2014.12.16
Euskal Herrian ere ingelesez kantatzeko joera indartu zen 2000ko hamarkadan, batez ere Hegoaldean. Eta zenbaitek lortu du nazioartean ere oihartzuna izatea, Deloreanek eta We Are Standardek, adibidez. Ipar Euskal Herrian errealitate soziolinguistikoa bestelakoa izanik, ez da gauzatu fenomeno hori, frantsesa edo euskara izanik talde eta bakarlarien hizkuntza hautua. Katalunian bezalatsu, ingelesez kantatu izan dutenek (batzuek) euskararako jauzia egin dute edo egiteko prest daude. Euskaraz ere kantuak egiteari ez diote halako beldurrik.
Saioarena kasu paradigmatikoa da. Legorretakoa (1978) izanik, ingelesez ondu zituen lehen bi diskoak: Particular Land (2007) eta Matrioska Heart (2008). Bigarren horrek euskarazko bi kantu zituen. Ingelesezko abestiak sortzea jolas bat zen Saioarentzat: «Ingeles musikatuak entitate propio bat du; ingeles akademikoa baino informalagoa da. Beharbada, musikari anglofiloaren rola jokatzea gustatzen zitzaidan, eta, aldi berean, hainbeste miresten nituen musikari anglofiloen parte-edo nintzela amesten nuen».
Baina ingelesetik euskarara aldatzeko deliberoa hartu zuen, eta Natura izenekoan (2013), orain arteko azkenekoan, euskaraz konposatu zituen abesti guztiak: «Euskaldun zaharra izanik, agian ordura arte ez nion behar bezainbesteko baliorik ematen euskarari, nahiz eta horrela esanda ilogikoa dirudien. Ordea, abestiak euskaraz egitean eta abestean, euskararekiko maitasuna piztu zitzaidan barruan. Euskara poetikoa zen kontzientzia hartu nuen». Bestalde, kontzertu gehienak Euskal Herrian eskaini izan ditu orain artean, eta jabetzen hasi zen, zuzeneko horietan, euskarazko abestiak kantatzean jendearekiko komunikazioa zuzenagoa zela: «Gehiago esango nuke: momentu horretan feedback efektua deskubritu nuen; alegia, entzuleek nik kantatutakoa bueltan ekartzen zidatela, baina haien sentimenduen galbahetik pasatuta, eta, beraz, jasotako mezuak nire sentimenduetan beste eragin bat zuela. Beharbada, nik abestutakoa ulertua zela ikusten hasi nintzen, eta baita sozializatua ere. Ingelesezko abestiak kantatzean, aldiz, ez nuen sentitzen feedback hori: nire burbuilan ingelesez kantatzen nenbilen; entzulearekiko komunikazioa ez zen osoa».
Natura disko osoa euskaraz egiteko erreferenteak izatea ezinbestekoa izan zuen; Joseba Irazokiren kasua, esaterako: «Bere musikan, folk estatubatuarra eta ingelesa zuzen-zuzenean transmititzen zituen, baina, gainera, euskaraz ikaragarri politak ziren».
Ingelesez kantatzen hasi eta euskarara aldatzeko hautua egina dauka Mikel Uraken musikari bilbotarrak (1982). Folk Songs for Tormented Souls plazaratu zuen 2013an, ingelesez. «Euskaraz hitz onak ez egiteko beldurra nuen, ingelesez errazago ezkuta daitezke-eta akatsak».
Urtebetera, ordea, lau kantuz osaturiko EPa kaleratu zuen, bere gustuko lau egileren kantuen bertsioak eginez: Neil Youngen bi, Mikel Laboaren “Gure bazterrak” eta Anariren “Gure mundua”. «Bertsio horiek egin nituenean, berehala konturatu nintzen euskararekin askoz erosoago sentitzen nintzela. Edozein hizkuntza da aproposa rocka egiteko. Eta hizkuntza hori, gutxiagotua badago, are arrazoi garrantzitsuagoa euskaraz egiteko, pisuzko arrazoi bat gehiago euskara indartzeko». Orain arte egindakoaren damurik ez du, eta zuzenekoetan ingelesezko kantu zaharrak ere tartekatuko ditu, baina hemendik aurrera euskaraz abesteko erabakia hartua dauka. Eta hasia da disko berria lantzen: «Presarik gabe ari naiz. Hizkuntza aldaketarekin batera, estiloan ere aldaketa batzuk isla daitezke eta. Soinu ilunago bat bilatzen ari naiz, eta, adibidez, ahotsean distortsioa erabiltzen hasi naiz. Folk amerikarretik proiektu pertsonalago batera pasatzen ari naiz».
Izenetik beretik hasita, ingelesarekin eta euskararekin jolasean ibiltzen da John Berkhout taldea. Oiartzungoak (Gipuzkoa) dira bostak. Iaz plazaratu zuten lehen lana, taldearen izen berekoa. Folka, rocka eta psikodelia uztartzen dituzte, eta kantu guztiak dira ingelesez: baina hizkuntzaren hautua gero eta «oztopo txikiagoa» dela dio Ander Lizaso taldekideak (Oiartzun, 1986): «Munduan ezagutzera eman dezakezu zure musika baita euskaraz bada ere; bertoko kasu esanguratsua Berri Txarrak da. Islandiako Sigur Rosena ere kasu interesgarria iruditzen zaigu. Zein hizkuntzatan abesten den, guretzat bigarren planoan dago; musikak pisu handiagoa du». Kantuak euskaraz egiteko ideia beti izan dute buruan, eta Sortuko Dira Besteak egitasmoan estreinatu zuten aurrenekoa, “Suaren loa”. Aurrerantzean euskaraz gehiago egiteko asmoa dute. Jendearekiko komunikazioak badu eraginik erabaki horretan: «Jendeak hobeto barneratzen du bere hizkuntzan den musika. Errazagoa da kantu baten hitzekin identifikatua sentitzea, euskaraz, katalanez, gaztelaniaz, edo dena delakoan». Lantzen ari diren disko berriak ezustekoak ekarriko ditu bai musikari dagokionez eta bai hizkuntzari dagokionez. «Euskaraz idaztea errazagoa da, batetik, gure ama hizkuntza delako, baina, bestalde, euskaraz idaztea erronka handiagoa da guretzat».
