Musika

Ainize Madariaga

2022.05.26

Ainize Madariaga

Kulturartekotasunaren nota

«Musika bakarrik euskaldunen artean eta euskaldunentzat egin ordez, erdaldunei begira ere egin nahi genuen. Euskal kantu zaharrak birmoldatzen genituen, erdaldunei bereziki banatuz. Zortzi diaspora bezalakoa da, hemengo atzerritarrak lirateke zortzigarren probintzia hori. Euskal kultura ateratzeko eta zabaltzeko munduari», laburtu du Bixente Junca Zortzi taldeko kideak. Hazparneko (Lapurdi) taldeak Deia lehen disko luzea aurkeztuko du gaur, Baionako Luna Negra aretoan, 20:30ean, lehentze jende aitzinean.

Zortzi Bob Edme

Bixente Junca —ezkerrean—, Xanti Legarto —eskuinean—, Thomas Saez baxuan eta Pierre Sangla baterian. (Bob Edme)

Junca eta Xanti Legartok badute hamar urteko ibilbidea eginik. Berez, garai batean, astelehen guziez juntatzen ziren musikari zenbait Baionako elkarte batean. Hola zuten elkar ezagutu bi gitarristek. Euskaldun bakarrak ziren, eta elkar lotu, naturalki.

Hor zebiltzala, ohartu ziren gainerako musikariek ez zutela euskal kultura ezagutzen, konparazione, Ez Dok Amairu mugimendua edota Mikel Laboa. Orduan, gaia aztertu zuten, eta ondorioztatu euskal kantu tradizionalak «biziki ederrak» direla euskaldunendako; erdaldunei, ordea, ezezagunak zaizkiela, eta euskara ezagutu gabe, «aski monotonoak» izan daitezkeela, «aspergarriak» berdin, bizpahiru koplatik harat.

Hala, kantu zaharrak arra-hartzen hasi ziren, haien melodia atxikiz, baina instrumentala aldatuz eta gehituz sarreraren bat, errepikak… Egitura musikala aldatuz, hots. «Ber izpirituan, baina gure musikaltasuna ematen genien», laburtu du Juncak.

Ororen buru, haien helburua honako hau zen: «Erdaldunei ate berri bat irekitzea musikaren aldetik, eta kulturarteko loturak atzematea, kulturak gaindituz. Hemen bizi diren erdaldun horiekiko, zer da euskalduna izatea? Nola egin dezakegu denok bat egiteko eta kultur ekintzan sartzeko? Hori garatzea da ideia».

Hortik sortu zen Zortzi taldea. Duela lau urte, bortz kantuko disko laburra atera zuten, «demostrazio» gisa. Hartan, ordea, egiten zituzten kantu zaharren birmoldaketak erakutsi zituzten. Gitarraz eta ahotsaz gain, bi musikariek badute partekatzen duten bertze zerbait: Landetan sortuak diren euskaldunak baitira. Horrek eragin die beren artista ibilbidean: «Badugu euskal identitatea, baina beti irekidura batekin».

Nota bat gorago
Gaitegian suma daiteke eragin hori: kantuak arra-hartzetik, «logikari jarraituz», beraienak sortzera iragan baita bikotea. Eta preseski, Jojo Bordagaraik idatzi duen “Iturri anitzetarik” kantuak islatzen du haien filosofia: kulturek badutela bertze kulturetatik edan beharra bizitzeko.Horregatik, rock-folk estiloko diskoa, hala definitzen du Juncak: «Euskaldun sentsibilitatea nahasi dugu nazioarteko musikarekin. Adibidez, latino edo afrikar erritmoak entzun daitezke, ez direnak hemen entzuten tradizionalki. Badugu gure originaltasuna».

Diskoari “Deia” kantuak eman dio izenburua, zeina diasporari begirako omenaldia baita, «barneko dei bat». Kontatzen du argentinar gazte baten gurasoak Euskal Herritik abiatu zirela, eta hark haien sorterria ezagutzeko beharra sentitzen duela. «Dei hori sartu dugu kantuan. Gure filosofiarekin bat gehien egiten duen kantua da, hunkigarriena enetzat», azpimarratu du Juncak. Berak ditu kantu guziak idatzi, pare bat salbu. Aita berri denez, gaiaz ere izkiriatu du. “Asmakeria” kantuak, berriz, gai filosofikoa lantzen du: «Bizitza ez ote den enigma bat, gauza anodinoek zentzurik ba ote duten, haurrek duten kuriositatetik ikusiz…». “Joslea” abestiaren bidez, ama guziak omendu nahi dituzte, «itzaletik lan egiten duten guziak».

Legartok idatzi duen kantu bakarra izan da bizi izan duen familia arazo «larri» batez, «arras poetikoki».

Xano Halzueten estudioan grabatu dute diskoa, Urruñan (Lapurdi). Juncak ohartarazi du errealizazioan «kristoren» lana egin duela Halzuetek.

Diskoa Juncak eta Legartok grabatu badute ere, taula gainean zuzenean laukotean aritzeko pentsatuz egina dute, Thomas Saez baxu jolearekin eta Pierre Sangla bateria jolearekin batera: «Gure musika biziki erritmikoa da, horregatik hartu ditugu bateria eta baxua zuzenean jotzeko. Binaka aritzean, asmatzen genuen erritmo hori, baina publikoak ez, eta frustragarria zen». “Iturri anitzetatik” kantua eman du adibide gisa; biziki laket du, rap poxi bat baitu; New Yorketik datorren erritmo ttipi bat, haiek bizi dutena kantuan. Dena den, bikote gisa ere segituko dute lanean.

Hautu garbia egin du taldeak, kode musikal eraginkorren alde: «Plazer hartzeko balio dezatela kantuek». “Pistan ez dago”, rock-blues abestia ere arin eta eraginkor gisa aipatu du. Funtsean, bi hitzetan laburbildu du haiena zertan datzan: «Gure musika eguzkitsua da, beroa. Ez dugu kantu tristerik. Bizia da. Atlantikoaz haragoko amerikar estilokoa, Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk anitz egin duten bezala».

Gaurko aurkezpenaz gain, ekainaren 21ean ikusgai izanen dira Baionan, musikaren bestan.

ETIKETAK:Anje DuhaldeBixente JuncaEz Dok AmairuJojo BordagaraiMikel LaboaMixel DucauPierre SanglaThomas SaezXanti LegartoZortzi