Musika

badok

2014.06.12

badok

Markos Untzetaren aurrerapen kantua

Uda ostean ikusiko du argia Markos Untzeta Eibarko kantariaren lan berriak: Seinaleak (Gaztelupeko Hotsak). Untzetak argitaratzen duen laugarren diskoa izango da, Gaua basamortuan (2002), Zenbat euri (2006) eta Mississippi-ren (2011) ostean.

MarkosU txikia

Markos Untzeta.

Aurreko hiruretan ez bezala, Untzetak bakarka grabatu ditu Seinaleak osatzen duten hamar kantuak, ahotsa eta gitarra akustikoa soilik erabiliz, entzulearengan “atmosfera ilun eta itoa” iradokitzeko asmoarekin.

Izan ere, Euskal Herriko errealitatetik gertu dauden “egoera latzetan” hartu du oin Untzetak kantu hauek sortzerakoan. “Gure inguruak giza harremanetan, politikan edota ekonomiaren arloan bizi dituen zailtasun batzuen isla izan nahi du kanta bakoitzak”, azaldu du Untzetak.

Diskoaren aurrerapen gisa, “Nola ez gorrotatu” eskaintzen dizuegu, Euskal Herriko gatazka armatuaren ondorengo testuinguruan kokatutako asbestia. Musika eta hitzak, Markos Untzetarenak dira.

Nola ez gorrotatu
bidegurutze horretatik pasatzen naizen bakoitzean
bihotza geratu
eta hotz batek gorputz guztia hartzen didanean
kontrol hartan geratu
eta fusilaren kanoia ahoan sartu zidatela
heriotza bera nahiago izatera heldu banintzen
Nola ez gorrotatu
senarrak auto azpian ezer itsatsita ea bazeukan
ondo begiratu
egiten bazuen goizero umeak nirekin zeudela
haiek besarkatu
eta autoa zegoen tokian hutsune bat ikusita
beste egun baterako
bizitza luzatzen zitzaidanaren ustea baneukan?
Nola gogoratu
sentitu gabe har gaizto batek hartuta barrua
Nola begiratu
iraganaren pozoiari txistu eginez aurpegian
Nola bilakatu
lur lehor eta agor hau baratz emankor, nola, esan,
baldin badiot ukatu
besteari mina sentitzearen eskubidea,
ezezagun eta arrotz bazait bere sufrimendua?

ETIKETAK:AurrerapenaGaztelupeko HotsakKantuakMarkos Untzeta