Musika

Andoni Imaz

2022.06.09

Andoni Imaz

Maraca Diablo, biziberrituta

Maraca Diabloren hirugarren diskoak Maraca Diablo du izena. Horrek berak adierazten du mugarri bat dela, bigarren jaiotza bat irudikatzen baitu. Ina Iriondoren bakarkako proiektua izan da orain arte, Munlet taldean erabiltzen ez zituen doinuak aprobetxatzeko bide bat, haren esanetan, baina talde bihurtu da orain, eta beste izaera bat hartu du horri esker. Era askotako bederatzi kantarekin osatu dute lan berria.

Maraca Diablo 2022

Elgoibarren emango du Maraca Diablok diskoa aurkezteko lehen kontzertua.

Aurretik, Iriondok Hail Zigurat!(2012) eta El regreso del niño indio (2019) diskoak atera zituen Maraca Diablo izenarekin, bere kantak bilduz, baina zuzenean jotzeko asmo handirik gabe; «nahikoa lan neukan Munletekin». Konfinamendu garaian aldatu zuen planteamendua: musikari lagun batzuk elkarrekin aritzeko gogoz zeuden, eta hala hasi zen kantak sortzen, apropos taldean jotzeko. Orain, Iriondo (ahotsa, gitarra eta teklatuak), Anita Perez (ahotsa, sintetizadorea eta theremina), Asier Etxaniz (gitarra eta ahotsa), Josu Iriondo (baxua) eta Rafa Furnier (bateria eta perkusioa) dira Maraca Diablo.

Hala, soinua «zeharo» aldatu da: banda batena da orain. «Kantu-kantuak egin ditugu, horiekin disko oso bat taldean, eta, gainera, kantuek lotura dute beren artean, baina bakoitza mundu bat da. Esango nuke soinu propio bat lortu dugula, originala», azaldu du Iriondok.

Hark sortu zituen abestiak, etxean: «Traste asko ditut: gitarrak, sintetizadoreak, erritmo kutxak…». Maketak grabatu, kideei bidali, eta horrela hasi ziren diskoa prestatzen. «Boladak izaten dira; oraingoan, kantu guztiak ia-ia segidan etorri zitzaizkidan». Gehienak luze samarrak dira; lau edo bost minututik gorakoak. «Kantuak berak eskatzen zuen garapen bat, aldaketa bat, beste bide batetik joatea. Gainera, hasieran luzeagoak ziren: moztu egin ditugu, oso progresiboa zelako bestela». Iriondok ondo pasatu du taldean sortzen, eta uste du hori igartzen dela emaitzan ere.

Kanta bezainbat estilo

Javier Corral Jerry musika kazetariak idatzi du diskoa «sailkaezina, ia definiezina» dela. Iriondok denetik entzun du jada: rocka, punka, progresiboa, folka, krauta… «Urte hauetan guztietan hainbeste musika entzun dugu… Dena nahasten da. Azkenean, kantua aurrera ateratzeko erabiltzen dituzun elementuak dira. Akorde sekuentzia batek zerbait ekartzen dizu burura, eta haren atzetik jarraitzen duzu, ea nora eramaten zaituen».

Kanta batzuek rock alternatiboaren soinua dute, besteek gehiago dute folketik, badira ambient musikara jotzen dutenak, psikodelia kutsukoak… baita flamenkotik gertu dabiltzanak ere. «Jendeak esan dit “Dies irae” kantak Triana eta 1970eko urteetako musika hori gogorarazten diola. “Milia Lasturko” eta “Hi, laberintoan” abestietan, afinazio irekiak erabili ditugu, eta hori asko erabiltzen da folkean; horra eramaten zaitu entzutean. “Antzarbasoko aztia”, berriz, erdi asmatutako erdi egiazko istorio bat da, elezahar bat, pixka bat okultista».

“Urte hauetan guztietan hainbeste musika entzun dugu… Dena nahasten da. Azkenean, kantua aurrera ateratzeko erabiltzen dituzun elementuak dira”

Iriondok zinematografikotzat dauzka Maraca Diablo proiektuan lehenago egin izan dituen pieza instrumentalak, eta taldeko kantek ere badituzte horrelako pasarteak. Horrek badu bere garrantzia haren sortze prozesuan: «Musika egiteko garaian, oso bisuala naiz: soinuekin irudiak ikusten ditut. “Hi, laberintoan”-en zati batean, “Dies irae”-ren amaieran, beste zati instrumental batzuetan… horietan pelikula bat ikus dezakezu». Gainera, berehala etortzen zaio gogora kanten bideoklipek zer-nolako itxura izan behar duten: «Kantua entzunda, badakit zer unibertsotakoa den».

Iriondok berak idatzi ditu kanten hitzak, Etxanizekin batera; denak euskaraz. Istorioak kontatu dituzte: «Ez naiz kantetarako hitzen egilea berez: ni musikaria naiz, baina gustatzen zait kantuei zentzu bat ematea, hitzen bidez zerbait transmititzea».

Diskoa «etxean» aurkeztuko dute bihar, Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan (Gipuzkoa), Sinuose elkarteak antolatutako kontzertu batean. Taldekideak ingurukoak dira, Elgoibarkoak eta Mendarokoak (Gipuzkoa), eta kontzertua lagunarteko festa bat izango dela uste dute. Gonbidatuak ere izango dituzte, gainera, Iriondok kontatu duenez.

Biharko kontzertuaz gain, beste bi lotuta dituzte jada: ekainaren 24an Bilboko Shake aretoan arituko dira, eta uztailaren 14an, berriz, Gorlizko Xurruten (Bizkaia).

ETIKETAK:Ina IriondoMaraca Diablo