Musika

badok

2022.11.17

badok

Maialen Aristegi, Eneritz Beraetxe, Biken Larrañaga eta Lorea Zulaika, Arkupehotsak-en

Abian da berriro Azpeitiko (Gipuzkoa) Kulturaz kooperatibaren Arkupehotsak proiektua. Maialen AristegiEneritz Beraetxe, Biken Larrañaga (Lemak) eta Lorea Zulaika (Azalera, Kadira) musikari gazteek parte hartuko dute aurten: Dinamoan egingo duten sormen egonaldian, Eñaut Gaztañagaren (Grises, Ezpalak) formakuntza teknikoa jasoko dute, baita Gartxot Unsainen (Madeleine, Bi Zaldi, Bananas), Tomas Lizarazuren (Bulego) eta Olatz Salvadorren laguntza artistikoa ere, besteak beste. Gainera, musikari horietako bakoitzak kontzertu bat emango du Sanagustin kulturgunean, bidelagunen parte hartzearekin.

Lorea Zulaika musikaria.

Arkupehotsak-en bidez, Dinamoa sormen guneko Soinuaren Eremuko ateak irekiko dituzte lehen aldiz. Sormen egonaldien bidez, esperientzia oso bat eskainiko diete musikari gazteei: musika sortu, ikasi, prestatu eta plazaratzeko aukera bat. «Doinu berrien plaza ez ezik, laborategia, ikasteko eta esperimentatzeko espazioa ere izango da», adierazi dute antolatzaileek.

Kulturaz kooperatibak 2017an jarri zuen martxan Arkupehotsak. Aurreko lau aldietan, dozenaka taldek zapaldu dute Sanagustingo arkupeko oholtza. Ordutik, Kulturazen proiektua bera ere osatu egin da; ekitaldietatik harago, sormen eta transmisio proiektu ugari garatzen ditu orain. Proiektuaren helburua zera da, sortzaile berriei jardunerako tresnak eskaintzea, inguruko sortzaileen balioa nabarmentzea eta belaunaldi berriei plaza bat ematea.

ETIKETAK:ArkupehotsakBiken LarrañagaDinamoaEneritz BeraetxeKulturazLorea ZulaikaMaialen Aristegi