2019.07.16
Sinestezina izan da Berri Txarrak-ek Kobetamendin lortutakoa, betirako memorian gordetzeko modukoa. Milaka eta milaka pertsona euskaraz kantatzen, urtero indie musika gailentzen den eremu batean. Are gehiago, metal, rock eta hardcore doinuekin Euskal Herri osotik zein kanpotik etorritako 20.000 arima aztoratu eta betikotasunera pasatzea lortu du taldeak, ordu gutxi lehenago postureo eta modaren poligonoa izan den leku berean. Sekula ez da euskaraz halakorik lortu musika munduan. Bernart Etxeparek burua altxatuko balu! Kobetamendin bizitutakoaren osteko euforia hau gozatu dezagun, bestelako ñabardurak egiteko denbora ere egongo baita. Euskara, jaldi hadi plazara!
Ez da inoiz erraza izan honaino iristea: Kobetamendira igo behar da, oinez ez bada autobusez, eta EITBren kanpoan ordubeteko ilarak egin behar izan genituen autobusa hartzeko. Garai batean baino dezente urrutiago egiten dute geldialdia autobusek, eta 1,3 kilometro egin behar dira oinez kontzertuaren lekuraino. Jarraian, egarriak jota, edateko zer edo zer lortu nahi izanez gero jai daukazu, ordu erdi batean bederen. Horrela, Ahotseneako egitaraua ixten zuen kontzertua, IONT taldearena, ikusi nahi nuen arren, botila bat ur lortzen joan zitzaidan denbora. Zerbitzari gutxi, prezio oso altuak, afaltzea utopia huts bihurtua…
Zuzenean, bagoaz oholtza nagusira. Itxura aparta dauka: BBK Live jaialdiko egitura eta muntaia osoa aprobetxatzea ideia bikaina eta harrigarria izan da, inondik ere. Giroa paregabea da, eta begiak itxi eta berriz ireki behar izan ditugu benetakoa dela ziurtatzeko. Lekunberrikoak gaztetxe, areto txiki, herrietako besta edo topaguneetan ikusi ditugunontzat amets hutsa baita hau guztia. Broken Brothers Brass Band jendetzaren erdian dagoen korridoretik pasatu da Berri Txarrak-en errepertorioa bere estilora interpretatuz. New Orleansen bagina bezala, gospel eta jazz doinuek giroa berotu dute. Oholtza nagusira ere igo dira eta bihotz gazte eta beteranoen motorrak apurka martxan jarri dira.
“Beude”-ren lehen akordeek hasiera eman diote kontzertuari. Hor daude historiara pasako diren hiru lagunak: Galder Izagirre, bere atriletik dena bere lekuan mantendu eta errukirik gabe tinbalak zigortzen dituena; David Gonzalez baxu jotzaile ikusgarri eta boteretsua; eta Gorka Urbizu, jatorrizko taldekide bakarra, Berri Txarrak-en liderra eta sortzaile miretsia, gure rock musikaren frontmanik esanguratsuenetakoa. Bereziki motibatua eta aztoratua nabaritu genuen “Gelaneuria”-n, eta handik aurrera ez zen gelditu ere egin. Zoratuta zirudien “Jaio.Musika.Hil”-en, ikusleak bezala. Haiek denak txaloak kantaren erritmora jotzen istant batean jarri, ohiko “Berri Txarrak Nafarroatik!” oihukatu eta “Izena, ezina, izana”-ri ekin zioten. Beharbada ikuslegoaren zati batek denbora gehiago behar izan zuen giroan guztiz sartzeko, baina emanaldiak gora eta gora egin zuen hortik aurrera. “Spoiler!” nahiko deskalabrua izan zen hasieran behintzat, baina zuzendu zuten, erdialdera edo. Zoragarria zen dena: oraindik egun argiz, gaueko 21:15ean hasitako emanaldian milaka eta milaka pertsona ikus zitezkeen belardi osoan barreiatuta. Atzean eta behean, Bilbo Handia; eta zerua gure esku.
Jurgi Ekizaren sartzea lehergarria izan zen. “Ez dut nahi”-ri eman zion gatza eta piperra. Bere ahots pertsonalak eta karisma berezkoak oholtza bete zuten. Gorkak kontrapuntua ematen zion hainbat bertsotan, biko oso oldarkorra osatuz, eta hainbatek orduantxe ezagutu zuten Jurgi Ekiza bat bazela, eta agian Willis Drummond-en jarraitzaile bihurtuko dira hemendik gutxira. “Etsia” eta “Ez”, gaurko eta atzoko Berri Txarrak-en bi etsenplu izan ziren, kontzertuko hainbat pasartetan gertatu zen bezala. Kuriosoa gertatzen da hainbat jarraitzaile berri kanta zahar eta gogorrenetan hain despistatuta ikustea, bai horixe. Baina hemen denentzat dago lekua, eta hori da talde honen arrakastaren arrazoia. Beste momentu gogoangarri bat: Deabruak Teilatuetan taldeko Aritz Mendieta! Zenbat denbora hura ikusi gabe? Gogoratu ere ez dugu egiten. “Iraultza txikien asanblada” zeruetara bultzatu zuen. Hau bai frontman eta kantari kartsua!
