bertan. Kronika hau ostiralekoa duzue, irailaren 13koa alegia. Bitxia zirudien bi egunetako kartelak, hain estilo ezberdinetako artistak programatu izanagatik, baina nire mezua positiboa izango da: kalitate handiko artistak ikusi genituelako alde batetik, eta hainbat anekdotaren bidez Altolagirre familiaz asko ikasi genuelako bestetik. Zein ikuslego mota azalduko zen zipitzik ere ez nekien. Errenteria, Lezo, Donostia eta Pasaiako punk zahar batzuk, agian, Altolagirreren kanta zaharrak entzutera? Anai Arrebak taldearen itzulera (puntuala?) gozatu eta dantzatzera etorriko al ziren neska-mutil batzuk? Edo Akelarre taldearen emanaldi boteretsu bat ikustera animatuko ziren taldearen fan sutsuenak?
Azkenean, bertaratutakoen adin altua (65 urtetik gorakoak gehienak) eta kanpoan entzundako komentario batzuk zirela eta, argi ikusi nuen gehiengoa Urko ikustera etorri zela. Areto txikia handi geratu zen, hala ere, artisten kalitatea kontuan hartuta oso jende gutxi hurbildu baitzen. Taldeen estilo nahasketak, eta zergatik ez, Donostia Festibala egun berean ospatu izanak zerikusi handia izan zutelakoan nago.
Eserlekurik gabe topatu genuen aretoa. Ikuslegoaren adina zela medio, eta hauetako batzuen eskakizun-kexak tarteko, aulki batzuk ateratzen hasi ziren hain justu Angel Altolagirre jaialdia aurkezten ari zen momentuan. Angel, beraz, Iñaki eta Margaren osaba, izan zen jaialdian zehar mikroa hartu eta mila istorio kontatuko zizkiguna. Hark gidatu zuen emanaldia, era informal eta dibertigarrian. Ez zuen lan makala izan, bere gaztetako anekdotak mamitsuak izanda ere, hango ikuslegoa ez baikenuen bere alkohol eta beste hainbat droga kontsumoari zein koloretako gandorrari buruz entzuteko prest ikusi. Emanaldiak aurrera egin ahala, ordea, barre algara batzuk ere atera zituen, kosta ala kosta.
Errenterian lokal batean sartu eta musika entzun zuten Angel eta bere lagun batzuek: Luisma Gomez, Iñaki Altolagirre (Matxeten aita) eta beste mutil batzuk ziren. Musika zoragarria zen haientzako (rock-and-rolla) eta horrela sartu zen Angel bera mundu horretan. Luisma bera agertokira igo, eta teklatu batzuekin ahal zuen bezain ondo kantatu zituen Los Mitosen “Todos lo saben”, Los Módulosen “Sólo tú”, “Nada me importa” izeneko beste bat —Iñakik beti kantatzen omen zuen, seguru aski Los Mitosena— eta identifikatu ez nuen azken bat ere. Isiltasuna nagusi izan zen, emanaldiaren zati gehienetan bezala, ikuslegoak zeri heldu ez zekielako seguruenik.
Josean Larrañaga Urko taularatu zen segidan. Jaialdia hasi baino lehen kanpotik entzun genuen soinu frogan indartsu eta poderio handiz nabaritu genuen, eta ez zen gutxiagorako izan. 16-17 bat musikari dauzkan banda batekin agertu zen (baliteke Pasaiako Udal Banda izatea, baina hor Errenteriako musikariak ere bazeuden), eta azkenaldian egin duen bezala, bere banda propiorik gabe. Luisma Gomezekin egin zituen pare bat pieza: “Ameriketara joan nintzan” eta “Azken txanpa”, ikuslegoaren zati bat kantuan jarri zuten abesti aski ezagunak biak. Ina Goikoetxea aurkeztu zuen segidan Urkok berak, eta pixkanaka ulertzen hasi nintzen hainbeste musikari eta gonbidaturen arteko loturak. Urko bera txaluparekin Donostiatik etorri zen Pasai Donibanera, Ina bisitatzera eta gitarra jotzen ba al zekien galdetzera. Horrela, Urkoren taldean sartu zen, eta, nik dakidala, bi disko historikotan grabatu zuen: Hemen gaude! (1977) eta Gure lagunei (1978), baita hurrengo hamarkadako Kaioen amodioa (1984) arrakastatsuan edota Gora gure errege (1985) single bikainean ere. Gainera, 1980ean Akelarren sartu eta lehen bi diskoak grabatu zituen haiekin: Asfaltuko lorea (1980) eta Gau pasa(1982). Punta-puntako musikaria zen, beraz, Ina Goikoetxea. Ostiralean, Iparragirreren “Ume eder bat” kantatu zuen Urkorekin, eta gero berriz igo zen, noski, Akelarrerekin kantatzera.
