2022.09.22
Donostiako Balio Dute musika kolektiboak Kutixik jaialdia antolatu du azaroaren 5ean Intxaurrondo kultur etxean (Donostia). Ekimen honen bidez tokiko artistak balioan jarri nahi ditu. Bere web orrian dioenez, “badago eszena. Eta badago sorkuntza. Edo inoiz baino gehiago edo beti bezain beste. Talde mordoa, proposamen berriak, estilo anitzak eta arriskua nonahi”.
Horren isla da Kutixik jaialdirako prestatu duen egitaraua. Sei talde edo bakarlarik hartuko dute parte, oso estilo ezberdinetakoak. Neu Troia Julen Azkona iruindarraren proiektua da. Arketipoak EPa kaleratu du aurten, Balio Dute zigiluarekin, eta hori aurkeztuko du Donostian. Gilda hirukoteak ere aurten argitaratu du lehen diskoa, Egin albora, Balio Duteren babesean ere. Donostiako kolektiboaren hirugarren ordezkaria Mihise izango da. Usurbilgo hirukoteak 2020an atera zuen bere lehen lana, Kronik@, baina dagoeneko disko berria prestatzen ari da.
Lapurditik helduko da laugarren taldea. Lumi bikote elektronikoak Bezperen dirdira lan berri eta goraipatua aurkeztuko du Intxaurrondon. Oso estilo ezberdinean, Joseba B. Lenoir gitarrista nafarrak rock-and-roll doinuez beteko du aretoa. Muare izeneko bikoteak itxiko du egitaraua. Koban taldean ibilitako Eli Beraza eta Maddi Gerrikok osatzen dute eta Kutixik jaialdian eskainiko du bere lehen kontzertua.
Sarrerak dagoeneko salgai daude Donostia Kulturako webgunean.