Musika

Ihintza Orbegozo

2015.03.22

Ihintza Orbegozo

‘Lurrean etzanda’ (Ruper Ordorika, 2014)

 

ruper azala

‘Lurrean etzanda’ (Ruper Ordorika, Elkar, 2014)

Euskal Herrian gaur egun jardunean jarraitzen duen kantautorerik esanguratsuenetako bat dugu Ruper Ordorika, eta euskaldun izatea nekeza izanik ere, bertso ttikietan kantu leunak jarriz, euskaltzale ororen ereserki bihurtu zen kantuaren egile izatetik haratago doa; gaur egun bere gitarra soilaz edo Mugalarien laguntzaz aretoak belaunaldi ezberdinetako jendez betetzea lortzen baitu. 35 urte daramatza musikaren munduan, eta urtean-urtean disko ugari saldu eta kontzertu sorta ederra ematen du han eta hemen.

Disko berria besapean zela agertu zaigu pasa den Durangoko Azokara, bere bakarkako ibilbideko 18.arekin. Iazko neguan, bere gustuko euskal abesti klasikoen (eta ez horren klasikoen) bertsioez osatutako lana plazaratu zuen, eta, aurtengoan, berriz konposaketa lanetara itzuli da, 11 kanta berri sortu eta iraileko asteburu bakarrean Elkar estudioetan grabatu zituen, Leo Abrahams gitarran, Simon Edwards baxuan eta Kenny Wollesen baterian lagun zituela. Entzuleak ez du aurreko diskoekiko aldaketa handirik nabarituko bertan, abesti xamur eta lasaiak baitira nagusi, bizitzari eginiko galderaz eta hitz baikorrez beteak. Bizitza eder denean” eta Euria atergabe” abestietan ageri diren rock ukituak disko osoan aurki daitezke, baina, orokorrean, ohituta gauzkan folk eta pop doinuak dira nagusi.

Maiz Joseba Sarrionandiaren hitzak ageri zaizkigu haren lanetan, baina oraingo honetan hitz guztiak bereak dira, Zerutik gertu ez da ondo egoten” abestikoak izan ezik, Dionisio Cañas poetaren Cerca del cielo no se vive bien jatorrizko poesia idazleak berak itzulitakoa baita. Musika guztia Ordorikak konposatua da. Berak esan bezala, azkenaldian gitarra hartu eta musika egitetik hasten du abestien sortze prozesua, eta doinu goxo eta malenkoniatsuak ageri zaizkigu beste behin, ohituta gauzkanez, abesti batzuetan gitarra elektrikoak erritmo gehixeago eta bateriak indar handixeagoa hartzen badu ere. Orokorrean, disko lasaia eta homogeneoa da, abesti guztiak bata bestearen segidan irensteko eginak balira bezala.

Ez du aurreko diskoekiko aldaketa nabarmenik jasan, baina jarraitzaileoi, haietako askorekin gertatu bezala, barruraino sartu zaizkigun eta hunkitu gaituzten abestiak ekarri ditu oraingoan ere. “Bizitza eder denean”, esaterako, zaleon oroimenean iltzatuta geldituko den horietakoa da, hurrengo kontzertuetan batek baino gehiagok koruak eginez abestuko duena.

Lan bikaina egin du oraingoan ere, kalitatezkoa —kalitatezko musikariak bidelagun—, eta bere estiloari irmo eutsiz, diskoak, aspertzeaz urruti, disko-entzungailuari bolumena igo eta etzanda gustura, musikaz gozatzen entzuteko gogoa ematen du. Horretan ere ezin hobeto asmatu baitu Ruperrek. «Hemen egon nahi dut, lurrean etzanda».

(Berria egunkarian, 2015eko martxoaren 22an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:DiskoakElkarKritikakLurrean etzandaRuper Ordorika