Musika

Igor Susaeta

2014.05.13

Igor Susaeta

Marka bat duten kantu solteak

Hitzez ulertu ezin dena omendu nahiko nuke. Oraintxe! (2007) Borrokan taldearen bigarren diskoak bazituen bizpahiru kantu atmosferiko, nolabait definitzearren. Horietan aditzen ziren, esaterako, euriaren zarata, trenarena, autoena, ardien beea… «Lan hura gehiago izan zen momentuan egindako bilaketa baten emaitza. Lotsagabeagoa zen», azaldu du Joseba Lertxundik, Berako (Nafarroa) taldearen abeslariak. Zuak hirugarren diskoan, berriz, orain hiruzpalau urteko kontzertuetan jotzearen poderioz ibilbide bat egin zuten kantuak bildu dituzte; zazpi, guztira. Atzera begira jarrita, Lertxundiri iruditzen zaio 2002an kaleratutako estreinako diskoan lotuko zituen lokarririk gabeko kantu sorta pilatu zutela. Oraingo lanera ere abesti solteak eraman dituztelakoan dago. «Baina, aditzen dituzunean, ez dakit soinuagatik den, edo kantuek ibilbide bat osatu dutelako, baina antzeko tonua dute». Marka bat. Borrokan taldearena, aurreiritzirik gabeko rock abesti hautsiak, zehatzak eta indartsuak ontzen dituen boskotearena.

BORROKAN

Borrokan taldea. (J.A. Areta Goñi ‘Juxe’)

Lertxundik, Iñaki Iratzokik (gitarra), Ibai Gogortzak (gitarra, saxoa eta ahotsak), Mikel Lertxundik (bateria) eta Iñigo Telletxeak (baxua) orain zazpi urte argitaratutako lana, bigarrena, bazen oraingoa baino progresiboagoa kantuetan, eta baita esperimentalagoa ere konposaketetan. Zuzenagoa da Zuak, Lertxundiren hitzetan. Rockeroagoa. «Baina ez da erabaki kontziente bat izan. Hala atera da». Kantuak Berako Mik estudiora erregistratzera eraman zituztenerako, ez zuten uzten aldaketarako tarte handirik.

Maikelen gidaritzapean grabatu zituzten 2012ko irail-urrian. Iazko maiatzean plazaratu nahi zuten diskoa, baina argitalpena atzeratu egin zuten hainbat arrazoi tarteko. Abeslariaren esanetan, ez presarik ez inoren presiorik ez zutelako —autoekoizpena da—, nahasketetan luzatu zirelako, frogetan-eta ez zirelako askorik zentratu, masterrarekin ez zeudelako oso konforme… Baina pozik daude emaitzarekin. «Xabier Erkiziak gehitutako kolore batzuei esker» nahasketetan doinuei hobekuntzak-edo egin dizkietela dio. «Baina kantatzeko manerak eta musikaren oinarriaren parte handi bat finkatuta zeuden».

“Ahalegindu egin behar duzu kantua bukatzen, duzunarekin konformatzen, nahiz eta agian ez zaizun zoragarria iruditzen»

Abestien lehen zertzeladak bateria eta gitarra doinuen bidez sortzen dituzte. «Jostatu egiten gara gero, eta aldaketa handiak egon daitezke azken emaitzan…». Eta, 1994an Beran egin zen Nafarroa Oinez-erako abesti bat grabatu zutenetik, haiek ere aldatu egin dira. OHOko zortzigarren mailan zeuden artean. Musika egiteko denbora gutxiago dute orain. «Elkartzen garenean zerbait berezia izaten da, ordea». Gehiago aprobetxatzen dituzte uneak, gehiago baloratu. «Etxean ere lan pixka bat gehiago egiten dugu» .

Digeritzeko beharra

Sortzerakoan, hortaz, erritmo nahiko pausatua daukate. Ez dute uste bi urtez behin disko bat kaleratu ahal izango luketenik, iruditzen zaielako, batik bat, zerbait esateko gauzak gertatu behar zaizkiela aurrena. «Urte batean, agian, gauza asko pasatu ahal zaizkizu, baina hori digeritu egin behar duzu hartaz hitz egiteko».

Lizuniagan (Bera) entseatzen dute gehienetan, baina ez daukate metodo finkorik. Elkartu daitezke astean behin, bizpahirutan… Eta hiru aste ere igaro ditzakete lokalean instrumentuei heldu gabe.

Eta, elkartzen direnean, ez dira musikaz, entzuten dutenaz eta beste askorik solastatu zaleak. «Ez dugu zera esaten: ‘Ahalegindu behar dugu kantu bat egiten ukitu honekin’. Ez. Tarte bat dugunean hasten gara entseatzen, eta ea zer ateratzen den». Irteten dira Borrokan markaren doinuak, post-corearen etiketapean biltzen direnak, nahiz eta haiek definizioak ez dituzten maite. Gainera, elkarrekin hogei urte daramatzaten arren, ez zaizkie ateratzen beste molde bateko kantuak. Argi daukate zer nahi duten elkartzen direnean. «Tira…», esan du Lertxundik, umorez. «… Baina bai». Pentsatzen du, gainera, ahal dena egiten dutela. «Daukaguna grabatu dugu. Ahalegindu egin behar duzu kantua bukatzen, duzunarekin konformatzen, nahiz eta agian ez zaizun zoragarria iruditzen». Ez du uste sortzen dutena hain ezohikoa, hain arraroa denik. «Talde guztiek egiten dute saialdi bat, eta hau da gurea».

Hitzak, une jakin bateko sentsazioen bilketak direnak, Lertxundik berak eta Gogortzak idazten dituzte. Badute dezente kriptikotik. «Bai? Tira, denetik dago. Batzuen esanahia nahiko irekia da, baina esango nuke badirela batzuk zuzenagoak».

Behinolako erreferentziei eusten diete oraindik ere, eta Lertxundik Bap!! eta Ama Say aipatu ditu, esaterako, lehen kolpean. «Irekiak gara gustuetan, eta musikara ere irekitasun hori eramaten saiatzen gara». Azkenaldian harritu duten taldeen artean Klak!son-en izena eman du. «Ez ditut zuzenean ikusi, ordea». Borrokan-en kontzertuak indartsuak dira, zuzenak, marka bat dutenak.

(Berria egunkarian argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:BorrokanTaldeak