“Guk euskaraz” abestiak ikusle guztiak kantuan jarri zituen, musika bandak kantaren potentziala biderkatu eta halako katarsi kolektibo xume eta gogoangarri bat sortuz
Musika banda igo zen orduan, eta azken hiru kantei ekin zieten era profesional eta gogotsuan: “Peio Joxepe” eta “Kaia barrenian”-en bidez kantutegi tradizionalean sakondu bazuten ere, amaierako “Guk euskaraz” izan zen garailea. Urkok duela 43 urte musikatu zituen Gabriel Arestiren hitzek ikusle guztiak kantuan jarri zituzten, musika bandak kantaren potentziala biderkatu eta halako katarsi kolektibo xume eta gogoangarri bat sortuz; minutu batzuetan bederen. Eta zein zerikusi dauka honekin Angel Altolagirrek?, esango duzue. Bada hasteko, bere anaia Iñaki Urkoren baxu jotzaile izan zen Hemen gaude hartan, eta gero teknikaria, Angel bera bezala. Angelek kontatutako anekdota sorta ere harrigarri bezain totala izan zen: behin Nafarroan, 1977an izango zen, askatasunaren martxa edo horrelako batean, mendian —Iruñetik gertu, akaso— egin nahi izan zen kontzertu batean iheslari batzuk azaldu ziren, baita Guardia Zibila zaldi, zakur eta metrailetaz ere. Telesforo Monzon Urkoren furgonetan sartuta, eta Angel Altolagirre gizajoak, koloredun gandor punkya eta guzti, guztiz beldurtuta, amildegitik behera salto egin zuen zigun, baita atzetik beste hainbatek ere. Urkok gaineratu zuenez, antzerki talde bat zirela esanez lortu zuten gero Iruñean sartzea. “Urkok nintzena baino askoz ere punkiagoa egin ninduen”, gaineratu zuen Angelek, publikoaren barre artean.
Angel Altolagirreren beraren txanda ere iritsi zen. Zer demontre espero genezakeen? Angel y Los Guais edo Negativoren piezaren bat joko ote zuen? Johnny Tornillo berpiztuko ote zuen, ala bertsio batzuk joko zituen, akaso? Edo inprobisatu egingo ote zuen? Oraindik grabatu gabeko kantu batzuekin ausartutakoan, biderik zailena hartu zuen Angelek. Horixe bakarrik falta zitzaigun: muturreko istorioak, punkaren garaiko anekdotak, drogak eta abarrez hitz egiten zuen tipoak guztiz ezezagun diren kantak jotzea, eta ingelesez gainera! Traje zuriz jantzita, pop boteretsua landu zuen, rock kutsu handikoa baina pausatua.
Baxuaren bolumen altuak, gitarraren distortsioak eta soinu elektronikoek indar handia hartu zuten. Baxuan Mikel Irazoki zegoen, Jorge Pardo teklatuan eda Javier Zubiria gitarran, eta soinu trinko eta mardula erakutsi zuten, baina ez zen hau taldearentzako testuingururik onena. “Your destination”, “El que despierta en mí”, “Open your eyes” eta “Life in you” Angelek argitaratzeko daukan diskoan egongo dira, data zehatzik eman ez zuen arren. Azken kanta horretan, Matxet eta Marga Altolagirre ilobak izan zituen bidelagun.
