Musika

Uxue Rey Gorraiz

2023.09.21

Uxue Rey Gorraiz

Liher taldeak «etenaldi luze bat» eginen du martxotik aurrera

Liher taldea, 2022ko zuzeneko batean, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU

Liher taldea, 2022ko zuzeneko batean, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU

Geldialdia iragarri du Liher musika taldeak; “hibernazioa”. Donostiako laukoteak 2021eko udazkenean plazaratu zuen azken lan luzea –Eta hutsa zen helmuga–, eta, orain, jakinarazi du “etenaldi luze bat” eginen duela diskoaren aurkezpen bira bukatutakoan. Aurretik, baina, “gero arte” esateko zenbait kontzertu iragarri dituzte 2024. urtearen hasierarako: martxoaren 2an izanen da azkena, Donostian.

Taldeak ez du zehaztu etena noiz artekoa izanen den, baina iradoki dute biraren ondoko agurra “beste batzuetakoa baino garrantzitsua” izanen dela. “Ez goaz betirako; baina noiz arte ere, ez dakigu oso ondo”. Izan ere, kideek nabarmendu dutenez, atseden premian dira, zortzi urtez “jo eta fuego” aritu ondotik.

Edonola ere, Liherrek kontzertu mordoa du aurreikusia udazken honetarako. Zehazki, hamar emanaldi eginen ditu abendura bitarte; horietako zenbait, atzerrian. Ondotik, dagoeneko 2024an eginen ditu berriki iragarritako agur kontzertuak. Urtarrilaren 26an Gasteizen ariko da, Jimmy Jazzen; otsailaren 25ean, Bilboko Kafe Antzokian, eta martxoaren 2an, berriz, Donostian. Azken horri dagokionez, oraindik zehazteko dago zer aretotan joko duten.