2015.12.04
Haxotz taldeak Letaginak EP berria aurkeztuko du Durangoko Azokan, gaurtik asteartera bitartean. Sei kantuk osatzen dute Bilboko boskotearen hirugarren lana —Bide ertzean (2012) eta Isladak (2014) etorri ziren aurretik— eta taldearen alderdirik “ilunena eta gogorrena” erakusten dute. Gaur horietako bat estreinatzen dugu BADOK atarian, “#” izeneko abestia. Hemen entzun dezakezu.
Enkore taldeko Urtzi Iza gitarristaren estudioan grabatu du Haxotzek diskoa, eta ekoizpen lanak ere egin ditu hark: moldaketak eta melodiak landu ditu, baita teklatuak jo zenbait kantutan ere. Taldearen kantuei “aire berria” eman diela uste dute bost taldekideek: Jokin Erkoreka (ahotsa), Iñaki del Olmo (gitarra), Jon Txirapozu (gitarra), Markel Fernandez (baxua) eta Unai Castañeda (bateria).
Diskoaren 250 ale baino ez ditu fabrikatu taldeak, eta eskuz landu du hala diseinua nola kartoizko bildukia. Hortaz, ale bakoitza “artisauaren taxuaz asanblatuta dago” eta bere zenbakia eta zigilua daramatza. Durangoko Azokako Autoekoizleen Plazan izango da salgai diskoa, gaurtik asteartera bitartean. Horrez gain, Ahotsenean gunean aurkeztuko du Haxotzek lan berria, larunbatean, 12:20ean.