2021.03.06
Oholtza ez oso altu bat eta, bertan, hiru aulki. Atzean, pantaila bat, hitzak gurpil izpiak balira bezala idatzita: Munduak euskaratzen, Tutto e niente, Instrumentala, Karawane 2018, Zine-proiekzioa, Walled Unwalled, Esperimentazioaren tradizioak, Seaska kanta bat, Sound-Speech, Eus, Erresonantzia eta Kiromantzidxa… Tabakalerako patioa prest zegoen 18:00etarako, Hizketaldi Handia: Non dago Lekeitio? jardunaldiei hasiera emateko. Tantaka sartu ziren entzuleak, eta Donostiako kultur zentroko zuzendariak hartu zuen hitza lehenik, Edurne Ormazabalek, jardunaldiok udaberriarekin etorriko den Komunikazio-Inkomunikazio erakusketaren atarikoa direla nabarmentzeko.
Oier Etxeberriaren sarrera hitz batzuen ondoren igo ziren oholtzara Itxaro Borda idazlea, Maialen Lujanbio bertsolaria eta Xabier Erkizia musikari eta soinu artista. Ordena horretan eseri ziren oholtzan, ezker-eskuin zeuden aulkietan. Eta gurpil bat sortu zuten ahoz, hitzak biraraziz, murtxikatuz, errepikatuz, elkarri oihartzun eginez. Biradera hark eragindako zorabioan, hitz eta esaldi solteak harrapa zitezkeen: «Mila bederatziehun eta… Garai bat historian… Herri bat lurrean… Munduko borroka politikoen…. Euskal Herri soziopolitikoki ito batean. Hezkuntza bat, euskara, gutxietsia… Herri kulturaren ondare aberatsa ekarri eta espresio modu garaikideekin parez pare jarriz doinu zaharrak, forma berriak… Lekeitioak… Borroka politikoen erdian… Mikel Laboaren ekarpena. Lekeitioak…».
Euskara, gaztelania eta frantsesa tartekatuz aritu ziren hirurak. Eta beste buelta bat eman zieten hitzei: «Garai bat historian, herri bat lurrean… Hizkuntza bat, gutxietsia eta galarazia, eta beste zenbait hizkuntza. Hizkuntzetan hotsak, eta, tarteka, esanahiak, Eta esanahietan, zenbaitetan, mezuak. Esplizituak ala ez, ulertzekoak eta ez ulertzekoak; mutuak, mutatuak; esanak eta emanak; kantatuak eta kantu hiztunak. Bilaketa estetikoa eta jolasa bat direla irudi luke Mikel Laboaren jardunean, herri kulturaren ondarea berrirakurri eta…».
Gaurko mahaiak
Non dago Lekeitio? galderatik hasi eta gaurko diseinatu dituzten lan mahaien abiapuntua azaltzeko tartea heldu zen. «Komunikatzeko modu asko dago, ez komunikatzeko bezainbat. Komunikatzea zer den eta zergatik maite dugun komunikatzea, edozein dela ere gure egoera, fisikoa, filosofikoa edo kulturala; hori da Hitz ezin / Hitz egin mahaiaren inguruan landuko duguna», esan zuen Bordak, 11:00etatik 13:30era gaur gidatuko duen tailerraz. «Kantari bat, filosofo bat, idazle bat eta itzultzaile bat elkartuko gara mahaian. Hizkuntzak, esperientziak eta jokoak gurutzatuko dira», erantsi zuen. Galdera batekin bukatu zuen: «Hitz eginez, ezinekin ekinez, ez ote gara Lekeitioetarat helduko?».
Lujanbiok, segidan, XXI. mendeko testuinguruan kokatu zuen 15:30etik 18:00etara zuzenduko duen Ze distantzia behar du mirak? mahaia. «Europa ez da lehengoa; ezta Euskal Herria ere. Egoera soziopolitikoa zeharo aldatu da. Kulturaren lekua ere bai. Garaikidetasuna, herri kultura, tradizioa, abangoardia… zer da non zer?». Arte garaikidearen prestigioaz ere mintzatu zen bertsolaria, eta bizirik dagoen herri kultura ere, definizioz, garaikidea dela nabarmendu zuen. «Laboak inor gutxik bezala bat egin zituen herri kantuaren isuria eta forma esperimental berriak. Baina ez da beti hain parez parekoa izaten tradizio deituaren eta abangoardia delakoaren arteko harreman hori». Non egiten dute bat, orduan? Nondik hurreratzen zaio garaikidetasuna herri kulturari, eta zeren bila? Zertarako? Noiz? Ze distantzia behar du mira izateko? Galderok egin zituen Lujanbiok, eta berehala batu zitzaizkion oholtzan lagun zituen besteak, hitzen arrabola berriz jirarazteko: «Zer da orain abangoardia? Nondik heldu dira? Ze soinu dira orain tradizio? Non egiten dute bat? Zer da non garaikide? Zer esaten dute orain hitzek? Nondik datoz eta nora doaz gaurko artebideak?».
Maialen Lujanbio: «Europa ez da lehengoa; ezta Euskal Herria ere. Egoera soziopolitikoa zeharo aldatu da. Kulturaren lekua ere bai. Garaikidetasuna, herri kultura, tradizioa, abangoardia… zer da non zer?»
Erkiziaren txanda etorri zen gero, 18:30etik 21:00etara gidatuko duen Belarriaren amilizuak mahaiaren muina azaltzeko: «Noizean behin gertatu ohi da, ez maizegi, eskala neurtu ezineko plaka tektonikoak balira bezala, hitzek eta hotsek bat egiten dutela, elkarren kontra, elkarrengandik bereizi ezin diren arte. Halako seismoak gertatu ohi direnean, lehen kolpean behintzat, entzuleok deseroso jasotzen ditugu, aditu nahi ez dugun zerbait entzunaraziko baligute bezala». Eta propio nabarmendu zuen: «Belarriek, berez, ez dute tonuz edo konpasez ulertzen, zauriez baizik». Jendearen iritzi ikasiaren kontra, gizakiaren zentzumen primitiboenak komunikazio gaitasunean ez du sinesten, Erkiziaren aburuz: «Zentzumen horrek gaur inkomunikazio edo, zuzenean, zarata deitzen diogun anabasa horretan sinesten du».
Oholtzakoek gurpila dantzan jarri zuten atzera, hiru ahotsetara osatuz azken galdera soka: «Non dago Lekeitio? Non dira Lekeitioak? Nondik da Lekeitio? Nondik dago urrun Lekeitio? Nondik nora Lekeitio? Non daude gure gaurko Lekeitioak? Gernikan ote daude? Non dago Gernika? Gernikara goaz? Non dago Lekeitio? Gernikan geratu ote zaigu? Non dago gure gaurko Gernika, gure gerra? Non daude gure gaurko Gernikak?».
Azken galdera hori egin, eta oholtzatik jaitsi ziren. Laboaren Lekeitioak (Elkar, 1988) diskoko “Gernika”-ren doinuak entzun ziren Tabakalerako patioan. Kanta isiltzean, Lawrence Abu Hamdan soinu artistaren Walled Unwalled (2018) filma proiektatu zuten, gaztelaniazko azpidatziekin. Frederic Jouanlongek Hugo Ballen Karawane dada testuari egindako interpretazioarekin bukatu zen atzoko saioa.
Gaurko saioak, atzokoak bezala, zuzenean ikusi ahalko dira online.tabakalera.eus gunean.