2019.02.22
O.K. Korral-en afixa bat Lou, dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentalaren egileei begira. Izotz Barrio, Usua Garin eta Andrea Lopetegi, Arraio Irratiko kabinan. Zarauzko irrati librean egin zuten topo aspaldi. Putzuzulo gaztetxeko goiko solairuan. Beheko solairuan kantatu zuen azkenekoz Lou Olanguak (Zarautz, Gipuzkoa, 1960 2013), hain zuzen ere, O.K. Korraleko taldekideekin, Arraio Irratiaren aldeko kontzertuan. 2005eko maiatzaren 20an izan zen; hamasei urte ziren jada banda desegina zutela. «Bikaina izan zen. Garai batean, gu ez ginen gure jaioterrian profeta izan, eta pozgarria da ikustea jende gazteari interesatzen zaiola guk egindakoa», ziotson egunkari honi Olanguak berak, 2012ko urriaren 7an argitaratutako elkarrizketan. Handik hiru hilabetera hil zen, biriketako minbiziak jota.
Euskal Rock Erradikala egikaritu zen urteetan oholtzan kantari ikus zitezkeen emakume bakanetako bat izan zen Olangua. Humedecidos taldearekin lehenik, 1982-1984 urteetan. Dani Ulazia (gitarra), Eba Iturain (bateria) eta Goiko (baxua) zituen kide, eta gazteleraz kantatzen zuten. «Gure hastapenak ziren, eta, egia esateko, punkenak ginen. Garai hartan norberak egin behar zuen guztia, ez baitzegoen ezer, eta gu horretan saiatzen ginen», gogoratzen zuen Olanguak. Kontzertu bat grabatu zuten zuzenean, eta lau abestiko maketa bat ere bai, estudioan, baina ez zuten ezer argitaratu.
1985ean, O.K. Korral izena hartu zuen taldeak, eta euskaraz kantatzeari ekin zion. «Garai hartan, euskal folka zegoen, baina oso jende gutxi zegoen punka edo rock-and-rolla euskaraz kantatzen; gu horretaz konturatu ginen, eta euskaraz kantatzea erabaki genuen. Estiloaren aldetik ere, gehiago definitu genuen gure musika». Estilo askoren nahasketa egiten zuten: rock-and-rolla, countrya, rockabillya. Euskalbilly hitza asmatu zuten beren burua definitzeko, eta O.K. Korral diskoa kaleratu Elkarrekin, 1986an. Ordurako, Goikok utzia zuen taldea, eta Iñaki Brakamontek ordezkatu zuen. Diskoa kaleratu eta berehala, Ebak ere taldea utzi zuen, eta Alberto Inzak ordezkatu zuen. Aldaketak aldaketa, Louk kantari rolari eutsi zion. Beti gogor beti mozkor diskoa 1989an argitaratu zuten, atzera Elkarrekin. Handik gutxira desegin zuten taldea. Ondoren, hainbat kolaborazio egin zituen. Las Lagartas taldea sortu 1990eko hamarkadan, Arturo Ibañez (gitarra), Imanol Beloki (bateria) eta Fede (baxua) lagun zituela. Hortxe kantariaren ibilbidearen laburpen posible bat.
Dokumentalerako bidea
Laburpen propioa egin dute Olanguaren herrikide Izotz Barriok (1983), Usua Garinek (1987) eta Andrea Lopetegik (1993). Arraio Irratitik haratago, ikus-entzunezko arloan esperientzia dute hirurek, eta Lou Olanguaren inguruko dokumental bat egiteko proiektua aurkeztu zuten 2017an, Zarauzko Udalak ematen duen Daniel Txopitea bekara. Irabazi ere bai. 3.000 euro. Filmaketarako materiala eta bidaiak ordaintzeko erabili dituzte. «Bi urte joan dira jada Louri buruzko zerbait egitea pentsatzen hasi ginenetik», azaldu du Garinek.
Olanguaren lagun Mikel Kazalis eta Dani Ulazia izan dituzte gidari bidean. Musikari bioz gain, Marimin Aizpurua, Arturo Ibañez, Marivi Ibarrola, Mikel Insausti, Max Iribar, Iñigo Muguruza, Reyes Torio eta Garbine Ubeda agertzen dira dokumentalean. Jende gehiago ere elkarrizketatu dute, baina hamarrok azaltzen dira pantailan.
