Musika

badok

2019.03.06

badok

Larra Bideak proiektu berriaren lehen bideoklipa ikusgai

Iñaki Larraioz musikari nafarraren lehen bakarkako proiektua da Larra Bideak. Berako Atala estudioan zazpi kantuz osaturiko diskoa grabatu du eta martxoaren 14an argitaratuko du. Gaur “Zerua” abestiarekin Arrigurik egindako bideoklipa estreinatu dugu BADOK atarian.

Lehen diskoan Frantzian egindako egonaldi luze batean izandako bizipenak jaso ditu Larraiozek (Larraintzar, Nafarroa, 1986). “Jauzi baten kronika izoztua” da diskoa, “behingoz zerurantz hegaldatzearen eta berriz lurrera erortzearen arteko puntu lauso horretan, esperantzarako zein etsipenerako distantzia berera” kokatu du bere musika Larraiozek, pop, folk eta bluesaren arteko uztartze intimista batean.

Grabazioan Argibel Euba bateria jotzaileak (Aneika Ara, Kepa Junkera…) lagundu dio Larraiozi, zeinak abesteaz gain beste instrumentu guztiak jo dituen: gitarra, baxua, perkusioa, teklatua… Hitzetan berriz, Iñigo Astiz idazle eta kazetariaren laguntza izan du.

Martxoaren 22an bere jaioterrian, Larraintzarren, aurkeztuko du Larraiozek Larra Bideak-en lehen diskoa. Zuzenekoetan, Asier Zudairek lagunduko dio.

Captura de pantalla 2019-03-04 a las 10.51.08

Iñaki Larraioz musikaria (Larraintzar, Nafarroa, 1986).

ETIKETAK:Aneika AraArgibel EubaArriguriAsier ZudaireIñaki LarraiozIñigo AstizKepa JunkeraLarra Bideak