Euskaraz hasi zuen ibilbidea Eneko Burzako Mobydick-ek (Getxo, 1982) Nun taldean ari zenean, baina bakarkako ibiliari ekitean ingelesa hautatu zuen. «Inflexio puntu bat nahi nuen, eta ingelesez hasi nintzen. Uste dut musikak berak eskatzen zuela». Kultura anglosaxoiak «nahi eta nahi ez» eragin handia du gure gizartean, Mobydicken iritzian, eta kritiko ageri da ingelesez abesteak euskaltasunari kalte egin diezaiokeela uste dutenekin: «Mundu guztiak onartzen du anglosaxoi kulturatik eratorritako gitarra elektrikoaren erabilera; inork ez dauka inolako problemarik horrekin, baina euskal kultura arriskuan dagoela ematen du ingelesa erabiliz gero. Noski, euskara erabiltzea euskal kultura bultzatzeko era garrantzitsuenetariko bat da, baina ulertu behar dugu ahotsa musika banda batean dagoen beste soinu bat dela, eta trikitiaren eta bandoneoaren artean aukeratzeko aukera baldin badaukat nire euskalduntasuna arriskuan jarri gabe, gauza bere egin nahiko nuke hizkuntzarekin ere». Euskaraz egin izan ditu bertsioak Mobydickek; Laboaren “Martxa baten lehen notak” lanarena, esaterako. Eta hurrengo lanerako baditu hainbat kantu edo ideia euskaraz izan daitezkeenak: «Hizkuntzaren hautaketaren ardura abestiengan utziko dugu…».
Sortu zenetik egin izan diete galdera Audience taldeko kideei. Zergatik, gernikarrak eta euskaldunak izanik, ingelesez? «Beti erantzun izan dugu gauza estetiko bat baino ez dela. Gure erreferente gehienek ingelesez abesten zuten, eta, arraroa dirudien arren, naturalagoa zen ingelesez abestea», dio Hannot Mintegia taldeko kideak (Gernika, 1978). Rockaren hizkuntza ingelesa dela askotan esan izan dute bateko eta besteko musikariek: «Neuk ere horrela ikusten nuen lehen, baina gero bizitzak erakutsi dit ez dela horrela». Rocka ere edozein hizkuntzatan egin litekeela, alegia, baita AEBetako ahaireak dituena ere. Izan ere, Audiencek euskarazko kantuak ere hasieratik sortu izan ditu, nahiz urriak izan. “Ene aldeko” —lehen maketan—, “Beste zeruaren azpian” —Second Handed bigarren diskoan—, “Betiko” (A Shake in Calm Water) eta beste hiru kantu dituzte iaz kaleraturiko Big Affair (“Burdintzen” eta “Ez da txantxetan“), eta Mystres Games (“Buruko bazterrak”) azken lanetan. «Guretzat oso garrantzitsuak direnak, gainera». Aurrerantzean ere euskarazko gehiago sortuko dituzte, nahiz eta ez duten «ezer programaturik». «Euskal Herrian euskaraz abesten baduzu, oraindik eta aukera gehiago ematen diozu zuregana hurbildu nahi duenari. Nik momentu konkretu batean sentitu nuen jendearengandik gertuago egon nahi nuela. Hala ere, eztabaida ez dago euskararen eta ingelesaren artean. Miresten ditut Mursego, Lhasa eta halakoak, edozein hizkuntza beldurrik gabe erabiltzen dutenak».
«Hasieran nahiko traketsak gara denak, eta errazagoa da ingelesez hastea. Gero agertzen dira besteek zu ulertzeko gogoa edo beharra. Ingelesa moda izan da, eta gauzak erraz egiteko aukera». Bakana da Giorgio Bassmattiren (Donostia, 1974) kasua. Ingelesez hasi zuen ibilbidea Donut taldeko kide modura, eta baita bere bakarkako lehen maketetan ere, baina gero gaztelania izan du erreminta linguistikoa, harik eta 2009an Kafea eta Galletak izeneko lana argitaratu zuen arte. Kafea eta Galletak egitasmorako euskarazko kantuak sortu eta zuzenean grabatu zituen. Zergatik? «Mundu berri batean egoteko zirrara, poztasuna ematen dit euskarak. Gauza berriak, ondo kontrolatzen ez ditudanak, horiek zaizkit bizigarriak». Donosti Sound deituriko musika eta eszenatik eratorritakoen artean euskara (ere) darabilen lehen musikaria da Giorgio Bassmatti. Egun, bi astez behin euskarazko kantu berri bat aurkezten du Euskadi Gaztea-ko B aldea irratsaioan. Euskaraz egiten du «horretarako aukera» duelako, eta zerbait berria eskaintzen diolako. «Gero eta aspergarriagoa egiten zait gaztelaniaz abestea. Gustatzen zait, noski, baina ia urtebete da gaztelaniazko abesti bat egin ez dudala. Agian gaztelaniaz modu jakin bateko abestiak bilatzen ditut, edo nigandik oso abesti sorta konkretua espero da. Euskaraz ez dut horrelako lotura sentitzen. Han lotura, hemen locura».
(Berria egunkarian, 2014ko abenduaren 14an argitaratutako artikulua)