“Zertarako amestu” pasarte motz bezain iradokitzaileak, amesten hasi ziren garaietako ordezkariak (hain zuzen ere, Jaio.Musika.Hil diskoarekin hasi baitzen taldearen gorakada islatzen), “Libre” eta nu metalari egin zien lekua. Pogoa, headbanging-a eta ukabilak gora: Berri Txarrak-en garai zaharretan bezala. Onena zera da, oraindik ere horrela dela zentzu askotan. Aiora Renteria ikuste hutsarekin hainbat aztoratu ziren. “Aspaldian utzitako zelda”-k eta Joseba Sarrionandiaren hitzek garaikurra berez zekarten arren, haren ahotsa ez genuen nahi bezain garbi entzun, eta seguru aski beste kantaren bat hobeto egokitzen zitzaion Zea Mays taldeko abeslariari. “Bisai berriak”-en arazo bera egon zen beharbada, baina horrek ez zien asko axola izan milaka ikusleei.
Geldialdi txiki bat egon zen segidan, eta “Aditu bihurtuak” zoragarri eta hipnotikoa eskaini ziguten, eta zoritxarrez ohituta gauzkaten moduan, ondoren ez zen “Bigarren itzala” etorri, beste harribitxi bat baizik: “Helduleku guztiak”. Denbora da poligrafo bakarra lan hirukoitzeko bigarren diskoa gogoratzeko tartea izan zen. Ricky Falkner (ametsa dirudien arren!) izan zuten bidelagun, hain justu disko horren ekoizlea, gitarrarekin. Martí Perarnau teklatu jotzailea ere ondoan izan zuten momentu oro. La M.O.D.A. (La Maravillosa Orquesta del Alcohol) taldeko David Ruiz abeslaria igo zen “Lemak, aingurak” kantatzera. Beste kantu garaile bat inondik ere, entzulego-masa handientzako perfektua dirudiena. Ricky Falknerrek eta Martí Perarnauk beste bi kantutan jarraitu zuten: “26 segundotan” eta “Poligrafo bakarra”. Martírena demasa izan zen, geratu ere ez baitzen egin, dantzatu eta teklak jo, ikuskizuna eman, eta gu guztiok ahobete hortz utziz.
Adrenalina gaindosi bat segidan: “Ikasten” eta “Isiltzen banaiz”. Gorkak lehena jo baino lehen, jaialdiko langileen baldintza duinen aldeko alegatua egin zuen. Izan ere, azken egunetan atera diren testigantzak guztiz lotsagarriak baitira. “Infrasoinuak gara, baina entzungo gaituzte!” oihukatu zuen, eta ikuslegoa aldarri batean lehertu zen. Eta adrenalinaz ari garelarik, zer esan Iñaki Altolagirre Matxet-en agerraldiaz? Segur aski paraje honetan sekula ikusi den ekaitzaldirik handiena izan zen, guztiz zoratuta baitzirudien, istant batean geldirik egon gabe “Zirkua” kantatzen ari zelarik, Iggy Pop bailitzan. Bene-benetan, itzelezkoa. Apuntatu ezazue ondo: Matxet, Sega Sound Killers taldeko abeslaria. Behin gisa horretan geundela, Los Chikos del Maíz eta Riot Propagandako Toni Mejías “Betiko leloaren betiko leloa” kantatzera gonbidatzeari guztiz aproposa deritzot. Harekin bateria jotzera igo zen tipoa oso ezaguna egiten zitzaidan… Arranopola! Gorka Urbizu telebistan elkarrizketatu zuen morroia ez zen ba! Facu Díazek bateria jotzen zuenik ez nekien, baina makilekin kaxa kolpatzeko duen estiloak guztiz harrapatu ninduen.
Gonbidatu gehiago: Iseo & Dodosound taldeko Iseok, “Eskuak” kanta motz zoragarriaren ondoren, “Biziraun” bere rap estilora bideratu zuen. Gero, hirukoteak “Zaldi zauritua”, “Zerbait asmatuko dugu” eta “Hitzen oinarri ahula”-rekin bere balio guztia eta hain talde arrakastatsu bihurtu izanaren arrazoiak erakutsi zituen. Estiloen gaindi dauden kanta borobil eta erabatekoak, betikotasunerako errepideak. Matt Sharp-ek (Weezer taldeko baxu jotzaile ohia) hegazkin bat hartu zuela azaldu zigun Gorkak, oker ulertu ez banion, hain justu kontzertu honetarako. The Rentals bere proiektu pertsonalaren “Friends O.P.” eta Berri Txarrak-en “F.A.Q.” egurtu zituzten, eta hemendik aurrera ja azken txanpa frenetiko bezain eroan sartu ginela esan genezake.
