2014.05.25
Poza ematen du. Asteazken buruzuria eta taberna mukuru, jendea barrura sartu ezinda, alerta gorria giroan, ukuilu usaina airean,camacho-ak besapean eta gorputz jario salda aurrealdean —non, bidez batez, nagusiki emakumeak aritu ziren pogoak dantzatzen tradizioz gizonezkook okupatu izan dugun espazioan—. Eta hori guztia kontzertu bat zela kausa. Bada oraindik esperantzarik.
Willis Drummonden berri ez duen bati taldea ezagutarazteko toki idealak dira Hernaniko Goiz-argi tabernaren tankerakoak, irudi luke Fugaziren eskolako beren rock doinu zikinek beste inon baino hobeto funtzionatzen dutela jendea elkar igurztera behartzen duten espazio txikietan, agertokiko anabasa ordenatua publikoan erreproduzitzen denean. Une batez, otu zitzaidan gustura gonbidatuko nukeela hara orain urte batzuk gure auzoko horma zaztar hartatik Willis da bide makarra pintaketa disolbatzailez ezabatu zuen udal langilea, eta, esan gabe doa, hori egin zezan agindu ziona, aurrez aurre bizi zezaten Baionako boskotearen zuzeneko indar basatia.
Laukote zenari Joseba B. Lenoir gitarrista birtuosoa gehitu zaio berriki, eta fitxatu berria aurkezteko hamar eguneko bira egiten ari dira Euskal Herrian zehar. Taldekideen lurrerainoko begi-zuloei erreparatzea besterik ez zegoen ohartzeko errepideko ibilerak zein diren neketsu, nahiz eta birako zazpigarren eguna zela pentsatzeko arrazoi bakar bat ere eman ez agertokian.
Bi disko berrienetako kantuekin gogor hasi zuten emanaldia, Araua, Begi Erreak, Ilegala, Menperatzen dut eta Ez da dudarik hurrenkeran jota. Geldialdi labur baten ondoren, erritmo pausatuko doinu pisutsuagoetara jo zuten, maketako pare bat abesti berreskuratuz. Hirugarren zatian lehertu zen, ordea, lehendik txistuka zebilen presio-eltzea: Ez da izango bortitza izan zen detonatzailea. Ohartzerako harrapatu gintuen akaberak Neil Youngen Rockin’ in the Free World kantatzen. Eta, bozkariozko aparretan, hor gelditu zen galdera, akaso kantu berriak sortu bitartean osoki erantzuten zail izango dena, ea zenbat irabazten duen Willis Drummonden jardun artistikoak Joseba B. Lenoir partaide berriarekin, zuzeneko indarretik harago.
Anartean, sobera ditugu arrazoiak hormak zikintzen jarraitzeko.