Musika

badok

2014.10.01

badok

Lurra: disko aurrerapena

Lurra taldeak datozen asteetan kaleratuko du bere lan berria, Akatsa sisteman (5Gora). Diskoari hasiera ematen dion kantua, “Fenneh“, aurkezten dizuegu gaur badok.info-n. Iñigo Muguruzak (Kortatu, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi…) eta Ane Garciak sortutako proiektu akustikoa da Lurra, eta haiekin batera Carlos Zubikoak (baxua) eta Iban Larreburuk (bateria) osatzen dute laukotea.

Lurra. Gari Garaialde / Bostok Photo

Ane Garcia, Carlos Zubikoa, Iñigo Muguruza eta Iban Larreburu. (Gari Garaialde / Bostok Photo)

Taldean jendaurrean aurkezteko bost kantuz osaturiko disko bat kaleratu zuten 2012an, baina Akatsa sisteman asmo handiagoko lana da. Aurrekoak baino aniztasun handiagoa biltzen du doinuetan (indie-folk, blues, ragtime, jazz, pop edota reggae zertzeladak daude), eta moldaketetan jantziagoa da, hainbat kolaboratzaileren ekarpenari esker (Xabier Solano, Maite Larburu, Oskar Benas, Petti, Sergio Ordoñez…).

Diskoaren promozio orrian Kirmen Uribe idazleak dioenez, “gure bihotzen neurrira” osatutako musika egitea du xede Lurrak. “Giro eta kolore ugariko diskoa osatu dute. Orain bihotzak bare-bare egiten ditu taupadak, orain lauhazka doan zaldi baten larritasunarekin. Banago arte lan bat detaileek egiten dutela on, eta disko hau xehetasunez betea dago, soinu ñabardurak alde batetik eta letra ikusgarriak bestetik. Eguneroko bizitzatik irudi argigarriak jasoz, ‘zure oinutsak maite ditut’ esaten denean bezala”.

ETIKETAK:5GoraAhotseneaDurangoko AzokaLurra