Traje zuri batez jantzita, oraindik grabatu gabeko kantuak jo zituen Angel Altolagirrek. Pop boteretsua, rock kutsu handikoa baina pausatua
Mario Casanovaren txanda, segidan. Ea ba… Nola azaldu honen nondik norakoak eta jaialdi honetan parte hartzearen arrazoiak? 1990ean Zaragozako Distrito 14 taldeko partaide honi disko bat ekoitzi zion Altolagirrek, ezertaz gogoratzen ez den arren. Mariok benetan single bat izan zela oroitarazi zion. Kanta aski polita da, eta ahots leun bezain dotoreaz interpretatu zuen. Txalo gutxi batzuen ondotik, David Bowieren Starman mitikoa abestu zuen, gazteleraz eta hitzak guztiz bere erara eginak zeudela gogorarazi aurretik. David Bowie bera teloneatu zuen Casanovak 1997an, Zaragozan eta Donostian, eta beste behin gutxienez Stingen aurretik jo zuen. Emanaldi motza baina mamitsua izan zen.
Marga eta Matxeten momentu gorena iritsi zen, azkenik. Anai Arrebak zuzenean ikusten nituen lehen aldia zen, eta ez zidaten hutsik egin, ez horixe. Antolatzaile lanetan ibili eta gero taula gainera jauzi egiteak lehen kantan freskotasun apur bat kendu bazien ere, laster eman zioten buelta egoerari. Lehen kanta hura eta gero, “Egunkari ezkutua”-rekin energia-eztanda gertatu zen, eta oldarkortasun hartan eszenografia boteretsua erakutsi zuten “M.a.i.t.e”-n ere. Jaialdi osoan bezala, pantailan argazkiak ikusi genitzakeen. Anai Arrebak taldearekin, Altolagirretarren txikitako hainbat argazki, besteak beste. Michael Jacksonen “Thriller”-en zati nahiko luzea “Ezinezkoa”-rekin lotu eta “Maite zaitut, ez!!!” jostagarria izugarri boteretsu gelditu zitzaien. Disco-funk soinu sakon eta limurtzaile hori benetan zuzenekoetan lortzen dute, diskoetan ez bezala. Grabazioak ondo eginak daude, baina zuzeneko baxu soinu mozkorgarri horren boterea %100ean harrapatu gabe gelditu izan da.
Disco-funk soinu sakon eta limurtzailea zuzenekoetan lortzen du benetan Anai Arrebak taldeak
Ekaitzen baxua, beraz, bere soinu lodi eta boteretsuarekin, jaun eta jabe izan zen, behar zuen bezala. Etxarriren gitarra oso funkya eta frenetikoa zen bitartean, Ander atabal jotzailearen erritmo zoro eta zehatzak harritu ninduen: hori bai da ongi pasatzea, dena eman eta zure lana gustura egitea. Artifiziorik gabe, % 100 zuzenekoa. Aparta. Manu teklatu joleak efektu batzuk egiten zituen, baita koruak egin eta asko dantzatu ere. Kontzertuko animatzaileetako bat izan zen, hasieratik bukaerara. “Anai arrebak party plus”ekin ikuskizunak erabatekoa izaten jarraitu zuen, eta “Oihu!!”, agian taldeak daukan potentziala grabazio batean ondoen erakutsi duen kanta, ez zen gutxiagorako izan. Anai-arrebek kontzertuan zegoen amari hitz eder batzuk eskaini zizkioten, eta segidan, emanaldiari amaiera emateko, M-ak taldearen “Barkatu ama” jo zuten, era indartsu eta nahiko apoteosikoan.
Matxetek aurkeztu zuen Gabriel Sopeña. Zaragozako poeta, musikari, konpositore, unibertsitateko irakasle eta filosofia eta letretan doktorea, Más Birras, El Frente eta beste hainbat abenturatan ibilitakoa. 1991tik Loquillorentzat hainbat hitz eta musika konposatu ditu. Urte hartan kaleratu zuen Loquillok Hombres diskoa. Bere bizitzako momenturik txarrenak pasatzen ari zen: Sabino Mendezek taldea utzi eta El Locoren karrera zintzilik zegoen. Disko hartarako konposatu zion Sopeñak “Brillar y brillar”, Pasaiako kontzertuan ere jo zuena. Iñaki Altolagirrek disko bat ekoitzi omen zion Gabrieli, pentsatzen dut El Frente taldean zegoen garaian, baita abesti hura Loquillorentzako egitea proposatu ere. Iñakik egin zion beste gomendio bati kasurik egin ez, eta “Apuesta por el rock and roll” kanta ez grabatzea erabaki zuen; geroago Héroes Del Silenciok grabatu eta super hit bat izan zen. Sopeñari geratu zitzaion aurpegia ikustekoa izango zen. Bigarren kanta hori ere jo zigun, eta inork –edo ia inork- ezagutu ez zituen arren, bi abestiak hain era biluzian entzutea gozagarria izan zen oso.
