Musika

badok

2015.09.14

badok

‘Loreak non dira’, Lou Topet eta Harkaitz Canoren lehen singlea

Hainbat kantu egile estatubatuarren abestiak euskarara ekarrita moldatzeko ahaleginaren emaitza argitaratuko dute Lou Topet taldeak eta Harkaitz Cano idazleak udazkenean. Abesti bat gutxiago izena du proiektuak eta 11 kantu bilduko ditu, bonus track bat barne. Abesti horietako bat “Loreak non dira” da, Pete Seeger folk kantariak 50eko hamarkadan idatzitako “Where Have All The Flowers Gone” kantuaren moldaketa, eta berau da diskoaren aurrerapen gisa taldeak aukeratutako singlea. BADOK atarian entzun dezakezu gaurtik aurrera.

Lou Topet eta Harkaitz Cano by Juan G. Andres 01

Lou Topet taldeko kideak eta Harkaitz Cano, ‘Abesti bat gutxiago’ diskoaren egileak. (Juan G. Andres)

Duela hiru urte Oier Aranzabal kantari eta gitarristaren inguruan Zarautzen sortutako taldea da Lou Topet. Esnatu dira disko laburrarekin agertu zen plazan 2013an, eta bigarren diskoa ere kantu propioez osatzea zen taldearen asmoa. Lan horretan ari zen hain zuzen, Aranzabalek Jeff Tweedy Wilcoko kantariaren “Nobody Dies Anymore” euskaratzeko eskatu zionean Harkaitz Canori. Kantuen letrak hizkuntza batetik bestera eramateko eta bertsioak egiteko arteari buruzko iritziak eta gogoetak trukatzen hasi ziren bi sortzaileak, eta bertsioen disko oso bat egiteko ideiak gorputza hartu zuen. Lou Topeten bigarren diskoa izan behar zuena alde batera utzi eta bertsioak lantzeari ekin zion taldeak.

Lou Topet estudioa

Oier Aranzabal, Martxel Arkarazo teknikaria, Ander Zulaika eta Rafa Rueda, Garate estudioan. (Tom Hagen)

AEBetako folk eta rock kantarien abestiak aukeratu ditu Aranzabalek euskarara ekartzeko. Irizpide bakarra, bere gustukoak izatea. Tweedyk leku nabarmena du diskoan, haren bakarkako bi kanta (“New Moon” eta aipatutako “Nobody Dies Anymore”), Wilcoren “You and Me” eta Billy Braggek Wilcorekin grabatutako “Ingrid Bergman” moldatu baititu. Pete Seegerren salbuespenarekin, garaikideak dira gainerako guztiak (John Hiatt, Damien Jurado, Will Oldham, Mavis Staples eta Cass McCombs).

Disko honen bueltan kide aldaketa bat izan da Lou Topeten, Unai Martinez gitarristak taldea utzi eta Rafa Ruedak ordezkatu baitu. Joan den uztailean grabatu zuten diskoa Andoaingo Garate estudioan, Martxel Arkarazo soinu teknikariarekin, eta zenbait kolaboratzaile izan zituzten lagun: Joserra Senperena (pianoa, hammond organoa), Giorgio Bassmatti (ahotsak) eta Ainara Lozano (ahotsak).

Lou Topet koloretan

Oihan Larrañaga eta Rafa Rueda, diskoaren grabazioan. (Tom Hagen)

Abesti bat gutxiago disko-liburu formatuan argitaratuko da, kantuak euskaratzeko prozesuari eta bertsiogintzari buruz Harkaitz Canok idatzitako testu batekin. Lana kaleratu ahal izateko crowdfunfing kanpaina bat egin zuen taldeak, arrakasta handiz.

ETIKETAK:Giorgio BassmattiHarkaitz CanoJoserra SenperenaLou TopetMartxel ArkarazoRafa Rueda