2018.03.15
Bolbora, Hegalka, Kokin edota Kalakan taldeetan ibilitako Thierry Biskari kantariak bere proiektu berria aurkeztu du. Biskarik Manez goitizen artistikoa hartu du bere abestiak plazaratzeko. Iaz hainbat lekutan zuzenean aurkeztu ondoren, martxoaren 28an kaleratuko du Kobreak metalezko haize tresnen taldearekin grabaturiko lehen diskoa, Manez eta Kobreak (Kalapita Produkzioak). Lanari hasiera ematen dion “Zapetagilea” abestia entzun dezakezue hemen.
“Lekukotasun intimo bat” eskaintzen du Manezen lehen diskoak. Kantuen doinu guztiak Biskarik sortu ditu, baina hitzak osatzeko Jon Maia, Uxue Alberdi, Xabier Euzkitze, Aurelia Arkotxa edota Itxaro Bordarengana jo du. “Lurrarekin dudan harremana aipatzen dute kantu horiek”, azaldu du Biskarik, “errotu edo abiatu, joan eta aske izan edo egon eta betikotu. Halaber, besteekin dudan harremana galdezkatzen dut: komunitate baten parte izan edo bazter izan? Nere ezberdintasuna eta nortasuna nola onartu?”.
Ana Telletxea, Fermin Garaikoetxea Mintxo, Vianney Desplantes, Bixente Etxegarai eta Laura Etxegoihenek osatzen dute Kobreak. Taldearen musika tradizioan oinarritzen da eta aldi berean, doinu berrien freskotasuna eta txistukatzen diren kantuen bizitasuna dauka.
Martxoaren 28an Bilbon aurkeztuko du Manezek diskoa, eta ekaina bitartean beste hainbat emanaldi ditu hitzartuak. Hauek dira datak eta lekuak: