Musika

badok

2019.03.05

badok

Maite Larbururen kanta berria estreinatu dugu

Maite Larburu kantari eta musikariak hil honetan argitaratuko du bere bakarkako lehen diskoa, Hezurren azpian (Gaztelupeko Hotsak). Neighbor taldearekin bi disko grabatu ondoren, proiektu berria aurkezten du Larburuk. Lan horretatik, “Gona” abestia estreinatu dugu BADOK atarian. Hemen entzun dezakezue.

Maite Larburu promo

Maite Larbururen disko berriaren promozioko argazkia.

Higain estudioan grabatu ditu Larburuk diskoa osatzen duten 11 abestiak. Carlos Taroncher (klarinete baxua), Aida Torres (perkusioak) eta Beñat Iturrioz (perkusioak) izan ditu lagun Hernaniko musikariak. Larburuk hainbat tresna jo ditu (gitarra elektrikoa, gitarra klasikoa, xilofonoa, kortinatxoa…) baina biolinak leku garrantzitsua hartu du lan berrian. “Disko honetan, Neighbor-eko Maiteren eta biolina jotzen duen Maiteren arteko fusioa gertatu da. Aurrekoetan, ezin nuen halakorik egin”, azaldu zuen Larburuk diskoaren grabazioari buruzko artikulu honetan. Zenbait kantutan Harkaitz Canok idatzi ditu hitzak.

Datorren igandean Gernikako Lekuek jaialdian bakarkako emanaldia eskainiko du Maite Larburuk; hilaren 22an Bergarako Seminarixoan laukote formatuan ariko da, eta diskoaren aurkezpen ofiziala hilaren 28an izango da, Bilboko Azkuna zentroan, Loraldia jaialdiaren barruan Berria-k eta BADOK atariak babestutako kontzertuan.

ETIKETAK:Aida TorresBeñat IturriozCarlos TaroncherGaztelupeko HotsakGernikako LekuekLoraldiaMaite LarburuNeighbor