Ikuslego kopurua jaisten ari zen etengabe, gaueko 10etatik aurrera. Akelarre oholtzara igo zenerako ia gauerdia zen, baina jendea nahiko gogotsu nabaritu zitekeen. “Eltzegor” mitikoarekin hasi ziren, baina azken urteetan bezala, behar baino apur bat geldoago jo zuten. Berehala ohartu ginenJexuxmai Lopetegi hasierako line-up-ean zegoela: gogotsu, irribarretsu eta oso motibatuta egon zen emanaldi osoan. Beste partaideak hauek ziren: Xanet Arozena (gitarra), Juanpa Agirre (ahotsa), Xabi Zubeldia (teklatuak), Markox Juaristi eta Pako Diaz mitikoak (baxua eta atabalak) eta Edu Cruz (gitarra). Kanta honetan soloa Eduk berak egin zuen, ohi bezain fin eta gustu onez. Hurrengo bi kantuetan lehen aipatutako beste partaide historiko bat igo zen: Ina Goikoetxea. “Kantuz” eta “Eperra”-n izan zen. Inak kantatu zuen azken horren sarrera, eta gero Jexuxmai eta Juanpak hartu zuten, hurrenez hurren, lekukoa. Gainera, Akelarreren lehen diskoan kantari izan zen Xabier Madina ere oroitu zuen, jada gure artean ez dagoen kantari mitikoa. “Kantuz”-en, gainera, Aitor Amezaga partaide historikoa aritu zen teklatuak jotzen. Taldearen urterik onenak bizitu zituen Amezagak (“Gau pasa”, “Ari gara”, “Mari”, “Rockzale” eta “Gauero zuzenean” diskoen garaietan izan zen) eta besteak beste “Bertsolari”, “Alazne”, “Eltzegor” eta “Amets trakets” abestien egilea dugu.
Ez dut uste Akelarreren emanaldi bat ikusten duen inor energia geldiezin hori sentitu gabe atera daitekeenik
Agur esateko “Akelarre” mitikoa baino hoberik ez baitago, honek parte hartzerik handiena ekarri zuen. Jexuxmai gitarrarik gabe aritu zen oholtzan, nik neuk sekula ikusi gabe neukan eran. Euforia puntu batekin azaldu zen, bai koroetan zein berak bakarrik abestutako zatietan. Erretiratu ziren, baita bueltatu ere ikuslegoaren eskakizunari erantzunez.
Jexuxmai ez zen atera lehenengo bis honetan. “1, 2, 3, 4, ispiluen aurrean” kutsakor eta ederra oso ondo hartua izan zen. Kanta asko 3 eta 4 ahotsetan kantatu zituzten, eta teknikoki musikari guztiek erakutsitako maila aipagarria izan zen. Pako Diazek atabaletan daukan zehaztasuna eta feeling-ak hor jarraitzen dute. Markox Juaristik Mari diskoaren berri eman zigun. Ekoizlea (bai, berriz ere) Iñaki Altolagirre izan zela gogoratu, eta taldeak “zer da hau?” esan zionean, hark “holaxe da, hor konpon” erantzun ziela. Disko haren soinua grisa eta ahula geratu zen, eta abestiek zeukaten potentzialtasun guztia zapuztu egin zen. Dena den, “Eltzegor”, “Mutur gehitxo” eta “Mari”-k berak lortu dute taldearen famatuenen zerrendan egotea. “Mari”-n Jexuxmai berriz taularatu zen, logikoa den bezala, eta Juanpa erretiratu egin zen, azken kantan berriz gogo biziz sartzeko: “Gauero” aski ezagun eta erabatekoan alegia. Markoxek kantatu zuen hura,han gelditzen zen publikoaren gozamenerako. Amaiera erabatekoa izan zen, beraz, talde honek atzean daukan legendak merezi duen modukoa. Ez dut uste Akelarreren emanaldi bat ikusten duen inor energia geldiezin hori sentitu gabe atera daitekeenik. Honela, bederatzi kanta eta inork baino denbora gehiago jota (hiru ordu laurdenak ondo pasatuta) erretiratu ziren, ez dakigu noiz arte, baina benetan laster izan dadin espero dugu.