Louren bizitza elkarrizketatu horien bitartez esplikatu dute. «Mikel Insaustik esaten du dokumentalean, adibidez, Lou izatez oso punkia zela. Denerako; onerako eta txarrerako. Gure asmoa ez da izan, inongo momentutan, Lou mitifikatzea. Garai eta toki zehatz batean hainbat gauza egin zuen emakume bat ezagutaraztea, hori da dokumentala, ez gehiago, ez gutxiago», Garinen esanetan.
“Gure asmoa ez da izan Lou mitifikatzea, garai eta toki zehatz batean hainbat gauza egin zuen emakume bat ezagutaraztea baizik”
Dokumentalak badu nostalgiatik ere pixkat, Barrioren arabera: «Duela 30 urteko kontuez ari dira, azken batean, elkarrizketatuak. Ni nahiko identifikatuta sentitzen naiz haiekin, garaiak oso ezberdinak diren arren. Hemen haien antzera ibiltzen gara, egin nahi duguna geu egiten».
Bada alderik, hala ere, Garinen aburuz: «Inkontzientzia puntu batekin aritu ziren. Aurrena egin egiten zuten, eta, gero, pentsatu, nolabait esatearren. 1980ko hamarkadak badu horretatik ere, eta, gure egungo perspektibatik hasi ginenean, talka bat ere egon zen, galderak egiteko gure modutik beretik. Dena helburu jakin batekin egingo zutela espero genuen». Eta ez. Ondo pasatzea zen Olanguaren eta kideen helburu nagusia. Hala, emakume kantari bakanetakoa izatearena ez zen haren kontzientzia feminista batetik etorri; eta euskaraz kantatzearena ez zen kontzientzia euskaltzale batetik etorri. «Alde horretatik, Lou ez zen bide urratzaile izateko asmo batekin hasi. Inkontzienteki, gerorako zerbait eraiki zuen», Lopetegiren esanetan.
Zaintza sarea
«Ni gehien harritu nauena izan da Louk zenbaterako arrastoa utzi duen jendearengan», nabarmendu du Barriok. «Louk familia handia zeukan, bai», erantsi du Lopetegik. Horren adierazle garbia da, Garinen iritziz, Olanguaren azken etapa: «Gaitzak erasan zionean, lagunek zaintza sare bat sortu zuten, eta hori kontatzea ere polita iruditu zitzaigun».
Musikak amaiera arte izan zuen tokia Olanguaren bizialdian. 59 minututan azaldu dute haren ibilbidea dokumentalgileek. Kantaria ezagutu zutenen argazki eta bideoak lagun. «Aurreikusi baino material argitaragabe gutxiago lortu dugu, hala ere», Barriok azaldu duenez.
Urritasunak urritasun, urtarrilaren 9an Donostiako Dock of the Bay jaialdian estreinatu zuten beren dokumentala, eta ikusleen saria jaso zuen. «Saria tranpolin moduko bat izan da herritik kanpora jauzi egiteko», Garinen hitzetan. Martxoan zazpi tokitan erakutsiko dute filma. Apirilean eta maiatzean ere ari dira lotzen proiekzioak.
Zarauzko estreinaldiaren miran daude, hala ere. «Olangua bertakoa zelako, eta bertako gazte gehienek ez dutelako ezagutzen», Lopetegik nabarmendu duen bezala. Etzi dute eguna. 20:00etan, Modelo areto berrituan. Sarrerak 17:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira leihatilan, doan. «23:00etatik aurrera, berriz, Reyes Toriok musika jarriko du Marina Txiki tabernan. Hor lasaituko gara», iragarri du Barriok. Dokumentaletik kanpo geratu diren hainbat konturi heltzeko asmoa badaukatela ere bai. Eta maiatzean filma Putzuzulon ematea dutela amets, Lou gabeko baina Louren omenezko «kontzertu bat lagun». Dantzan jo eta ke, oinak lehertu arte.