Musika

Josu Larrinaga

2019.02.14

Josu Larrinaga

Lagun desagertuaren minez ernatutako geroa

Oskorri taldea Bilbon sortzen da 1971n eta izena hartzen du egingo duen lehenengo kantetako batetik, garai horretan Euskal Herrian gertatzen ari den etnogenesi kontrakulturalaren programa politikoa era eredugarrian zerrendatzen duen kanta, alegia, baina hemen ezin diogu kontu horri asko erreparatu, izan ere, kanta hori geroago, hirugarren disko luzean grabatuko dute-eta. Gabriel Aresti poetarekin elkarlanean sortzen da Oskorri, haren testua daraman antzerkia prestatzeko, eta taldearen lehenengo fasean olerkariaren itzalak lagunduko du bere ibilbidea.

Gabriel Arestiren oroimenez

Poesia soziala egiten zuen Arestik, euskaraz, eta politikoki ere kokatuta eta markatuta zegoen, eta horrek ekarriko zion berari, eta Oskorriri ere, boikot deiak jasotzea abertzalegoaren zenbait sektoretatik. Baina, gaur egun, oso figura ezaguna eta ezagutua da Aresti, eta Oskorrik ere euskal musikaren esparruan leku zentrala bete izan du hainbat urtetan. Natxo de Felipe izan da beti taldearen liderra, baina Bixente Martinez eta Anton Latxa presente egon dira bere historia osoan, grabazio guztietan behintzat.

Baina orain guri interesatzen zaigu Oskorriren lehenengo etapa, Arestiren letrekin oso konektatuta dagoena, baina, aldi berean, musikalki, euskal pop musikaren esparruan, folk taldea kontzeptuaren agerpena ekartzen duena. Berandu hasten dira grabatzen, zentsurarekin arazoak dituztelako (eta aipatu dugun boikot horrek ere ez zien asko lagundu orduko euskal diskoetxe txikien artean kontaktuak lortzen), eta egiten dutenean Madrilen kokatuta dagoen CBS nazioarteko diskoetxe handia eta ospetsuarekin egiten dute. Pare bat single kaleratu eta gero, lehenengo disko luzea, Gabriel Arestiren oroimenez, 1976an argitaratua, ordurako hil den Arestiren omenez egingo dute; letretan, idazle honen unibertsoa islatuko da.

Baina musikalki Britainia Handitik datorren soinua entzuten da, Pentangle eta horrelako folk taldeen estilokoa, oso berritzailea orduko euskal panoraman: esku-soinuan, gitarra akustikoetan, biolinan edo flautan oinarritutako soinua da, baina Bixente Martinezen gitarra elektrikoak txinpartak ateratzen ditu zenbait momentutan, wah-wah pedalak eta horrelako tramankulu berri-berriak entzun daitezke, “Astoarena” adibidez. Eta baxuak eta Latxaren gitarra akustikoek Dave Holland edo Danny Thompsonen soinuak dakartzate. Haize-tresnak jotzen dituen Polin Gurrea donostiar bilboratua jazza egitetik zetorren eta 80ko hamarkadako lehenengo diskoetan bere saxofoiak horrelako sonoritatea emango dio Oskorriri –gero musika laga eta publizitatearen arloan oso sortzaile ezaguna bilakatu baino lehen–; disko honetan erabat berritzailea den fraseoa ere –eta Martinezen gitarrarekiko elkarrizketa mamitsua– topatu daiteke “Maldizio betikoa” abestian, adibidez: saxofoiak eta gitarra elektrikoak hegan egiten duten bitartean, beste tresnek, Zelaida Biurrunen biolinak nabarmenki, ehundura sendoa osatzen dute, berriro esango dugu, orduko Euskal Herriko produkzioan apenas ezagutzen den sonoritatea lortuz.

Noski, Arestiren kantugintza soziala ere, alde batetik tradizio erruraletik naturaltasun osoz edaten duena baina hirietako langileen arazoak plazaratzen dituena, erabat berritzailea da, testuinguru horretan behintzat. Lirismo handia lortzen dute Arestik eta Oskorrik hainbat gai jorratzean, hala nola itsasoa edo gerra ostean Euskal Herriak bizi izaniko pobrezia eta gosete egoera, orduan oraindik memorian bizi-bizirik zegoena. “Emazurtz jaio nintzen / lurraren erdira / pobreen esperantzak / benetan zer dira? Ama urrikariak / hala zidan erran / esperantza guztiak / hil zirela gerran”, horrela gordin eta gogor hasten da diskoa.

Baina folk musikak, benetan herri-musika izan nahi badu, alaitsua ere behar du izan, dantzarako eta txalorako gogoa piztu, egoera beltzak islatu baina bihotzak altxatu… eta horixe ere ederto egiten du Oskorrik lehenengo disko luze honetan: Elizaz trufatu, gazteria goratu, lanaren zamak arindu eta “gora ta gora beti, ai gora Lapurdi! Euskarak bizi gaitu eta bizi bedi”. “Ai gora Euskadi!” abestu behar omen zuten baina zentsura ekiditeko Bidasoa, Aturri eta Errobi itsasoratzen direneko lurraldeak aipatu omen zituzten; kantua ereserki bilakatu da, euskara eta langileen borroken ospatze inozo bezain eraginkorra, gaur egun arte.

Diskoan entzuten diren lehenengo notak “Eusko Gudariak” ereserkiarenak dira –segituan gerraren hondatzea gogoratzeko–, geroago “eskribitzen badaustazu / badakizu non nagoan” miliziano errepublikanoen kanta bihurritzen dute –“infernu labanagoan / deabruaren ahoan”– unibertso sinboliko berri bat marrazteko: Arestik eta Oskorrik harrotasun mingotsaz iragan gogorrari begiratzen diote baina euren kantuek, musikek eta soinuek gero distiratsua, kontrakulturala, modernoa eta indartsua marrazten dute: zorionez –gero etorriko ziren zoritxarrak minimizatu nahi gabe– profetikoak izan ziren. Eta, horrela, lagun desagertuaren minez egindako diskoa geroaz ernatuta dator. Eta honela dirau.

ETIKETAK:Anton LatxaBixente MartinezGabriel ArestiNatxo de FelipeOskorri