Musika

badok

2021.03.01

badok

Labeguerieren omenezko bertsioak, haren jaiotzaren mendeurrenean

Mixel Labeguerie euskal kantagintza berriaren aitzindaria jaio zela 100 urte beteko dira martxoaren 4an. Berria egunkariak eskatuta, haren kantuen bertsioak plazaratuko dituzte bost musikarik gaurtik ostirala bitartean. Olatz Salvador kantariak egin du lehenengoa, “Gatua pitxitxi” abestiarena.

Gaztea bezain emankorra da Olatz Salvadorren ibilbidea (Donostia, 1990). Skakeitan taldean hamarkada bat darama teklatu eta sintetizadoreetan, eta badira zazpi urte bakarka kontzertuak ematen hasi zela. Bakarkako bide horren emaitza dira Zintzilik (Airaka, 2018) eta orain hilabete aurkeztu zuen Aho uhal (Airaka, 2021). Hamabi kantu berri bildu ditu azkeneko disko horretan, Rozalen eta beste zenbait musikariren laguntzarekin. Musikari elkarteko zuzendaritza taldeko kide ere bada, iaztik.

Mixel Labeguerie euskaltzalea, musikaria eta politikaria izan zen (Uztaritze, Lapurdi, 1921 — Tolosa, Okzitania, 1980). Medikua ikasketaz eta ogibidez, Euskaldun Gazteen Batasuna taldeko kide izan zen 1943tik aitzina, eta euskal kantuak biltzen hasi zen. Antzerkian ere jardun zuen, eta Piarres Larzabalen ezagutza egin zuen —haren hitz batzuk kantu bihurtuko zituen gero—. Euskaltzain urgazle ere izan zen. 1960ko hamarkadaren hasieran —ez da segurua noiz grabatu zituen, 1961 eta 1963 artean—, bi disko ttipi grabatu zituen, launa kantarekin, gitarra soil bat lagun. Asmatutako hitzak zituzten horietako batzuk, baina herri kantak ere baziren tartean. Ez Dok Amairu eta atzetik etorriko ziren musikari eta kantari askorentzat erreferentzia bihurtu zen, euskal kantagintza berriaren aitzindaria, beste inork urratu gabeko bidea ireki zuena. Kanboko alkate eta Parisen diputatu eta senatari ere izan zen. 1963an, Enbata mugimendua sortzen lagundu zuen, baina aurki bazter batera egin zuen, eta Centre Democrate alderdiarekin bat egin zuen.

Mixel Labegerie.

Mixel Labeguerie (1921-1980).

Martxoaren 4an beteko dira ehun urte euskal kantagintza berriaren urratzailea jaio zela, beraz, eta Berria-k erreportaje bat kaleratuko du egun horretan. Bost musikariri eskatu die, gainera, Labeguerieren bertsio bana egiteko. Olatz Salvadorrek, Jurgi Ekizak, Amaia Hiriartek (Habia), Joseba Irazokik eta Pettik grabatu dituzte bertsio horiek, eta aste honetan argitaratuko dira Berria-ren webgunean, egun bakoitzeko bertsio bat, martxoaren 1 eta martxoaren 5 artean. Bilduma horretarako, Labegerieren 1963ko diskoan jasotako “Gatua pitxitxi” kantu ezagunaren bertsioa egitea erabaki du Olatz Salvadorrek.

ETIKETAK:Amaia HiriartBerriaEz Dok AmairuHabiaJoseba IrazokiJurgi EkizaMixel LabeguerieOlatz SalvadorPettiSkakeitan