Amaiera gertu ikusten genuen heinean, emozioak bor-bor eta negar malkoak hainbaten begietan. Gorkak berak ere emozio-zurrunbiloan murgilduta zirudien, gero eta gehiago. Ez dut buruan zenbat gauza izango zituen pentsatu ere egin nahi. Bai, ordea, nabaritu nuen eszenatoki gainetik ikusten zuen jendetzak bueltatzen zion maitasuna sentitzen zuela. Anari eta Karlos Osinaga Txap-ek jasotako esku-zartak ere ez ziren nolanahikoak izan: “Oreka” beste momentu goren bat izan zen ziur aski, ez noski teknikoki edo konpenetrazioaren ikuspuntutik. Hemendik aurrera sentimenduez bakarrik hitz egingo dugu. Gonbidatuen dantza, joan-etorriak eta abarren artean, ez baita perfekzioa hain ohikoa izaten.
“Bueltatzen” eta “Zuri” gaueko momentu lehergarrienen aurrekari izan ziren: Gorkak Aitor Gorosabel aurkezteko erabili zuen modua maisuei bakarrik egiten zaienen parekoa izan zen, eta Aitor bera agertzean entzun zen orrua, erabatekoa. Sinetsi ezinik geunden arren, Su Ta Garren “David eta Goliath” basatiari ekin zioten. Izugarria izan zen: euskal heavy metalak Kobetamendi konkistatu zuen. Aitorrek amorrazioz eta bortizki kantatu zuen, eta gitarrari sua atera zion. Gitarra soloa, riff hilezkorrak eta euskal thrash metalaren momentua izan zen: une eternoa, askok betirako gordeko duguna. Baina oraindik “Oihu” genuen zain, protagonista berberekin. Berri Txarrak-en hasieretako arrakasta, bi taldeen konposizioen arteko ezberdintasunak ikuskatzeko balio duena, baina finean (abiapuntuan behintzat) familia beretik datozen bi talde oinarrizkoen erakusleihoa dena.
Hori eta gero, derrigor erretiroak etorri behar zuen. Lehen bisetan, Nerea Urbizu (Katamalo, Ene Kantak) izan genuen teklatua jotzen eta ahotsean. Gorka anaiarekin batera “Min hau” kantatu zuen, azken honek akustikoa eskuetan zuela. Altsasukoei eskaini zieten kanta, eta amaierako oihuek (“Altsasukoak askatu!” behin eta berriz, gelditu gabe) oilo ipurdia jarri ziguten. El Drogasen momentua ez zen kaña izugarria sartzeko izan, zoritxarrez. Aldiz, “Maravillas” kantatu zuen akustikoarekin eta berriz ere Gorka bidelagun zuela. Berriz ere negar malkoak, ama-alabak besarkatuta, eta bereziki “Nafarroa” kantatzen zutenean elkartasunezko koru kolektiboak entzun ziren. Berri Txarrak-ek bere historiako momentu estelar hau mezu sakon bat bidaltzeko baliatu du, eta horrek ere betikotasuna aurkituko du gure memoria kolektiboan.
Gero, aspalditik denboraz kanpo geundela, “Ikusi arte”-k zale zaharrak asaldatu, hunkitu eta goraipatu zituen, eta “Denak ez du balio”-k azken agurra dezibelio eta oihuz busti zuen. Ez bada, atzera berriz ere, 39. eta azken kantuari ekitera irten baitziren: “Katedral bat”, bere karga sinboliko guztiarekin, 20.000 zale bere onetik aterata zeudela “gitarra astindu eta ikusi kanturik baduen” kantatuz.
Amaitu da, The Beatlesen “Obladi-Oblada”rekin dantzan ari gara denok, besoak alde batetik bestera mugituz, taula gainean dauden musikari eta gonbidatu guztiak ari diren bezala. Eta Liverpoolekoen “Eleanor Rigby”-rekin hasi gara eremutik ateratzen. Hiru orduko kontzertu nahasi, kementsu eta betiereko baten testigu izan gara. Ez dugu gure minaz hitz egin nahi, 25 urteren ondoren eta bere momenturik onenean joango den taldeak utzi digun minaz, momentuko garra eta bizipozaz baizik. Agian ameslari hutsak gara, euforiak bultzatuta idatzi ditugu hitz hauek. Agian inork ez du berriz lortuko halakorik (baietz espero dugu) eta euskal musikaren zale asaldatu bihozdunak gara, baikorregiak. Baina utziguzue amets egiten. Kobetamendin uztailaren 14 hartan egon zen orok egin zuen moduan. Lekunberritik Olinpora jauzi egin zuen talde haren moduan.